argia.eus
INPRIMATU
#ResistGasteiz
  • Doinua: Txikitatikan edukia dut.

Maddi Gallastegi Osa 2015eko maiatzaren 27a

Inork diktatzen, nork inposatzen
dizkigu lege arrotzak?
Nork asumitzen ditu estatu
zapaltzaileen morrontzak?
Elkarri helduz besoetatik
estutu genitun hortzak;
oihu, negar, kolpe hotzak,
“ta segi aurrera!” hotsak...
Txiki nahi gaitu boteredunen
gorrotoaren ahotsak,
baina maitasun neurrigabeaz
bete genitun bihotzak.

Esan zenidan erresistentzi
oro denez disidente,
esan zenidan borrokak ditu
hamaika eta bat frente,
“Ni izkutatu nintzen zuk plazak
har eta zenitzan bete”.
Gure artean zaudete,
Galeanok zion fuerte:
Kontzientzia umiliatu nahi
diguten aldiro tente
altxako gara duintasunez,
harro ta desobediente!

Mozorro eta nortasun hainbat
elkarri kateatzean,
“Ni Igarki naiz”, “Ni naiz Aiala!”,
“Ibon naiz!” oihukatzean,
bi mundu bereiz suma zitezkeen
murru beraren ertzean;
margo laranjak lehertzean
horren argazki beltzean,
irudimenaz etorkizun bat
aurrez irudikatzean,
bortxaz iluntzen den iragan bat
utzi nahi dugu atzean.