Frantziako presidenteak hizkuntza gutxituen aldeko Euro-karta berresteko engaiamendua errepikatu berri du, horretarako Frantziako Konstituzioa aldatzeko lege bat iragarriz. Arduradun politiko batzuk poztu badira ere, euskaltzaleen eta oro har lurralde hizkuntzen aldeko herri mugimenduen artean kezka eta zalantzak dira nagusi.
1992an onartu zen Europako Kontseiluko karta hori 1999an izenpetu zuen frantses gobernu sozialistak. Haatik, horren berrespena blokeatu izan zen, Konstituzioaren 2. artikulua argudiatuz: Errepublikako hizkuntza frantsesa da, hots, Errepublikaren batasuna zalantzan ematen zuelakoan. Geroztik, lurralde hizkuntzak defendatzen dituzten herri mugimenduek hamaika mobilizazio eta ekimen bururatu dituzte Euro-karta berretsia izan dadin. Lobby horren presiopean tendentzia guztietako buruzagi politiko gorenak alde agertu dira, sozialistak besteak beste. Konstituzioaren traba gaindiezina ontzat emanez, Euro-kartaren truke hizkuntza lege bat hitzeman dute, Sarkozyk horien artean. Alta, 2015ean, ez bata ez bestea ez dira oraindik gauzatuak. Konstituzio aldaketa prozedura pisua da: Gobernuak Konstituzio lege proiektu bat egin behar du. Nazio Biltzarrak eta Senatuak (eskuinaren esku gaur egun) termino berdinetan bozkatu behar dute. Ondotik bi asanbleak elkarturik, Kongresua bildu behar da eta Konstituzio aldaketa gehiengo kualifikatu batek onartu behar du (5etarik 3). Hauteskunde Presidentzialak izan baino urte eta erdi lehenago oposizioari jarritako zepo itxura du horrek: edo onartzen du eta Hollanden promesen bilana hobetzen du, edo blokeatzen du eta aurpegia zuritzen dio presidenteari.
Zalantzak aparte, kezka ere badago. Alabaina, nehork ez du ahantzi 2014ko urtarrilean, Hollanderen utzikeria ikusirik, diputatu sozialista batzuek Euro-karta berresteko lege proposamena aurkeztu eta gehiengo zabala lortzeko ondoko esaldia bozkatu zutela: “Frantsesaren erabilera zerbitzu publikoa betetzen duten pertsona pribatuei inposatua zaie, baita herritar guztiei administrazio eta zerbitzu publikoekiko harremanetan ere”. 1992tik lurralde hizkuntzen garapenaren kontra Konstituzioaren 2. artikulua etengabe nola erabilia izan den ikusirik, ez da aztia izan behar esaldi hori gure hizkuntza bizitza publikotik baztertzeko baliatua izanen dela aurreikusteko. Euro-karta baldintza horietan izenpeturik, benetako atzerapena litzateke.