Espainiako Gobernuak argi berdea eman zion Garoñako zentral nuklearra berrirekitzeari iragan den maiatzean. Urrats garrantzitsua da zentrala martxan jartzeko bidean, Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak baldintza teknikoak jarriko dituen arren, Nuclenor-ek, zentralaren jabeak alegia, artean, abiatzeko baimen politikoa lortu duelako.
Ia aldi berean, Bordeleko hegoaldean dagoen Sestàs hirian (Cestas, frantsesez) Europako eguzki zentral handienaren erdia eraiki dutela iragarri ziguten. 1.000.000 inguru eguzki zelulaz osaturiko guneak urrian behar du martxan eta Bordeleko biztanleriak kontsumitzen duen elektrizitatea ekoitziko du.
Garoña Euskal Herriko hego-mendebaldean dago, Gasteizetik 40 km-ra. Sestàs, berriz, Baionatik gora, 150 km-ra. Biak ala biak energia elektrikoa ekoizteko badira ere, oso eredu desberdinak islatzen dituzte: Garoñakoak futbol zelai bat okupatzen duen bitartean, Sestàsekoak 350 futbol zelai beteko ditu; Garoñakoak iraupen mugatua eta ondorio erradioaktiboak izango dituen bitartean, Sestàsekoak iraupen mugagabea eta hondakinik gabekoa behar du izan.
Bizitzen ari garen krisiaren irteeran omen gauden honetan, euskal herritarrok badugu nora begiratua: hegoalderantz zentral nuklearra ikusiko dugu eta iparralderantz, eguzki gutxiago izanik, eguzki zentrala. Biak gure eskuetatik at daude, baina garbi dago ekonomia eredu desberdinak ordezkatzen dituztela. Energia lortzeko baliabide klasikoen parametrotan murgilduz, Euskal Herrian aukera gutxi dugu nuklearretik eta karbono dioxidotik ihes egiteko, baina iparraldetik datorkigun ereduak gure herri eta hiritan egin dezakegunaren arrastoa ematen digu. Ez dut uste 350 futbol zelaiko eremua okupatu behar dugunik, baina zergatik ez hasi eraikuntza bakoitzeko teilatuak, adibidez, eguzki energiaren hartzaile bilakatzen?
Ez da urtebetean egin daitekeen prozesua, baina bost edo hamar urteetan gure menpekotasun eta kontzientzia energetikoa goitik behera aldatzeko bidean lagun dezake, hondakinen alorrean gertatzen ari denaren antzera. Izan ere, energiaren metaketaren alorrean gertatzen ari den teknologi aurrerapena bidelagun izan dezakegu; horra hor Tesla enpresa estatubatuarrak asmatutako etxeetako energi biltzaileak edo ia gero eta maizago asmatzen diren materialak eguzki panelen efizientzia hobetzeko.