Ezkertiar estetikaz mobilizatzen da eskuina orain

  • Betiko familiaren aldeko manifestazioek Frantziako Estatuan irudikatu dute halako 68ko Maiatz kontserbadore bat. Uhinak sustraiak eduki ditzake globalizazioak herritar askorengan eragin duen panikoan eta azken urteotan kristau katolikoen artean indartu diren talde karismatikoetan. Ezkerrari ostu dizkiote hizkera eta kalearen monopolioa.

Radioespace gunetik hartutako argazkian La Manif Pour Tous mugimenduak Parisen antolatutako manifestazio bateko irudia. “Haur guztiak sortzen dira libre eta eskubidez berdin” dio gazteek daramaten pankartak. Eta hizki txikiagoetan: “Haurra = Aita 1 + Ama 1”. Bikote homosexualei ezkontzea eta haurrak edukitzea galarazi dakien eskatzen du leloak. Frantziako gobernu sozialistak 2013an bi eskubideok homosexualei onartzen dizkien legea ezarri ostean ugaritu ziren mobilizazio handiak Parisen eta Hexagonoko hiri nagusietan, Europako beste herrialdeetara ere zabalduz. Betiko familia tradizionalaren defentsa eta generoaren teoria eskoletan sartzearen kontrako erreakzioa izan dira mugimendu kontserbadore berriaren goiburuak. Globalizazioak eragindako aldaketa izugarriek jende askoren artean paniko morala zabaldu dute, balio tradizionaletara itzultzeko joera handituz.

68ko maiatz kontserbadorea   historiako liburuek irudiztatuko dute La Manif Pour Tous (Denendako manifa) mugimenduaren argazkiren batekin: 2012-2014, aspaldiko partez, milaka herritar karriketan mobilizaturik balio tradizionalen alde. Frantziako Estatuan kontrairaultza kontserbadorea aldarrikatzen duten indarrak elkartu eta kalea mobilizatzeko behar zuten porlana bikote homosexualen ezkontzaren legearen kontrako erreakzioetan aurkitu dute.

Berrikitan bi liburuk aztertu dute fenomenoa. Gaël Brustier zientzia politikoetan doktoreak Le mai 68 conservateur. Que restera-t-il de la Manif pour tous? plazaratu du. Danielle Tartakowsky historialariak Les droites et la rue. Histoire d’une ambivalence, de 1880 à nos jours. Louise Déjeansek laburbildu ditu La Vie des Idées gunean.

La Manif Pour Tous izan da Brustierren hitzetan “kulturazko hegemonia lortzeko borroka”. Azkenean, homosexualen ezkontzaren kontrako oposizioak arrazoibide askoz zabalago bati koherentzia ideologikoa eman dio.

Jendearen erreakzioaren sustraian dago soziologo anglo-saxoiek aipatzen duten paniko morala: gizartearen balioetan eta bizimoduetan gertatu diren aldaketa sakonen ondorioz zabaldu den ezinegon orokortua. Frantziako Estatuari dagokionez,  mundializazioak eta Europa politikoaren eraikuntzak, nazio-estatua ahulduz, herritar kontserbadoreen egunerokotasuna eta sinbologia desestabilizatu dituzte.

Mobilizazioetako parte-hartzaileen artean proportzioan asko dira katolikoak, ikasketadunak, hiritarrak, klase ertainekoak edo aberatsak. Mugitzeko beharra sentitu dute gizartearen baitan indarra galtzen ari direlakoan. Ezinegona irakiten hasi da Nicolas Sarkozy hondoratuta gobernuan sozialistak sartzean.

Baina mugimenduok ezin dira ulertu eliza katolikoan 1960tik egosten aritu diren mugimendu kontserbadore berriak kontutan eduki gabe. Gizartearen sekularizazioaren kontra ugaritu dira korronte espiritualista karismatikoak. Joan Paulo II.ak (Karol Wojtyla) joko handia eman zien karismatikoei, ordura arte kristau aurrerazaleen eta tradizionalisten arteko liskarrak gainditzeko balio zutelakoan.

Homosexualen ezkontzarekin kaleak berotu baino askoz lehenago ari ziren karismatikoak lanean bioetika eta sexualitateari buruzko eztabaidetan. Eskuineko beste mugimendu tradizionalekin elkarlanean, betiko ideia kontserbadoreak hizkera eta tonu modernoagoz aurkeztea lortu zuten, mobilizazioetara militante eta aldeko gazte berriak erakarriz.
Benito XVI.aren (Joseph Ratzinger) aginte garaian ordura arte bazterturik egondako katoliko tradizionalistak hurbildu ziren mugimen- dura. Baita 2000.etik nortasun frantsesa ozen aldarrikatzen duen Bloc Identitaire talde ultraeskuindarrekoak ere.

Eskuineko ekologistak

Ecologie humaine zigilupean, diote bi ikerlariok, ideia kontrairaultzaile eta antiliberalak defenditzen dituzten jendeak aurkitu daitezke ingurumenaren aldeko mobilizazioetan, ekologia lotuz eutanasiaren eta abortuaren kontra egotearekin.

Ekologistengana hurbildu diren kristau tradizionalistez erreportaje adierazgarria egina du Martin Bresisek Basta! magazinean: “L’’«écologie humaine», nouvel avatar de la droite conservatrice et catholique pour promouvoir ses valeurs morales”. Moral kontserbadorea eta bioaniztasuna nola uztartzen dituzten ulertzeko balio du.

Ekologia humanoaren nozioak eman omen dio koherentzia La Manif Pour Tous mobilizazioari. Eta horretan garrantzia handia izan du generoaren teoriaren inguruko eztabaidak, ezkontzaren inguruko polemika erlijioaren arlo estutik atera eta kultur identitatera eta gizarte eredu osora zabalduz.

Genero nortasunaren inguruko solasak gune oso berezituetara mugatzen diren arren oraindik leku gehienetan, Frantziako estatuan 2012tik eztabaida publikoan sartzera iritsi dira. Konparazio bat egiteko, Donostian etxebizitza hutsen gaineko zergaren kontrako egonezinak eragin badu urteotan Kontxako hondartzan egunero grabaturik azaltzea “Ez IBI150 No” leloa, 2014eko udan Bretainiako Brest inguruan autopistan baziren pankartak “Non au genre” esaldiarekin. Generoaren teoriari ez.    

Tartakowskyk historian kokatu ditu Frantziak hiru urteotan ezagutu dituen mobilizazioak. Kalea ez baitute berdin erabili eskuinak eta ezkerrak.

1930eko hamarkadatik 1970ekora manifestazioak nagusiki ezkerraren kontua izan dira, eskuina kalea mobilizatzeko uzkurrago zen.  Ezkerrak bazuen halako estilo bat karrikak astintzeko. Ezkerraren manifestazioak kokatzen ziren memoria kolektibo eta aurrerazale batean, aurreko mobilizazioen oroimenarekin lotuz. Aldiz, Tartakowskyrentzako,  eskuin antolatuak historian txertatu gabeak ziren, aldi bakoitzean une hartako beharrari erantzuteko.

Baina 1980tik aurrera ezkerreko eta eskuineko mobilizazioek elkarren gero eta antza handiagoa hartu zuten. Eta La Manif Pour Tousen antolatzaileek espreski ezkerreko ikonografia berenganatu zuten, banderolak direla, girotzeko musika, eszenografia... Mugimendu sozial aldarrikatzaile eta moderno baten tonua eman zioten, kaleko liskar erradikal eta kontrolik gabekoen itxura ezkorretatik ondo urruntzea lortuz.

Dio Tartakowskyk gaur egun manifestazioak oro, izan eskuineko edo ezkerreko, defentsiboak direla eta ez dutela historia kolektiboa gogoratzen. Mugimenduen historiarekiko urruntzea ulertzeko kontutan hartu behar da indibidualizazioa gaur fenomeno globala dela.

Ezkerraren kasuan, 1995etik hona antolatu dituen mobilizazio ia guztiak sindikalak izan dira eta helburu nagusitzat zeukaten eraisten ari diren ongizate estatua defenditzea. Katolikoek ere beti izan dute kalea okupatzeko joera, erlijiozko erritoengatik dudarik gabe (prozesio, erromesaldi...) baina baita hezkuntza sistemaren inguruan ere.

Azken urteotan, ordea, mugimendua antolatu dute gizartea osorik ukitzen duten gaien inguruan: generoa, giza gorputza, gizakia. “Katolikoak –dio Tartakowskyk– modu berrietan antolaturik asmatu dute ezkerraren manifestazio jendetsuen kodeen jabe egiten, eta hori bururaino eraman dute mobilizazioarentzako ‘manif’ hitza berenganatuta. C’était une splendide OPA”.

OPA euskaraz da EEP: Erosteko Eskaintza Publikoa, burtsako operazio bat, non sozietate batek beste baten kontrola hartu nahi duen. Eskuinaren EEPa ezkerrari.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frantzia
Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


Urtebeteko eta bi urteko espetxe zigorrak eskatu ditu prokuradoreak Molle eta Etcheverry bakegileentzat

Espetxe zigor arinak eskatu ditu Frantziako fiskaltzak Parisen epaitzen ari diren Jean Noel Txetx Etcheverry eta Beatrice Mollerentzat, ETAren helburuen arabera jardutea egotzita. Hala, zigor horiekin bakegileek ez lukete espetxera joan beharko. Maiatzaren 16an emango dute... [+]


Epaiketa
Parisek armagabetze prozesuan "kooperatu" zuela argitu du Fekl Barne ministro ohiak

ETAren armagabetzea bideratzeko, bakegileekin lankidetzan aritu ziren Frantziako autoritateak. Hala adierazi du Matthias Fekl Barne ministro ohiak asteartean, Parisko Zigor Auzitegiko 16. ganberan, Beatrice Molle-Haran eta Jean-Noël Txetx Etcheverry-ren aurka egiten ari... [+]


Elkarretaratzera eginen dute Baionan, Frantziako Ekonomia eta Etxebizitza ministroen bisitaren kari

Guillaume Kasbarian Etxebizitza ministroa eta Bruno Le Maire Ekonomia eta Finantza ministroa Baionan egonen dira ostiral honetan. Etxebizitza eskubidearen aldeko elkarretaratzera deitu du Herrian Bizi plataformak.


Eguneraketa berriak daude