Bizitzeko manerak

  • Atzera begirako baten aitzakian, hobeto ezagutu ahal izan dugu Sophie Calle (Paris, 1953). Argazkilaria, idazlea, artista, Modus vivendi erakusketan bildu dioteazken 30 urteotako obra. Artea bizitzeko manera edo, zehatzago, manerak, hotz baino beste edozer gisaz utziko zaituztenak.


2015eko ekainaren 07an
Voyeur esan izan diote batzuek Sophie Calleri bere obrarengatik. Exhibizionista beste batzuek. Baliabide ustez autobiografikoak erabiltzen ditu, baina horrek ez dio sekula diskurtso artistiko bat eraikitzea oztopatu.
Voyeur esan izan diote batzuek Sophie Calleri bere obrarengatik. Exhibizionista beste batzuek. Baliabide ustez autobiografikoak erabiltzen ditu, baina horrek ez dio sekula diskurtso artistiko bat eraikitzea oztopatu.

Julio Cortazarrek badu ipuin bat, Deabruaren lerdea, non agertzen den Roberto Michel, frantziar-txiletarra, itzultzailea eta afiziozko argazkilaria bere orduetan. Kalean bikote bat ikusi du ausaz, ikus zezakeen bezala lagun talde, zakurrarekin pasiatzen den nerabe edota familia alegera bat. Baina bikotea harrapatu du –edo bikoteak harrapatu du bera, auskalo–, eta hortxe dago zain, petrilean eserita, ia konturatu gabe argazki kamera prestatuz argazki pintoresko bat ateratzeko. Atera bitartean, ordea, bikotearen balizko bizitza eta mirariak irudikatuko ditu Michelek, xehe. Jon Alonsoren itzulpenean: “Ez naiz deus deskribatzen ari, ulertzen saiatzen ari naiz bakarrik”.

Pixka bat da Sophie Calleren obra ezagunenetako batzuekin gertatzen dena: adibidez, aliritzira, gizon desberdinei argazkiak ateratzen dizkienean atzerriko hirietan; adibidez, lagun eta ezagunak gonbidatzen dituenean bere ohera, gero lotan erretratua egiteko; adibidez, jende ezezaguna hasten denean jarraitzen kalean, inolako aurre-estrategiarik gabe, jarraitze hutsagatik. Bere lehen lana izan zen azken hori, 1978an: “Ez neukan egiteko ezer hoberik. Aspertuta nengoen aspertuta egoteaz. Azkenerako ulertu nuen nire burua jarraitzen aritu nintzela”. Jendeari gustatu zitzaizkion argazkiak. Bartzelonan eta Buenos Airesen ditu erakusketak orain.

Voyeur esan izan diote batzuek. Beste batzuek esan izan diote exhibizionista. Bada, voyeur eta exhibizionista, biak batera esan izan dionik ere. Ez du horietatik ordea. Ez behintzat gainontzeko guztiok baino gehiago. Baliabide ustez autobiografikoak erabiltzeak ez dio sekula diskurtso artistiko bat eraikitzea oztopatu. Kontrara, esana utzi du elkarrizketaren batean: “Nire bizitza erabiltzen dudanean ez da nire bizitza, paretan zintzilikatutako obra bat baizik. Gauza arruntetatik datorren poesia da interesatzen zaidana”. Calleren lanak ez baitu zerikusirik intimitatearekin: “Nitaz dena dakiela uste duena, erabat okerturik dago. Nire lana nire intimitatetik sortzen da, bai, baina ez du inoiz agerian uzten. Gainera, mundu guztiak ahaztu egiten du nire proiektuen erdiak ez duela nitaz hitz egiten, besteez baizik”.

Muga horien baitan, edo, hobeki, muga horiekin jolasean daude Calleren obretarik asko. Luze gabe, garrantzitsuena: Prenez soin de vous, 2007koa. E-posta bat jaso zuen artistak, bere bikotekidearena, zeinean bikote harremana hautsitzat ematen zuela jakinarazten zion gizonak. “Zaindu zaitez”, ematen zion akabua. Ez motz, ez nagi, zainduko zela erabaki zuen, 107 emakumeri pasa zien testua, bakoitzak beretik interpreta zezan –epaile, igarle, estilo zuzentzaile, zerbitzu sekretuetako poliziak zeuden tartean–. Hauxe sexologoaren erantzuna: “Depresioaren aurkako pilulak hartzeko motiborik ez dut ikusten. Gertaera malerus batek min eman dezake, baina soluzioa ez da kimikoa”. Emaitza, aldiz, ezin ikusgarriagoa; eta zalantzan jartzen dizu, segun ze kasutan, e-postaren erabilera.

