Basilio Lacort, Nafarroa berriaren bila eskumikatua

Basilio Lacort Larralde (1851-1908)
Basilio Lacort Larralde (1851-1908)

Bera (Nafarroa), 1851ko ekainaren 15a. Basilio Lacort Larralde militar eta kazetaria jaio zen. Ama bertakoa zuen; aita Huescakoa zen jaiotzez, eta guardia zibila bizibidez. 14 urte zituela aitaren lanbideari ekin zion eta Elizondon hasi zen lanean. Berehala monarkiaren aurkako konspirazioetan nahastu zen, eta  jarduera horrek kartzela behin baino gehiagotan zapaltzea ekarri zion nerabeari.

1870ean Juana Goñi Lizeagarekin ezkondu zen, eta Amadeo Saboiakoa buru zuen Espainiako gobernu errepublikarrari leial izateko zina eginda,  azken gerra karlistan parte hartu zuen: Dantxarineako zubian, Astigarragan, Allon eta Arellanon borrokatu zen, besteak beste. 25 urterekin, hainbat ohore-domina eta armadako teniente gradua lortuta, Kubako Gerra Txikira bidali zuten, baina gaixotasun bat medio, urtebete eskas eta gero itzuli zen. 1883an Badajozeko altxaldi errepublikazalean parte hartu zuen. Jazarraldiaren porrotak erbestera eramango zuen; Portugalera lehenik, Frantziara gero eta, azkenik, Aljeriara.

1887ko uztailean, amnistia eta, beraz, itzultzeko baimena eskuratuta, Madrila joan zen lehenik, Ruiz Zorrillaren El País egunkarian lan egiteko, eta ondoren Iruñean kokatu zen.

1898. urtean El Porvenir Navarro astekaria sortu zuen. Hasieratik nabarmena zen kleroaren eta karlismoaren aurkako jarrera, baina irakurleek gogo onez hartu zuten nonbait, hasierako 500 aleko argitaraldia bikoiztu behar izan baitzuten berehala. Hurrengo urtean, Iruñeko gotzain Antonio Ruiz-Cabalek agerkaria irakurtzea debekatu zuen, bekatu larria, heresia ia, omen zelako. Urte berean, 1899ko azaroaren 14an, José López Mendoza izendatu zuten hiriko gotzain eta bere aurrekoa baino are zorrotzagoa izan zen Lacorten hedabidearekin. Lacort bera nominatium eskumikatzeaz gain, El Porvenir Navarro idazten, sustatzen, editatzen, saltzen eta irakurtzen zuen orori zabaldu zion eskumikua. Erabaki mundutarrez, aldiz,  Genaro Pérez Moso gobernadore zibila arduratu zen; abenduaren 8an astekaria itxiarazi zuen.

Gobernu Zibilak berehala beste aldizkari bat zabaltzeko baimena eman zion Lacorti, ordea. Mende berriarekin batera abiatu zen La Nueva Navarra astekaria. Eta 1900. urtea amaitzear zela haren arerioa argitaratu zen lehenengoz: Benito Valenciak zuzendutako La Vieja Navarra integrista. Bi hedabideen arteko eztabaida eta liskarrak larritu zirenean, gotzainaren erabakia ez zen batere originala izan: Basilio Lacort bigarrenez eskumikatu zuen.

1908ko uztailaren 5ean hil zen. Diotenez, hilzorian zela López Mendozaren bisita jaso zuen, iraganaz damu zedin eskatuz. Lacortek ezetz esan omen zion.

1931n, lehen udal errepublikarrak  beratarraren izena ipini zion egun San Fermin kalea denari, baina 1936an frankistek, kalearen izena aldatzeaz gain, Lacorten hilobia txikitu zuten.

1970eko hamarkadan Jose Joaquin Arazuri mediku eta historialari iruindarrak hiriko kaleetako 1.168 argazki zahar bildu zituen. Horietako batean Corpus Christiko prozesioa ageri da San Anton kalean, eta apaiza Guztiz Santuaren irudia auto batean sartzen ari da; irudi sakratuak ondo estalita eta babestuta igaro behar baitzuen Basilio Lacort bekatariaren etxe paretik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Otziren tatuaje modernoak

1991n Alpeetan Ötziren gorpua aurkitu zutenetik, egoera oso onean kontserbatutako 5.000 urteko arrastoak ikerketa asko egiteko erabili dituzte. Hasieratik arreta eman zuten azalean zeuzkan 61 tatuajeek. Adituek uste zuten tatuaje horiek azalean ebaki txikiak eginda eta,... [+]


Sabbatai Zevi mesiasaren irakaspenak

Esmirna (Turkia), 1647. Sabbatai Zevi rabinoak (1626-1676) bere burua mesias izendatu zuen. Autoizendatze horrek ez zuen une horretan oihartzunik izan. 1651n Esmirnatik egotzi zuten eta hainbat urtetan Grezian, Trazian, Palestinan eta Egipton ibili zen, noraezean. Baina 1665an... [+]


Euskal Herriaren lehen atlas kartografikoa osatu dute

Ramon Oleagak eta Jose Mari Esparzak egina, 300 mapa dakartza Imago Vasconiae izeneko bildumak eta Interneten ere kontsultagarri dago. Euskal Herriaren historiaren bilakaera irudikatzeko eta "ikerketarako jatorrizko materiala izateko" ezinbesteko tresna sortu dute... [+]


Eguneraketa berriak daude