Etxean bezala Gorbeian

  • Begietatik, biriketatik, sabeletik eta azaletik barneratzen dira lurron berezko xarmak bisitariaren bihotzetan. Zentzumenak gozarazteko bidea, halere, ez da berez egiten. Horretaz jabetuta, Zuiako Kuadrillako artisau, ostalari eta produktoreak ongizatera daraman bideko gidari bihurtu dira, tradizioari eta lurrari hertsiki loturiko eskaintzaren bidez. Eskualdean bira eginez ongizatera bidaiatzea da gaurko ihesbidea.

Lasaitasun bila doanarentzat primerako aukera eskaintzen dute Zuiako Kuadrillako hamaika txokok.
Lasaitasun bila doanarentzat primerako aukera eskaintzen dute Zuiako Kuadrillako hamaika txokok.Zuiako Kuadrilla-Gorbeia

Gizabanakoon egunerokotasuna monotonoa izatetik frenetikoa izatera pasatu den honetan jendeak balazta zapaldu eta berezko erritmoetara bueltatzeko beharra dauka. Hala, ongizateari, ekologiari eta kirolari lotutako turismoaren gorakada ulertzekoa da. Zuiako Kuadrillako herri eta auzoetan pertzepzioak, denborak eta distantziak aldatu egiten dira, eta, bide batez, erritmoak ere bai. Sarri, ihesaldiaren arrakasta, poliki bezain astiro urratsak ematean datza.

Ongizatea abiapuntu

Eskualdean hedatu den ostalaritza eskaintzaren oinarrian bertako produktuak eta bertakoen eskua dago. Jatetxe, sagardotegi, erretegi eta ostatu ugari daude inguruan, eta horien ezaugarri komuna bailaran hazitako barazkiak eta haragia dira.

Horren erakusle da Aramaioko Untzilla auzoko Uxarte Nekazal Turismoa. Bertako Gotzone Larrañagaren hitzetan “familia giroa eta ingurune zoragarria” dira bisitariak erakartzeko amua: “Gosaria eta afaria ematen dugu gure baratzeko elikagaiekin. Ogia, bizkotxoak eta mermelada egiten ditugu. Hemengo gaztagile bati hartzen diogu gazta eta Aramaioko eztia ere eskaintzen diegu Uxartera datozenei. Afaritarako baratzekoez gain bailarako produktuak dira nagusi. Baserri txiki bat ere badugu. Animaliak eta garaian garaiko produktuak hurbiltzen dizkiegu bezeroei eta ondoren jango dituzten jakiak batzen uzten diegu. Ogia lehengo erara egiten dugu etxeko legamiarekin eta egurrezko labean”.

Osasuna bidelagun

Zuiako Kuadrilla hego-mendebalderantz zeharkatuta iritsiko gara Aramaiotik Lukianora, Gorbeiaren magalak inguratuz. Bertan dugu zain Casa Lafuente landetxeko Amada Lafuente. Lehengo baserriko bizitza gaurko herritarren eskura jarri nahi izan dute, ohikoagoa izaten ahal den turismo eskaintzari balio erantsia gehituz: “Familia ondareari bueltan emandako ordaina da Casa Lafuente. Ingurune berde-berde batean dago, basoz eta mendiz inguratuta. Entzun daitekeen soinurik zakarrena zintzarriren bat edo zaunkaren bat da, eta hori bilatzen du hona datorrenak, lasaitasuna, sosegua, baretasuna...”. Osasuna berreskuratzeko helburuarekin gero eta jende gehiago hurbiltzen dela aitortu digu Amadak.

Gozamena helmuga

Elosu, Aramaio, Bitoriano, Lukiano, Ondategi, Maurga eta Murgiako erlezainek ekoizten duten Gorbeiako Eztia ezagutzea merezi duen produktua da, onuraz betea. Murgiako Ezti Museoan jaso daiteke tradizioaren berri. Idiazabal Gaztak hamar bat ekoizle ditu eskualdean. Nafarrate, Inoso, Goiuri, Abornikano, Etxebarri-Ibiña eta San Pedroko baserrietara joan daiteke berau dastatzera, eta Aramaion, Barajuen eta Oletako gaztandegietara. Eskualdeko ogi, euskal pastel, turroi eta bestelakoak ere aipatzekoak dira, bereziki Aramaioko Euzki okindegia eta Murgiako Echebarria, Gopegiko Artzegi, Izarrako Urtaran edo Zarateko Blanca Antoñanarenak.

Garagardo naturala ere ekoizten da kuadrillan. Baias du izena eta Gorbeiako mendigunean sortzen den Baias errekako urarekin egiten da, Urkabustaizko mikrogaragardotegi batean. Aramaioko bailarako sagarrondoetako emariarekin, aldiz, sagardo eta sagar zuku naturala egiten dute beste produktore batzuek.

Begoña Fresnedak eta Jon Zuazok, Nafarrateko Gaztaren arduradunek, egurrezko eta lore lehorrezko eskulanak ere egiten dituzte; zinkezko platerak, pitxarrak, lorontziak... Kremak ere bai. Nuria Conesa (Nuna) Artisautza Sari Nazionala jasotakoa da. Domaikiako lantegitik mundu osora esportatzen ditu feltroarekin eta latxa ardien artilearekin eskuz egindako pieza berritzaile eta apartak. Loor Artisautza, Aramaioko bailaran inspiratzen da eta larrua eta makramea lantzen ditu.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude