Otsoa babestu...ala otsoarengandik?

  • Norainoko prezioa ordaindu behar du jendarteak otsoa kontserbatzearen truke? Eta ez kontserbatzeak, zer kalte dakar? Nekazariek kontrol neurriak eskatzen dituzte, abeltzaintza estentsiboari euste aldera. Kontserbazioaren aldekoek, berriz, diote otsoa Euskal Herritik kanpo mantentzea huts handia dela biodibertsitatearen ikuspuntutik. Administrazioak lehenbizikoei egiten die kasu, momentuz.

Euskadiko Otso Taldearen arabera, azken urteetan ugalketa gaitasuna duten otso taldeen %75 desagertu dira Euskal Herritik (lautik hiru). Iturri beraren arabera, 1987-2005 epealdian gutxienez 63 otso izan ziren hilak EAEn, horien %40 legez kanpo, %50 admin
Euskadiko Otso Taldearen arabera, azken urteetan ugalketa gaitasuna duten otso taldeen %75 desagertu dira Euskal Herritik (lautik hiru). Iturri beraren arabera, 1987-2005 epealdian gutxienez 63 otso izan ziren hilak EAEn, horien %40 legez kanpo, %50 administrazioak baimendutako ehizaldietan eta %8 inguru autoek harrapatuta. Quadell-CC By SA

Urtarril amaieran, 24 elkarte ekologista eta naturalistak eskari bat erregistratu zuten Eusko Jaurlaritzan. Mehatxatutako Espezieen EAEko Katalogoan otsoa sartzea eskatzen zuten, Galtzeko Arriskuan daudenen kategorian. Mota horretako ekimen bat jendarte zibileko eragileen eskutik etorri den kasu bakarra da orain arte; normalean, administrazioak berak galdatzen du espezie jakin bat katalogoan sartzeko. Baina EAEko administrazioek ez dute otsoa behar bezala babesteko borondaterik, ingurumenaren aldekoen ustez. Oraingoz, euren eskaria ez da aintzat hartua izan.

Jaurlaritzari helarazitako eskarian, kontserbazioaren aldekoek azpimarratzen dute EAEn ez dagoela egonkortutako otso talderik, eta mendebaldeko erkidegoetatik Euskal Herrira sartzen diren ale apurrek hilkortasun tasa handia jasaten dutela giza jazarpenaren ondorioz.

Egoera berean legokeen beste edozein espezie Mehatxatutako Espezieen Katalogoan egongo litzatekeela uste dute. “Otsoa, aldiz, kanpoan utzi da, Espainiako Estatuan oro har egoera onean dagoelakoan, eta beraz ez diolako axola hemen zer egiten dugun”, dio Jorge Echegarayk, Euskadiko Otso Taldeko kide eta Ingurumen Zientzietan lizentziadunak. “Bitxia da argudio hori ez dela erabili Katalogoan dauden beste espezie batzuen kasuan, ugatzarenean edo sai arrearenean esaterako, Espainiako Estatuan duten egoera otsoarena baino hobea izan arren”.

Ez da erraza eremu jakin bateko otso kopurua zehazki ezagutzea, gizakiengandik ezkutatzeko joera baitute; horregatik, zeharkako metodoak erabili behar dira haien populazioen tamaina kalkulatzeko. EAEko Mehatxatutako Espezieen Katalogoan otsoa sartzeko eskariarekin batera aurkeztutako justifikazio txostenean, arestian aipatutako 24 elkarteek argudiatzen dute gabeziak daudela Iberiar penintsulako ale kopurua ezagutzeko azken hamarkadetan egindako ikerlanetan. Hartara, kopuru hori etengabe hazten ari dela besterik gabe ontzat ematea alde batera lerratzea litzateke. Eta hala balitz ere, naturaren kontserbazioaren aldekoek uste dute argudio horrek ez duela justifikatzen EAEn otsoa babesgabe uztea.

Galdutako eremuak berreskuratzen

“Otsoa izan da, gizakiaren ostean, mundu osoan zabalkunde handiena izan duen ugaztuna”, azaldu digu Jorge Echegarayk, “baina haren aurkako jazarpena izugarria izan da kontinente guztietan”. XIX. mendean, ehiza metodoen hobekuntzak sekulako atzerakada eragin zion espezieari Amerika eta Europan. Gure kontinenteari dagokionez, Errusiarekin muga egiten duten ekialdeko eremuetan aurkitu dezakegu batez ere. Gainerako populazio gehienak Mediterraneo aldeko mendi eremuetan daude: Alpeak, Apeninoak, Balkanak, Pirinioak, Iberiar penintsulako ipar-mendebaldea…

Eremu horietako batzuk orain dela nahiko denbora gutxi birkonkistatu dituzte otsoek. Literatura zientifikoak jasotzen duenez, harrapari handiak galdutako zenbait habitat berreskuratzen ari dira, hainbat arrazoi medio. “Hartu diren neurri legalei egotzi ohi zaie hori”, dio Echegarayk, “baina batzuek uste dugu gizakiak landa-eremutik alde egin izanaren eta ondorioz basoak berrosatu izanaren ondorioa dela”.   

Iberiar penintsulako otso taldeak kasu berezia dira Echegarayren esanetan, “mendeak daramatzatelako beste populazioetatik isolatuta”. Isolamendu horrek hainbat kalte egin die, genetikaren ikuspuntutik besteak beste. Gaiari buruzko azalpen teknikoegietan katramilatu gabe, esan dezagun besterik gabe iberiar otsoek joera dutela Kantauriar mendikatetik ekialderantz, alegia Pirinioetarantz, zabaltzeko, eta lotura hori burutzea ona litzatekeela biodibertsitatearen ikuspuntutik. Haatik, otsoek hesi batekin egin dute topo EAEko mendebaldean. “Hesi hori ez da ekologikoa, soziokulturala eta sozioekonomikoa baizik”, dio Echegarayk.

Abeltzaintza estentsiboak urrun nahi du otsoa

Otsoen eragina, Euskal Herrian, Bizkaia eta Arabako mendebaldeko eskualdeetan baino ez dago. Gaur-gaurkoz, Gorbeia ingurua da iristen diren eremu ekialdeenekoa. Mehatxatutako Espezieen Katalogoa osatzea eta eguneratzea Eusko Jaurlaritzaren zeregina den arren, espezieen kudeaketa aldundiei dagokie. Bai Bizkaian bai Araban, otsoarekiko politikaren ardatzetako bat populazioen kontrol neurriak dira, helburu batekin beti ere: abeltzaintza estentsiboa babestea, eta bereziki artzaintza.

Administrazioaren jarrerak, orobat, bat egiten du lehen sektoreko sindikatuen aldarriekin; nahiz eta sindikatuen ustez kudeaketa hobetu beharra dagoen. Ingurumenarekiko sentiberatasuna duten sindikatuek ere otsoari mugak ezarri behar zaizkiola uste dute. “Guk ez dugu ‘otsoa bai-otsoa ez’ eztabaida sustatu gura”, esan digu EHNE-Bizkaiako kide Alberto Llonak; “uste dugu populazioen kontrola egin behar dela, otsoak kalte egiten diolako guretzat eredugarria den abeltzaintza estentsiboari”.

Populazioen kontrola esatean, noski, otsoak akabatzeaz edota uxatzeaz ari gara. Abeltzaintzak jasandako kalte guztia otsoei egozteak jazarpena ekarri du, eta jazarpen horren ondorioz euskal lurraldeetan zeuden ia otso guztiak desagertu dira, Jorge Echegarayren esanetan.

Otso Taldeko kideak emandako datuen arabera, 1987-2005 epealdian 63 otso akabatu dira EAEn, erdia baizik ez legearen barruko ehizaldietan. Legez kanpo hildakoak %40 dira, eta gainerakoetatik gehienak autoek harrapatu zituzten.

