Guggenheim efektupean ere, diziplina ikusezinak

  • Joseba Sarrionandiak idatzi zuen ezkurrak ematen dituen zuhaitz bat dela euskal artea. Azkenaldian hainbaten ahotan azaldu da kezka zuzenago formulatuta: lotura oso lausoa dago euskal kulturgintza orokorragoaren eta arte plastiko eta bisualen artean. Iragan dira eskultura abstraktu batzuk geure identitatearen ikur ezin nahasizkoak ziren sasoiak. Jaio dira artista-belaunaldi berriak Oteiza eta Basterretxearen ostean; inor gutxik ezagutzen ditu haien izenak, ordea. Haizea Barcenilla arte historialariarekin, Kalostrako zuzendari Xabier Gantzarainekin eta Okela Sormen Lantegiko kideekin hitz egin dugu gaiari buruz.

Guggenheimek “min handia” egin duela uste du Haizea Barcenillak. “Lehen artea ez zen hartzen ezinbestean erraza izan behar duen gauza baten moduan”.
Guggenheimek “min handia” egin duela uste du Haizea Barcenillak. “Lehen artea ez zen hartzen ezinbestean erraza izan behar duen gauza baten moduan”.

Bat datoz, gutxi-asko, diagnostikoan. Amildegia dago euskal artearen eta kulturgintzaren artean. Barcenilla: “Sarri izan dut inpresioa, baina oso nabarmen sentitu nuen Jakineko talde editorialean sartu nintzenean. Hor zeuden literaturan interesa zuten kazetariak, politikan interesa zuten musikariak… Ordea, denek sentitzen zuten artea gauza urrun bezala”. Okela Sormen Lantegiko Irati Urrestarazu: “Gaur egun zeharo banatuta daude bi esparruak. Ez dago puntu sinbiotikorik”. Gantzarain: “Gaur egun 40-50 urteren bueltan dabiltzan Euskal Herriko artista ia denak ezagunagoak dira kanpoan hemen bertan baino: Azucena Vieites, Asier Mendizabal... Jende askok Itziar Okariz ezagutuko zuen Durangoko Azokako kartela egin zuelako, horra bere ekarpena”.

Arazoa bi aldeetan: protekzionismoa eta etiketei alergia

Deskonexioaren arrazoiak haztatzen hasi eta berehala agertu da hizkuntzaren salbazioa. Gantzarainek aipatu du: “Gure patu tristea da gure hizkuntza galtzen ari dela eta egunen batean galdu egingo dela, eta denbora guztian ari gara galera horren kontra borrokan”. Horren ondorioa, Urrestarazuren arabera: “Euskal kulturan eta Euskal Herrian guztia defentsa-posiziotik abiatuta egiten da. Hortaz, edo egiten duzu arte bat Oteizarena-eta bezalakoa, Euskal Herriaren eta hizkuntzaren defentsarekin esplizituki lotzen dena, edo jai daukazu”. Homologazio-goseaz ere jardun Gantzarainek: “Gure artista eta idazleak interesatzen zaizkigu besteen parekoak garela esateko balio duten heinean. Gutxitasun-konplexuak daude horren oinarrian. Ez ditugu gure artistak ikusten testuinguru zabalago baten barruan, eta azken batean, zertarako nahi ditugu? Ez irakurtzeko ezta beren lana ikusteko ere, sariak jasotzeko baizik, eta Euskal Herriaren ordezkariak izan daitezen nazioartean”.

Artisten aldetik, etiketei uko egiteko joera dago. Okelako Nora Aurrekoetxea: “Arte plastikoak oso lotuta egon dira unean uneko testuinguru sozial eta politikoarekin, 60ko hamarkada da adibide esanguratsuena. Gaur egun, ordea, eta modernitatearen ezaugarri bat ere bada, justu kontrakoa bizi dugu: inork ez du nahi itxi-usaina izan dezakeen etiketarik”. Ados agertu da Barcenilla, eta bestelako arrazoiak ere aipatu ditu: “Artea oso instituzionalizatuta egon izan da eta, oro har, artistek diru-laguntzei esker lortu dute proiektuak gauzatzea. Nik uste dut artista batzuk beldur direla, zerbaiten alde posizionatuz gero, beste batzuk boterean sartzean kontrako eraginik izango ote duen. Tristea da, baina interferentzia politikoak oso argiak izan dira artearekin lotutako instituzioetan”.

