Otokichi, lehen turista japoniarra

XIX. mende hasierako merkataritza ontzi japoniarra. Otokichi (1818-1867) antzeko ontzi batean iritsi zen nahi gabe Ipar Amerikara.
XIX. mende hasierako merkataritza ontzi japoniarra. Otokichi (1818-1867) antzeko ontzi batean iritsi zen nahi gabe Ipar Amerikara.

Japonia, 1832. Tokugawa shogunerriko lege drakoniarren arabera, japoniarrek ezin zuten herrialdetik irten eta delitua heriotzaz zigortzen zen. Otokichik 14 urte zituen eta arroza eta portzelana garraiatzeko Nagoya eta Edo arteko itsasbidea egiten zuen hamabost metroko belaontziko ontzi-mutila zen. Ekaitz gogor baten ondorioz, ordea, ontzia jitoan galdu zen Ozeano Barean. Arroz kargak zer jana eman zien luzaroan, baina eskorbutoak gogor eraso zion eskifaiari eta hilabete gutxian, Iwakichi, Kyukichi eta Otokichi bera ez beste guztiak hil ziren.

Urtebete pasatxo galduta ibili ondoren, egungo AEB eta Kanada arteko mugara, Oregongo kostaldera, iritsi ziren. Makah tribukoek ez zieten harrera ona egin, baina indiarrek gatibu hartutako bisitari exotikoen berri berehala iritsi zitzaion McLoughlin kapitain ingelesari. Mendebaldekook asiarrak bereizteko daukagun gaitasunik eza ez da berria, eta kapitainak txinatartzat jo zituen hiru gatibuak. Ingalaterra Asiako erraldoiarekin merkataritza harremanetan hasia zen, eta militarrak pentsatu zuen hirukoteari etekina atera zekiokeela. Japoniarrak askatu eta Vancouverrera eraman zituen lehenik. Hango erretoreak ingelesa irakatsi zien eta 1834an prest zeuden metropolira joateko. Berriro ere Ozeano Barea zeharkatu zuten: Hawaiitik igaro, ia Antarktikaraino iritsi eta, zazpi hilabeteren buruan, Londresera iritsi ziren. Baina gobernuak beste lehentasun batzuk zituen, eta garai hartan munduko metropoli nagusia zenean turismo pixka bat egin ondoren, hiru marinelek berriro itsasoratu behar izan zuten.

Macaora iritsi ziren. Otokichik txinera ikasi zuen han, eta 1937an Morrison ontzi estatubatuarrean sorterrira itzultzeko aukera sortu zitzaien. Baina Japoniako lege isolatzaileak indarrean zeuden oraindik eta ontzia kanoikadaz hartu zuten porturen batean aingurak botatzen ahalegindu ziren aldioro. Iwakichi eta Kyukichiren arrastoa hor galdu zen, baina Otokichik bidaiatzen jarraitu zuen, merkataritza-ontzi ingelesetan itzultzaile lanak eginez.

1854ko urrian Ingalaterrak eta Japoniak adiskidetasun ituna sinatu zuten; negoziaketetan Otokichik jardun zuen itzultzaile. Japoniako Gobernuak ordurako pilatuta zeuzkan heriotza zigor guztiak barkatu zizkion eta uhartean geratzeko baimena eman zion. Baina John Matthew Ottosonek –izena ingelestuta zeukan ordurako– eskaintzari uko egin zion.

1867an hil zen Singapurren, shogunerria ezeztatu zen urte berean. Mende luzez bakartuta egon ondoren, Japonia mundura zabaldu zen handik aurrera, urte batzuk lehenago Otokichik nahi gabe egin bezala.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Otziren tatuaje modernoak

1991n Alpeetan Ötziren gorpua aurkitu zutenetik, egoera oso onean kontserbatutako 5.000 urteko arrastoak ikerketa asko egiteko erabili dituzte. Hasieratik arreta eman zuten azalean zeuzkan 61 tatuajeek. Adituek uste zuten tatuaje horiek azalean ebaki txikiak eginda eta,... [+]


Sabbatai Zevi mesiasaren irakaspenak

Esmirna (Turkia), 1647. Sabbatai Zevi rabinoak (1626-1676) bere burua mesias izendatu zuen. Autoizendatze horrek ez zuen une horretan oihartzunik izan. 1651n Esmirnatik egotzi zuten eta hainbat urtetan Grezian, Trazian, Palestinan eta Egipton ibili zen, noraezean. Baina 1665an... [+]


Euskal Herriaren lehen atlas kartografikoa osatu dute

Ramon Oleagak eta Jose Mari Esparzak egina, 300 mapa dakartza Imago Vasconiae izeneko bildumak eta Interneten ere kontsultagarri dago. Euskal Herriaren historiaren bilakaera irudikatzeko eta "ikerketarako jatorrizko materiala izateko" ezinbesteko tresna sortu dute... [+]


Eguneraketa berriak daude