Sindikatuen eskaria: Hego Euskal Herria, otsorik gabeko lurraldea    

EHNE-Bizkaiaren eta beste hainbat nekazari sindikaturen iritziz, otsoak dauden eremuetako administrazioek elkarrekiko koordinazioa hobetu beharko lukete espeziearen kudeaketari dagokionez. Zehazkiago, Iberiar penintsula osorako gestio plan bat diseinatzeko eskatu dute; plan horrek bermatu egingo luke otsoaren kontserbazioa zenbait eskualdetan –europar araudia beteko litzateke, hartara–, eta aldiz, neurriak ezarriko lituzke beste batzuetan otsorik ez sartzea bermatzeko. Otsorik gabeko eremuetako bat Hego Euskal Herri osoa izan beharko litzateke, EHNE-Bizkaiaren ustez. “Izan ere, gaur egun ezinezkoa da otsoaren presentzia eta abeltzaintza estentsiboa bateratzea”, irakur daiteke sindikatuaren jarrera laburbiltzen duen dokumentu batean.   

“Otsoa zabaltzen den heinean sektorearenak egin du”, dio Alberto Llonak, “batez ere ardiekin dabiltzanen kasuan”. Artzaintza estentsiboa larreen aprobetxamenduan oinarritzen da; alde horretatik, garrantzia du eredu horretan gehien erabiltzen den ardi arraza latxa izateak, inguruaren ezaugarrietara primeran egokituta baitago. Eredu intentsibora jotzeak beste arraza batzuk erabiltzera behartzen du, latxa ez baita horretarako aproposa. Esan gabe doa estentsibotik intentsibora aldatzeko presioa arrazoi askorengatik gertatzen dela, eta otsoa horietako bat besterik ez dela, Alberto Llonak aitortu duenez.

Otsoa babestea eskatzen dutenen argudio bat da erasoen ondorioz galtzen den ardi kopurua ez dela oso handia guztizkoarekiko. Jorge Echegarayren esanetan, 360.000 ardi-buru inguru daude EAEn –kilometro koadroko 49–, gehienak Gipuzkoan, otsorik gabeko lurralde bakarrean alegia. Otso Taldea estatistika ofizialetan oinarritzen da inpaktuaren txikia azpimarratzeko: Araban –Bizkaiko datuak lortzea askoz zailagoa da– 2000-2007 epealdian izandako erasoek ardi kopuru osoaren %0,23ri eta ustiategien %2ri baino ez zioten eragin, hildako, zauritutako eta galdutako aleak kontuan hartuta.

Artzainenganako eragina, batez ere kualitatiboa

“Egia da oro har abeltzaintzarekiko inpaktua ez dela handia”, erantzun die Alberto Llonak datuoi, “baina mehatxu hori inguruan daukaten artzainen bizi kalitatea ez da onargarria, kalte ordainak jaso arren; ezin daiteke mendira egunero igo, ardiak hilda egongo diren ala ez jakin barik”. Zenbait lekutan erasoak oso maiz gertatzen direla dio Llonak, ez egunero baina bai astero.

Honenbestez, Araba eta Bizkaiko eskualde batzuetan artzain askok ez dituzte lehen bezain sarri eramaten ardiak mendira. “Horren ondorioak ikusteko daude, ikusiko dugu zelan aldatzen diren paisaia, biodibertsitatea eta abar. Abeltzaintzaren beraren ikuspuntutik ere kaltea dakar esplotazioa menditik herrira jaisteak: kostuak handitzen dira, ardien osasun egoera okertzen da…”.

Arabako Otsoaren Kudeaketa Planean irakur daitekeenez, otsoaren erasoetatik babestu beharrak eragin du artaldeek mendian ematen duten denbora, batez beste, %33 murriztu izana. Iturri beraren arabera, gauero ganadua gorde beharrak larreen aprobetxamendua eskasagoa izatea eragiten du, eta artaldeen zaintzari eskainitako denbora ia hiru bider handiagoa da otsoaren eraso arriskurik ez dagoenean baino. Baldintzak gogortzeak eragin du gazte gutxiago gerturatzea lanbidera.

Nola babesten da hobekien biodibertsitatea?

Bai lehen sektoreko sindikatuek bai administrazioek otsoari Euskal Herrira sartzea galaraztearen alde darabilten argudio bat da abeltzaintza estentsiboak biodibertsitateari mesede egiten diola. Izan ere, abereak larreetatik desagertzeak modu esanguratsuan eraldatuko luke habitat mota hori.

Jorge Echegarayren ustez oso makurra da biodibertsitatearen izenean otsoa Euskal Herritik kanpo mantendu nahi izatea. Lehenik eta behin, makurra delako otsoaren presentziak berez abeltzaintza desagertzea dakarrela esatea. Bigarrenik, ez delako bidezkoa esatea Euskal Herrian ondo kontserbatu diren habitat ugari lehen sektorearen jardunari esker kontserbatu direla. Bestalde, kontuan hartu behar da biodibertsitatea babesteko helburua duen Natura 2000 sare europarraren barruan otsoa dagoela. “Haatik, esaten dute bertoko kontrol neurriek ez dutela eraginik espeziearen kontserbazioan”, kexu da Echegaray; “penintsulako beste toki batzuetan otsoa egoera onean omen dagoenez, ez du axola hemen zer egiten dugun”.

Otsoa da errudun bakarra?

Ezin da segurutzat jo otsoei leporatzen zaizkien ganaduaren aurkako eraso guztiak otsoek egindakoak direnik, Jorge Echegarayren esanetan. Araban eta Burgosen egindako ikerlan batean, bera eta beraren lankideak konturatu ziren otsoarenak bailiran bildutako gorotzen erdia txakurrenak zirela izatez, eta txakurrek ere jaten zituztela ardiak, otsoek baino proportzio handiagoan gainera.

“Gure ikerketa metodoak ezin du argitu txakurrek eurek hil zituzten ardiok edo otsoek utzitako hondakinak jan besterik ez zuten egin, baina literatura zientifikoak erakusten du txakurrek errefusatu ohi dituztela otsoek utzitako haratustelak”, argitu du Ecehegarayk.

Seguru egoteko, beste ikerlan bat egitea proposatu zioten administrazioari: hildako abereen zauriak miatu, erasotzaileen ADN arrastoak atzemateko. “2004an egin genuen proposamena, azterketa genetikoaren gastuak geure gain hartuta gainera, eta erantzunaren zain gaude oraindik”, dio Otso Taldeko kideak. Hala ere, era horretako esperimentu bat Katalunian egin dela adierazi digu. “Han konturatu ziren otsoei leporatutako kalteen %25 baino ez zirela otsoek eragindakoak”. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Biodibertsitatea
"Eskolan ortu xume bat lantzeak testuingurua ematen digu planetan ditugun arazoez aritzeko"

Gasteizko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako baratzeak ikertu ditu Iratz Pou EHUko ikasleak. Zenbat eskolek dute ortua? Nolako erabilera ematen diote, zein helburu eta asmorekin? Probetxu pedagogiko eta didaktikoa ateratzen al diote baratzeari? Pourekin eta Igone Palacios... [+]


2024-04-12 | Hiruka .eus
Itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgetan izan duen eragina aztertu dute

Azken lau hamarkadetan itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgen komunitateetan izan duen eragina aztertu du EHUko ikerketa-talde batek. Bizkaiko kostaldeko eremu batean sakonera-puntu desberdinak ikertu dituzte eta ikusi dute egituratzaileak diren afinitate hotzeko... [+]


2024-04-10 | Estitxu Eizagirre
Lurraren defentsan mobilizazio eguna apirilaren 13an Azpeitian
“Enpresen eskuetan gaude eta politikan ez dago horri galga jarriko dion inor; hori are larriagoa da”

Lurraren defentsan mobilizazio eguna deitu du Euskal Herria Bizirik sareak apirilaren 13an Azpeitian, "lurraldeari eta landa-eremuari eraso egiten dioten makroproiektuekiko arbuio sozial zabala erakusteko". Deitzaileekin bildu gara.


Asfaltozko patioa zuhaitz eta landarez betetako zelai bihurtu dute Lizarrako eskolan

Jolastoki eta ikastetxeko sarrera zen asfaltozko 350 metro koadroak berdegune bihurtu dituzte Haur eta Lehen Hezkuntzako Remontival eskola publikoan, Lizarran. Landaturiko zuhaitz, zuhaixka eta landareek helburu dute, besteak beste, beroa eta hotza hobeto kudeatzea,... [+]


Eguneraketa berriak daude