Okelako Izaro Gonzalezek artisten formakuntzan ere ipini du fokua: “Unibertsitatean bertan Arte Ederrak ikastera zoaz eta ia karrera osoa egin dezakezu euskaraz, baldintza kaxkarretan, baina tira. Hala ere, hori ez dago testuinguruan kokatuta. Arte karrera bat egiten dugu hizkuntza minorizatu batean, daukagun historiarekin eta kultura subalterno bat izanda, baina hori ez da lantzen. Badirudi gaudela ez-dakit-nongo unibertsitate batean, baina eskolak euskaraz egiten”.

Arte garaikidea ez da ulertzen…

Zenbat aldiz esan ote dugu gisako esaldiren bat artelan baten aurrean paratuta? Barcenillaren ustez gehiegixko tematzen gara ulertu behar horrekin: “Hezkuntzatik hasita, lotuta daukagu ikastea arrazionalki ikastearekin, gorputza edo sentipenak oinarri hartzea gutxiesten da. Dena modu arrazional batean ulertzen saiatzen gara eta onartu beharko genuke artelanek ez daukatela erantzun bat eta bakarra. Artelan baten aurrean gaudenean geure buruari galdetu beharko genioke ea zergatik hunkitzen gaituen edo zergatik ez diogun interesik aurkitzen”. Gainera, sarritan espektatiba handiegiak ere izaten ditugu: “Zinearen kasuan, adibidez, onartuta daukagu film guztiak ez zaizkigula gustatuko. Artean, ordea, esperientzia eraldatzaile bat bilatzen dugu beti”.

Ustezko ulertezintasunaren harira, Gantzarainek adibide bat jarri du: “Itziar Okarizen Mear en espacios públicos y privados performanceak hainbat topiko desmuntatzen ditu, tartean artea abstraktua eta elitista dela beti. Baina beste kontu bat da: lan hori non ikus dezakezu? Ez da Obabakoak, ezin zara liburutegira joan eta irakurri”. Gantzarainen ustez, artearen munduak ere elikatu du elitismoarem ikuspegia: “Neuk ere esan dut ahalegina eskatzen duela, eta egia da, baina hein batean deseraiki egin behar da: erakusketa batera joan eta ezin duzu sentitu ergela zarela eta horregatik ez duzula gozatzen. Diskurtso arriskutsu pila bat irentsi ditugu”.

…aurrez mamurtua ez bada

Distantzia eta deserrotzearen ifrentzua Bilboko “kankarroan” topa dezakegu. Badago derrigorrean ezagutu beharreko artearen historia bat. Barcenilla: “Guggenheimekin paradigma aldatu da. Min handia egin dio arteari, nahiz eta badirudien oso onuragarria izan dela, batez ere ekonomikoki. Lehen artea ez zen hartzen ezinbestean erraza izan behar zuen gauza baten moduan”. Idurre Eskisabelek zaborrez eta herritar ereduez idatzitakoa arteari ere aplika dakioke, alegia: “Instituzioek kontsumitzaile-eredua bultzatzen dute: inolako esfortzurik egin gabe, bezeroak gozamena jasotzen du, arazorik edo zalantzarik sortzen ez diona”. Gantzarain: “Audio-gidarena klabea da. Guggenheim ireki zutenean ordaindu egin behar zen, orain ordea sarrerarekin ematen dizute eta esaten dizute zer ordenatan ikusi behar dituzun obrak eta bakoitzean zer aurkitu behar duzun. Dena eginda ematen dizute, baita artearen historia jakin bat ere”. Historia matxista eta inperialista, Barcenillaren esanetan.

