Askatasuna, pluraltasuna, garapena

MINA egitera joan ziren eta horrekin euskal hedabideen komunitatea mindu zuten, hor da koska; medio batean edo bestean idatzitakoa balitz, iritzi askatasunaren esparrukoa litzateke eta kito.

Kazetari, kultura eta politika munduko jende askoren erreakzioa azkarra izan zen Arrasaten Goienako egoitzan hedabidea EAJrekin parekatzen zuten pintadak agertu zirenean. Egiazkoak ez izateaz gain, bere lana kazetaritzatik  eta zintzotasunetik egiten duen medioa da Goiena. Horregatik du debagoiendarren hain sostengu zabala, eta euskal hedabideen artean horren onarpen sendoa, Euskal Herriko tokiko hedabideen sehaska izateaz gain, asmatu duelako bailara honek behar zuen komunikazio proiektua garatzen.

Era askotakoak eta pluralak dira euskarazko hedabideak, eta esparrua pluralagoa balitz are eta hobeto, euskararen eta hedabideon bizi-indarra bestelakoa bailitzateke abertzaletasunetik harago ere indartsu balira. Zabalik edo Aldaketa 16 bultzatu zutenak, esaterako, proiektu haietan koska guztien gainetik tematu izan balira, gure sektorea indartsuagoa litzateke egun. Dirurik bederen ez zitzaien falta haiek bideratu zituzten enpresa mundu eta esparru soziologikoei. Zer falta zitzaien orduan?

Kontua da bide hori ez dela diruz bakarrik egiten, hori baino garrantzitsuagoa dela norbere munduaren berri emateko gogoa eta engaiamendua. Euskarazko hedabideetan badira ezkerreragoko joera dutenak, edo egungo gizartearekiko joera eraldatzaileagoa agertzen dutenak; beste batzuentzat ez da hori hain garrantzitsua; tokikoetan badira informazioa “kutsu gabe” islatzen dutenak; eta publikoetan, agintzen duenaren eskua nabari ohi da.

HAUTESKUNDEETAKO adibide batek balio dezake gure mundurako ere. Gipuzkoan EH Bilduk asko galdu eta EAJk asko irabazi izanak berriz jarri du mahai gainean eztabaida zaharra: nola eragiten da gizartean? Gizartea jarraituz azpimarratzen du EAJk; gizartean aldaketa saiatuz EH Bilduk.

Konplexua da gizartearekin, atzetik, parean edo aurretik egin beharrekoaren hausnarketa, baina euskarara etorrita, gizartea jarraitzeak hizkuntza desagerpenera eramango luke. Hau da, ez dira egun dauden euskarazko hedabideak esan behar dutenak PPko De Guindos eta Wert ministroak zein ondo aritu diren; haiek sortu behar dute hori dioen euskarazko hedabidea. Pluraltasuna hala egiten da.

Atzera edo aurrera eginez,  gizartea faktore askorengatik aldatzen da, ekonomikoak, sozialak, politikoak… eta hor, komunikabideak aldaketa horietako kate-begi bat gehiago dira, gizartean diren adierazpide eta indar oreken ispilu eta akuilu aldi berean. Argiaren ia mende bateko bizitza aztertzen duenak, adibidez, parekotasun eta desberdintasun asko ikusiko ditu  medio beraren ibilbide luzean.

Euskaldunok beharrezkoa dugu boteretik bultzatutako euskarazko komunikazio zutabe sendoa. Gizartean baldin badu sustrairik garatuko da. EITB izan daiteke horren erakusle, baina honek, azken 35 urteetan izan duen garapena izan du, handia bere sorreratik, baina konpara ezina denbora berean gizarte ekimenetik garatu den zutabearen aberastasunarekin. Gizartetik sortu dira eta sostengu instituzionalak lagundu ditu. Hor da klabea, hor da aberastasuna eta hor etorkizuneko euskal komunikazio esparruaren garapena: zutabe publikoa eta herri ekimeneko zutabea, biak garrantzitsu eta biak ezinbesteko, baina duen aberastasuna eta erakusten duen garapen indarragatik, herri ekimenekoa gehiago zaindu eta babestu beharrekoa, bai diruz, bai haien askatasuna errespetatuz. Honek balio du gobernuentzat, alderdientzat edo herritarrentzat.
 
HORREGATIK iaz baino kontu handiagorekin ibili beharko litzateke diru-laguntzen inguruan. Alde horretatik garrantzitsua eta klabea da instituzioek –gertatzen ari den moduan– bidea euskal hedabideen sektorearekin batera egitea eta honek dioena kontuan hartzea.

Herri ekimeneko hedabideen ekosistema aberastuz doa oro har kontsumitzaile gehiago erakartzeko gai delako, eta horregatik behar ditu dezente baliabide gehiago ere, esparru honek ziklo historiko batean edo bestean dituen ezaugarrien eta gobernuen kolorearen gainetik. Garrantzitsua euskarazko komunikazio esparrua bada behintzat.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskarazko hedabideak
2024-03-04 | ARGIA
Hekimenek konpromisoak eskatu dizkie erakunde publikoei euskarazko hedabideak garai berrietara egokitzeko

Datozen eraldaketa sakonen aurrean euskarazko hedabideek iraungo badute, erakunde publikoei prozesuak azkartzeko laguntza eta konpromisoak eskatu dizkie Hekimenek, herri ekimeneko euskarazko hedabideen elkarteak.


Euskal Hedabideen Urtekaria Euskalerria Irratian aurkeztu du Behategiak

Trantsizio digitalarengatik eta lehengaien garestitzeagatik, 2023 urtea zaila izan dela nabarmendu du Hekimeneko zuzendari Igor Astibiak


35 urteurrena emanaldi berezi batekin ospatuko du gaur Euskalerria Irratiak

1988ko azaroaren 7an egin zuen lehen emisioa Iruñerriko irratiak. Urteurrena aitzaki hartuta, Zentral aretoan “musika eta hitza” uztartuko dituen ekitaldi bat antolatu dute.


Eguneraketa berriak daude