2015eko ekainaren 07an

Izenburuan jarrita, gehienok pentsatzen dugu, gure burura lehenik etorri zaigun esanahia ez dela izango. Xinpleegia, ahulegia, nabariegia... Zer ote dago hain hitz ohikoaz idaztea burura datorkion norbaiti? Ur-hatsa ote? Urrezko hatsa agian?

Hauxe pentsatu eta egin: zer da bizitzan harrotasun handiena ematen diguna geuri eta geure gurasoei? Gure lehenengo urratsa(k)! Eta behin, berriz, hirugarrenez eta n garrenez emanarazten digute hain misterio ezkutukoan gordeta eduki dugun abileziaren froga.

Nola ez, guk, dobleko ahoa betetzen duen irribarrearekin, behin eta berriz burutzen dugu eskaria eta besoak zabalik dituen harengana, ttapala-ttapala erortzen uzten dugu gure soin xamurra, balantxaren bat egiten badugu ere, eutsiko diguten ziurtasun osoz. Horrela ekiten diogu amaiera jakinik gabeko ttapalaldiari. Denok onartzen dugu erorikoz eroriko ikasiko dugula urrats ziurrak ematen. Agian, laster batean, baita lasterka/korrika egiten ere.

Aurten ere, Senpereko lakuaren jiran, herri bat sentitu nuen bere hizkuntza mihian dantzan zuela. Bai. Batzuek euskara eta besteek erdarak. Aurkezpen ekitaldian, luzeena aritu zirenak frantses hiztunak izan ziren eta, ekitaldi hartan egoteagatik soilik onartu genielakoan nago luuuuuzatze hura. Eta irribarretsu, adarjotzaile, umorez blai, zirikatzaile... aritu ziren gonbidatuak. Eta nola ez, aurkezlea!

Mihiaz, oinez, patxadaz, presaz, bide-lasterrean edo lasterbidean, urratsak eman zituzten/genituen; urrun gaudenon arteko urratsak baina batera eta elkarrenganantz, bidean aurrera egiten genuen bitartean. Aspaldiko jendetzarik handiena iruditu zitzaidan putzu sakon eta ilun bat izan zen hartatik, ur gazi bat atera nahian, euskara itsaso urdin bihurtzeko ametsean. Eguna, eguraldia, giroa hartarako zeuden; hala egin dugu urteetan eta ados gaude: nahi eta behar dugu. Eroso, urratsak ematean arinago bezala sentitzen nintzen; gogo bera geneukan jendez inguraturik, babesturik. Ez dakit hala zen edo ez!

Hurrengo egunetan baina, bakoitza putzuaren alde banatan ari ginen, agirika, orroa jario, zaunkalari... Ez zegoen urratsak ematen hasi besterik parekoak besoak zabalik hartuko zintuelakoan! Edonork zure deskuidu ttikiena balia zezakeela zirudien, zangotraba egin eta putzu ilunean itolarriak jota, begirada begi-bala bihur zekizun. Eta sentipen hau amaitu ordez handitzen ari da. Egunero entrenatzen gara/gaituzte elkar larrutzeko laguntzeko ordez.

Alferrikako urratsak, elkarbizitzarako eraikitzaile ez direnak saiheste aldera, nik proba egingo nuke, herriak ordezkari politikoak “demokratikoki” hautatzeko jasan behar dituen kanpainak hain irudimen, tonu, gizalege, maila, eragin... ezkorra izanik, ea ez egiteak zenbat on dakarren neurtzen. Hau ere noizbait elkarrekin urratsez urrats proposatu eta egin beharreko bidea izan daiteke, ala? Ea elkar urratzera ordez elkarrekin urrastera bideratzen gaituzten, behingoz!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza politika
EAE-ko sektore publikoa euskalduntzeko dekretua
Aukera galdua

Eusko Jaurlaritzak EAEko Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua onartu du otsailean. Duela 27 urteko dekretua ordezkatu du. Euskalgintzako eragileen ustez, Jaurlaritzak ez du baliatu “jauzi ausarta” emateko. Dekretu berriak ez du... [+]


Hamabi hizkuntzatan banatuko du UEMAK Korrikari buruzko informazioa

23. Korrikaren atarian, udalerri euskaldunetako bizilagun guztiek Korrikaren berri izatea garrantzitsua dela iritzita, diptikoa banatuko du UEMAk hamaika hizkuntzatara itzulita.


2024-03-04 | ARGIA
Udalekuak egingo ditu UEMAk euskaraz bizi diren gazteentzako

Beste urte batez, uda garairako, Salto! udaleku ibiltariak antolatu ditu UEMAk. Udalerri euskaldunetako gazteak elkartuko dira aisialdiaz gozatzeko. UEMAren helburua da “euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu... [+]


Euskara Ipar Euskal Herrian
Azken sokatirak, hizkuntza politika eraginkor baten alde

2024 urte hastapenean adostuko du ondoko urteetarako hizkuntza politika Euskararen Erakunde Publikoak (EEP). Azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzak eta EEPk 2050ari begira egindako aurreikuspenak esku artean, alarma gorria pizturik du euskalgintza sozialak: ezin da orain... [+]


Azkoitiko Udala UEMAko kide izango da

EAJren, EH Bilduren eta Azkoitia Bairen aldeko bozkekin hartu dute erabakia. Udalbatza osatzen duten hamazazpi zinegotzietatik hamaseiren aldeko botoa jaso du Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera (UEMA) sartzeko eskaerak.


Eguneraketa berriak daude