Otondoa eta sugeria

Otondo-belarra, Stachys officinalis.CT Johansson-CC By SA

Berrogeitik gora gaitz sendatzeko belarra omen da otondo-belarra, Stachys officinalis. Lakoizketak sugeria eta betuna izenak ere jasoak ditu. Sugeria, suge sugandila eta antzekoek sortutako gaitzak sendatzeko ere ona delako deituko zaio, apika. Betunak, Mediterraneoaren inguruko hizkuntzetan landare hau izendatzeko erabiltzen duten “betonika” izango du iturri, noski edo...

Otondo-belarra, otea edo otondoaren (Ulex sp.) lagun izatetik ote datorkio? Biek gustuko dute lur azido silizeduna. Ogi papurrari otondo ere deitzen zaiola irakurri dut. Lan egin nahi duen hizkuntzalariarentzat: ogi labea berotzeko otea bezalakorik ez omen dago; otondo-belarra otearekin batera etorriko zen; ogi papurra otondoa... Eta segizioan, otondo-belarra sendabelar onenetakotzat hartua da, milaka urteko eskola osatuta dago berarekin; “berokia saldu eta otondo-belarra erosi” diote italiarrek. Beste erabilera xelebre ugari ere badu: tabakoa lurrintzeko bere hostoa nahasten zitzaion, sorginkerietatik eta mamuetatik babesteko eta amesgaiztoak uxatzeko iduneko jartzen zen, buruko estutasunak askatzeko, lehortutako hosto ehoen hautsarekin doministikua eragiten da, infusio freskagarri gisa hartzeko egokia, jangarria, lorik ez egiteko oherakoan zukutu eta edaten zuten. Sorginengandik eta deabruengandik babesteko baratzeetan eta komentuen, baselizen eta elizen inguruetan landatzen zen. Zertarako, ordea, lorik egin nahi ez? Loa baino babes hoberik ez dut ezagutzen. Niretzat lorik eza da deabrukerietarako bide motzena. Italiarrek duten beste esaera batek dioen eran, bere azken liburuarekin “otondo-belarra bezain ezaguna” egin den Munilla idazleari galdetu beharko diogu... Erantzuten digunarekin, agian, espainolek erabiltzen duten esaera ahotan hartu beharko dugu: inorentzako ele onak edo konplimenduak azaltzeko “otondo-belarrak adina bertute du” esaten dute. Zenbaitek loa galarazi beharrean erraztu egiten duela dio. Munillarengana ez hurbiltzeagatik, hori sinestu nahiago nik.   

Gaitz ugarirentzako sendabidea. Garai bateko toki mitikoetan aldatu eta zaindua, sorginkerien, deabruen, amesgaiztoen aurkaria. Loarentzako erremedioa. Buruko minaren aringarria. Lepoan eramateko moduko laguna. Ore bereko opilak, otondo-belarrarenak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Barazkiak eta belarrak
2020-07-14 | ARGIA
Europar Batasuneko pestizida kontsumitzaile handiena da Espainiako Estatua

Emaitza oso kezkagarriak jasotzen ditu Ekologistak Martxanek aurkezturiko txostenak. Espainiako Estatuan komertzializatutako 2.711 elikagai aztertu dituzte eta %34ak plagiziden arrastoak ditu, tartean debekatutako substantziak. Frutak eta barazkiak bakarrik hartzen baditugu... [+]


Euskal produktu ez hain gureen historia

Euskal Herrian bertakotzat dugun baratzegintza eredua produktu historiko modernoa da guztiz. Oraintxe landatuak izango dituzten Ezpeletako, Ibarrako eta Gernikako piperrak; Tolosako babarrunak; Arabako patata; edo Duzunaritzeko arto gorria; guztiak dira 1492tik Amerikako... [+]


2020-01-26 | Jakoba Errekondo
Uzta eta lana aurreikusi, eta bilakatu

Datorren uztailean izango al dugu lanik? Izango al dugu labore uzta biltzeko lanik? Gure aldean, etorkizuna planifikatzeko eta antolatzeko gaitasun handia dute landareek; ia landare guztiek. Bere zikloa biziko den tokian gertatuko diren gorabeheretara egokitua izango da... [+]


Eguneraketa berriak daude