argia.eus
INPRIMATU
Marotori jarriak
Ander Solozabal Kortabarria 2015eko ekainaren 11

Doinua: Anje Duhalderen "Gure zortea"

Xenofobiaz zabaldu diren
irain, mezu ta gorroto
guztiaz Gasteiz zikindu duzu,
trukean milaka boto.
Fonetikoki antzeko dira
lau hitz hauek, bi hitz joko:
arabarrak ta arabiarrak,
Maroko eta Maroto.

Udal kanpaina eta txanpaina
bukaturik, zer egin den?
Populismoak, ustelkeriak,
sortu arazo askoren
errua txiro eta atzerritar
batzuena omen hemen
zuk eta zure lagun doilorrek
ohosten jarrai dezazuen.

Hizkuntz, bizipen, ohitura, soinu
eta jakintza ugari,
ezagutu dut bazter hauetan
ta adierazi nahi dut argi:
Bizilaguna txikituz soilik
senti daitekeena handi
sekula ere ez da izango
hiriaren ordezkari.