Kontua da, esperientziaren eremuan kokatzen dela Calleren obra. Norbere nahiz besteren esperientzian. Izan daiteke bizitakoa nahiz kontatutakoa, erreala nahiz fikziozkoa, zuzenekoa nahiz geroratua, iragan nahiz etorkizunekoa, amestutakoa nahiz desio izandakoa. Eta artearen baitara ekarri dituela simulakroa eta itxura, limurkeria eta begirada, fikzioa eta oroitzapenak, sarkinkeria, espioitza, jarraipena eta iruzurra, jarraitzaile izatea eta jarraitua, begiratzailea eta begiratua. Orainaren arkeologia da Callerena, eta kalea du tailer.

Nor da Sophie Calle

Istorio egile, faiseuse d’histoires, deitu zion Herve Guibert idazleak. Baina nor da zehatz hainbeste argazkitan hain modu diferentetan agertzen zaigun emakumea? Paper bat jokatzen ari den aktorea? Artista bat pertsonaia baten antzezpenean? Artista beste pertsona batez mozorrotua? Artista bere buruaren interpretazioan? Edo artista, unean uneko, bere horretan?

Paul Austerren Leviatan eleberriko pertsonaia bat, Maria Turner, Sophie Calle artistaren trasuntua omen da: “Artista zen bera, baina egiten zuen lanak ez zuen zerikusirik normalean arte gisa definitzen ditugun lanak egitearekin. Batzuek esaten zuten argazkilaria zela, beste batzuek kontzeptualista esaten zioten, beste batzuentzat idazle bat zen, baina definizio horietako bakar bat ere ez da zehatza, eta azken buruan uste dut ezin dela inolaz ere sailkatu. Bere lana burugabeegia zen, pertsonalegia ezein bitarteko edo diziplina jakinetan sailkatzeko. Ideia batek bereganatzen zuen, proiektuetan lan egiten zuen, arte galerietan erakuts zitezkeen emaitza konkretuak zeuden, baina aktibitate hori ez zen jaiotzen hainbeste artea egiteko desio batetik, ez bada bere obsesioei men egiteko behar batetik, bere bizitza nahi bezala bizitzetik”. “Ez naiz ni”, aitortu zuen behin Callek; “ni puskaz eroagoa naiz”.

Galdetu izan diote inoiz arte feminista egiten ote duen. “Ez da aldarrikapenik izan nire lanean”. Aditu direnek aitortzen diote, ordea, emakumea agerrarazi izana artean. Ez berari bakarrik, noski. Baina emakume musaren paper tradizionalki pasiboa baliogabetu zuten, ama eta prostitutaren polarizaziotik harago zihoan eredu ordura arte ezezagun bat sortu zuten, genero gailenei bizkar eman zieten, pinturari eta eskulturari, besarkatzeko argazkilaritza, bideogintza edota performancea. “Hala ere, esaten didatenean, konplimendua da niretzat”.

Hilobi bat erosten agertzen da Calle berari buruzko dokumental batean, Bolinas, Kalifornian. Dena den, heriotzaz baino gehiago ez ote duen hitz egin absentziaz, galeraz, gabeziaz. Cortazarren ipuin hartako pertsonaia hark esango balu bezala, “ez naiz deus deskribatzen ari, ulertzen saiatzen ari naiz bakarrik”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Artea
2024-04-21 | Reyes Ilintxeta
Elisabeth Pérez. Sorkuntzaren defendatzailea
"Adimen Artifiziala etorkizuneko tresna ei da, baina bere funtsa iraganeko sormen lanak lapurtzea da"

Martxoan Iruñean egin zen liburu denden kongresuan ezagutu nuen Elisabeth sortzaileen lana pasioz defendatzen Adimen Artifizial sortzailearen aurrean. Handik gutxira elkarrizketa egiteko gelditu ginen Bolognako Liburu Azokara eta Kolonbiara joan aurretik. Aitortzen dut... [+]


'Denbora geldirik dagoen lekua': Wiki Loves Monuments 2023 lehiaketaren irabazleak

2023ko Wiki Loves Monuments argazki lehiaketako hamabost irabazleak iragarri dituzte. Wikipediaren atzean dagoen Wikimedia Fundazioak urtero antolatzen du eta munduko argazki lehiaketa handiena da. Iaz 46 herrialdetako 4.700 argazkilarik parte hartu zuten, lizentzia libreak... [+]


Jone Erzilla
"Denok ditugu esperientzia estetikoak, baina oso zaila da hori museo batean gertatzea"

Denbora darama “ingurua intentsifikatzeko gai diren horiei” begira eta horiekin lan egiten saiatzen, horretarako gertu duenari arreta jarriz. Irudietatik, hitzetatik, argitik eta horiek espazioan agertzeko duten forma eta moduetatik egiten du lan, batez ere. Orain... [+]


Erakusketa lehenago kenduko dutelako zentsura salatu du Iruñeko LKN artistak

Talde erlijioso batek eskatuta kenduko dute LKN artistaren obra Iruñeko Morea saltokitik: "Ez dut inoiz iraintzeko asmorik izan; nire begirada artistikoa eskaini nahi nuen".


Eguneraketa berriak daude