Piccasoren lan ezagunenaren kasua argigarria da, Gantzarainen iritziz: “Diskurtso batek finkatu du Guernicaren garrantzia. Guernica ez da bonbardaketa baten errepresentazioa, ez dago hegazkinik, ezta bonbarik ere. Hala ere, bertara zoazenean horixe ikusiko duzu, horixe ikusi behar duzula esan dizutelako. Beste galdera bat litzateke zeinek idatzi duen diskurtso hori (MoMA, Espainiako trantsizioa…)”.

Elkarrizketa eta komunikazioa bide

Eredu kritikoagoak ere badaude, ordea, tartean Okelakoek bultzatu Artisten Meeting Pointa. Hiru hilean behin gai bat aukeratu eta lau artista gonbidatzen dituzte horren bueltan sortzera eta aritzera. Aurrekoetxea: “Artista batzuen lana ikusgarri egiteari ez ezik artistaren pentsamenduari ere ematen diogu garrantzia. Hezkuntza artistikorik ezak arazoak sortzen ditu, eta horregatik da inportantea artista esertzea eta gaiaren edo ekarritako proposamenaren inguruan hitz egitea. Komunikazio berbala zubi bihurtzen da, eta kezka sozialei buruzko eztabaidak sortzen dira, beste testuinguru batzuetan ere gerta litezkeenak”.

Barcenilla ados dago komunikazio-beharrarekin, eta zenbait pauso proposatu ditu: “Hasteko, dibulgazio-lan gehiago egin beharko litzateke, zientzian bezala. Instituzioek programa bereziak eta ondo pentsatuak antolatu beharko lituzkete, artea jendearengana iristeko baina ez modu paternalistan, kontua ez baita jendea ekartzea ardiak balira bezala. Mega-instituzioak egin ditugu eta askoz inteligenteagoa izango litzateke instituzio txiki eta tokian tokikoak egitea eta horiek testuinguru zuzenarekin lan egitea. Artista gazteak erakusten hasteko erreferentziazko toki bat ere beharko genuke; Arte Ederren Museoa aukera galdu bat da, neurri ertaineko erakustareto bat baitauka, aproposa. Azkenik, elkarrizketan hasi behar ginateke artearen mundukoak eta kulturgileak, kezkak konpartitu eta elkar aditzeko”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Artea
Jone Erzilla
"Denok ditugu esperientzia estetikoak, baina oso zaila da hori museo batean gertatzea"

Denbora darama “ingurua intentsifikatzeko gai diren horiei” begira eta horiekin lan egiten saiatzen, horretarako gertu duenari arreta jarriz. Irudietatik, hitzetatik, argitik eta horiek espazioan agertzeko duten forma eta moduetatik egiten du lan, batez ere. Orain... [+]


Erakusketa lehenago kenduko dutelako zentsura salatu du Iruñeko LKN artistak

Talde erlijioso batek eskatuta kenduko dute LKN artistaren obra Iruñeko Morea saltokitik: "Ez dut inoiz iraintzeko asmorik izan; nire begirada artistikoa eskaini nahi nuen".


Eulalia Abaitua, emakumeei begiratu zien argazkilaria

Euskal Herrian argazkigintzan emakume aitzindaria izan zen Eulalia Abaitua Allende-Salazar (Bilbo, 1853 – Bilbo, 1943). XX. mendeko euskal gizartea erakusten digute berak eginiko argazkiek: eguneroko jardunak, lanbideak, jaiak... jaso zituen. Emakume baten begiradak... [+]


2024-02-27 | ARGIA
Lurraren defentsan "Hamaika" erakusketa artistiko ibiltaria abiatuko dute Beran martxoaren 1ean

"Hamaika arrazoi lurraldea defendatzeko" izeneko erakusketa artistiko honetan, Euskal Herriko hamaika ilustratzailek parte hartu dute eta makroproiektu eolikoek kaltetutako Euskal Herriko zenbait familia eta bizilagunen hamaika testigantza ere jasotzen dira. Etxalarko... [+]


Eguneraketa berriak daude