Historiarekin ezkutaketan

  • Ezkontiderik bako ezkontzak, Rubensen tapizak, lurretik hamar zentimetro eskasera dauden kapitelak, horman tatuaturiko planoak... Ez dira gutxi hizki larriz jasotako historiaren zirrikituetan kiribiltzen diren ezkutuko pasadizoak. Hondarribiko alde zaharretik atera gabe, historia liburuetan hizki larriz eta ttipiz idatzitako istorio franko dago xokorik xoko, nork deskubrituko zain. Ez zara iraganak ustekabean harrapatuko duen lehena, eta ez zara azkena izango.

Arma Plazako Turismo Paradorea
Arma Plazako Turismo ParadoreaAitor Kaltzakorta

Bidasoa ibaiak kizkurtzen duen Txingudiko badiaren edertasuna, Jaizkibelen magaletako baso eta labar sakonak, Portuko ostatuen sukaldaritza “tradizional eta postmodernoa”... Erreklamo ugari ditu Hondarribiak.

Lerrootan, alabaina, ohiko ihesaldiak saihestu eta hiribildua izan zenaren harresien barnean gotortuko gara Koldo Ortega historialariarekin batera. Egun buru-belarri ari da Jasokunde eta Sagarrondoko Ama Birjinaren Elizako dorrearen, kanpaien eta ordularien berreskurapen lanetan, baina tarte bat atera du bistara egon arren hain agerikoak ez diren Hondarribiaren sekretuez gurekin jarduteko.

Harrizko testigantza

Zumarditik hasiko dugu alde zaharraren abordatzea. Galtzada-harrizko zolak erromanikotik gotikora eta barrokotik berpizkundera eramango gaitu, Kale Nagusian gora. Lehen geldialdia Santa Maria atean egitea dagokigu. Hiribilduak zituen bi sarrera nagusietako bat da. Garai batean zubi altxagarria izan zuen arren, egun arkua baino ez da geratzen. Gainean 1694ko hiriko armarria du.

Berau pasatuta ezkerrean utziko dugu “Margolarien txokoa”. Eraikin historikoz inguratuta egonda ere mende erdira justu-justu iristen den kale kantoiak bisitarien flash ugari bereganatzen ditu. Handik gora goazela ezkerraldean geratuko zaizkigu Udaletxea eta Zuloaga etxea. “XVIII. mendeko arkitektura zibil barrokoaren adierazle”, diosku Ortegak. Bien artean dago, hamargarren zenbakian, Fernando Artola Bordari olerkari eta idazlea sortzen ikusi zuen etxea”.

Parean, Pampinot Hotela edo Casadevantearren XVII. mendeko jauregi itxurosoa. Diotenez, bertan negoziatu zuten 1638ko setioko suetena. Eliza pasatuta iritsiko gara alde zaharreko muinoan den Arma Plazara.

Eguzki Erregea Hondarribian

Francisco de Iberok diseinatutako tenplua gotiko estilokoa da eta harresiaren arrastoen gainean eraikita dago. Kanpandorre atzeko horman elizaren planoaren aztarnak daude, Iberok berak harrian zizelkatu zituenak. Langileek beti begien aurrean izan zezaten jarri zuen bertan eta gaurdaino iraun du erdi-ezkutuan bezain “erdi-agerian”. Hortxe, dorrearekin izkina egiten eta lurretik zentimetro gutxira, zutabe baten buruan beharko lukeen kapitel bat dago, horman integratuta. Ez da elizaren bueltan den kondaira bakarra. Beste baterako utziko dugu, eraikinaren oinarrian diamantedun eraztun bat dagoela esaten duena.

Kontrako horman, aldiz, eliza Karlos V.aren gazteluarekin lotzen duen ataria dago. Bertan hormatuta, Eguzki Erregea handik pasatzeko eraiki zen atea. Frantziako eta Espainiako monarkien ordezkariek Pirinioetako Hitzarmena (Pirinioetako Bakea) sinatu zuten 1659an, Ortegak azaldu digunez. “Hitzarmen horrek Luis XIV.aren eta Filipe IV.aren alaba Maria Teresaren arteko ezkontza ere aurreikusten zuen. 1660an ezkondu ei ziren Hondarribian, baina jakin badakigu Eguzki Erregeak ez zuela zapaldu” haitz gibeleko hiria.

Rubensen tapizak

Barrokoko margolari entzutetsuenen artean dagoen Peter Paul Rubens Hondarribian dago egun. Ez bera, noski, bere obra baizik. “Lau tapiz bilduma egin zituen Rubensek bere bizitza osoan zehar eta horietatik bat” Arma Plazako paradorean –Karlos V.aren gazteluan– dago ikusgai, baina ez guztiz osorik. Bilduma osatzen duten zortzi piezetatik bi galduta omen daude.

Egungo eraikina Nafarroako Errege Antso Abarkak X. mende bukaera aldera eginarazi zuen gazteluaren gainean eraikita dago. “Kafetegian ikusten diren horma zaharrak dira aurrekoaren aztarnak”, Ortegaren hitzetan. 1968tik, “eskuz esku ibili ostean”, Turismo Paradorea da.

Oraindik deskubritzeke

Alde zaharretik ateratzeke, Kale Nagusitik San Nikolas kalea hartuta iritsiko gara San Nikolas atera, eta Leiba Jeneralaren eta Etxenagusia Margolariaren kaleak zeharkatuta helduko gara berriro abiapuntura. Halarik ere, bidean topatu dugun sekretu andana –zinez andana– utzi dugu zuen begietara agertzeke, gure lekukoa nork hartuko eta istorio hauen lekuko nor bilakatuko esperoan.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude