argia.eus
INPRIMATU
Garoñako zentral nuklearra 2016an martxan jartzetik hurbil
Joxerra Aizpurua Sarasola 2015eko ekainaren 04a

Espainiako Industria Ministerioak maiatzean argitara emandako 2015-2020rako sektore elektrikoaren planifikazioaren ingurumen jasangarritasuna txostenean aurreikusten da Garoñako zentral nuklearra 2016an energia elektrikoa produzitzen hasiko dela. Ministerioak baimena emanda omen du 2031 arte zentralak funtziona dezan.

Erabaki horrek ez du esan nahi automatikoki zentrala zabalduko denik, baina horren aldeko jarrera politiko garbia adierazten du. Oraindik bi aldagai argitu behar dira. Batetik, Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak oniritzia eman behar du, eta baliteke horretarako inbertsio berriak eskatzea zentralaren jabeei. Bestetik, zentralaren jabeen, hots, Iberdrola eta Endesaren borondatea dago. Erabakia hartze aldera, bi faktore aztertuko dituzte: errentagarritasun ekonomikoa eta gizartearen presioa.

Hori guztia kontuan hartuta, esan daiteke gauzatzear dagoela zentral nuklearren produkzio aldia 40 urtetik 60 urterako zabalpena.