SOS kometa

  • Jon Bilbao: Kometaren eraginpean 

    Txalaparta, 2014

    Itzulpena: Katixa Agirre

2010ean publikatu zen Bajo el influjo del cometa Jon Bilbaoren ipuin liburua, eta lau urte geroago Kometaren eraginpean (2014, Txalaparta) izenarekin heldu da euskal literaturara.

Jatorrizko edizioak laudorioak jaso ditu idazleak darabilen estilo zorrotz zein zuzenagatik, eta beti erraza ez den gai baten trataeran erakusten duen, diotenez, maisutasunagatik. 

Zortzi ipuinetarik azkenak, kometa baten igarotzeak herrialde oso bat argirik gabe utzi duela kontatzen du. Ilunaldiaz baliatuz, ohiko egoera batean pertsonaiek egingo ez luketenaz dihardu. Ipuin honek tesi nagusia biltzen duelakoan, liburu osoari izena emateko ohorea eskaini zaio: kometa baten menpe egon beharra dugu gure barnean egosten diren sentimendu ilun-ezkutuak azaleratzeko? 

Kometaren metafora geniala iruditzen zait, ohiz kanpoko gertakizunen zain noraezean dabilen gizakiaren irudiaz mintzatzeko. Zenbait egoerari aurre egiteko gure kabuz kemenik ez dugulako –aurreiritzi sozialak direla eta, berekoikeriagatik edota beldur inkontzienteengatik– gugandik kanpo baldintza aproposak noiz emango diren zain gelditzen gara. “Seinaleei garrantzia ematen dien horietakoa naiz” (71. orrialdean) esango du Garaipen ez osoa ipuineko pertsonaiak, bere bikotekidearekiko maitasuna agortua dela onartu (nahi?) ezinean dabilela. 

Narrazio gehienak al dente puntuan idatzita daude. Estilo zorrotzean eta hitzak ongi neurtuta, bai, baina irakurketan aurrera egitea eragozten duen erresistentzia kutsu bat eransten zaio, gehiegizko abstrakzioa.

Deskribatzen diren egoerak egunerokotasunean txertaturik dauden arren, beti izango dugu harekiko haustura dakarren ezohiko elementua, pertsonaien alderdi gaitzesgarrienak askatzeko motor gisa funtzionatzen duena. Nahita baliaturiko ispiluaren teknika honek, pertsonaiak introspekzio ariketan ezarriko ditu.

Kometaren eraginpean arina izatetik urrun dago. Kontakizun gehienek irakurketa arretatsua eskatzen dute adierazi eta adierazlearen arteko lotura ezinbestekoa egin ahal izateko. Burua fresko edukitzea gomendatzen dizuet ariketa mental honetan murgiltzeko.
 


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude