Nola atera armairutik

Dorre bikiak erori zirenean zer egiten ari zinen galdetzen dizun modu berean, jende askok galdetu izan dit noiz atera nintzen armairutik. Erantzun zuzenak “oraindik ari naiz” beharko luke. Azalpen gehiegi eskatu ahal duenez, errazena galdera beste modu batera berrinterpretatzea da: noiz esan zenion lehendabizikoz norbaiti gay zinela. Norbaiti edo norbait askori. Jendeak bilera moduko bat, edo bilera sail bat, irudikatu ohi duelako. Mini tourné bat, ezkontza baterako gonbidapenak senide eta lagunei banatzeko antolatzen direnen gisakoa, hierarkia jakin batean egina, gurasoekin ez bada, lagun gertukoenekin hasita, gurasoak atzeregi utzi gabe –horiek baitira emanaldiaren ikusgarri nagusia, hunkigarriena, zeinean artistak arrisku gehiena hartzen baitu bere gain, galtzeko eta irabazteko handienarekin–, eta lagun urrutiagoekin bukatuta, zerrendan inor jakingabean utzi gabe.

Baina ez da hala izaten. Izan ere, zerrenda ez da inoiz bukatzen. Ezagutza berri bakoitzarekin dilema berpiztuko da, ezer esan (bigarren esaldirako, “nire senargaia” edo, soltero egonez gero, inoiz halakorik ukan gabe ere, “nire senargai ohia” bat boteaz) edo nolabait adierazi ezean (janzkeran, keinu-keran eta abar), ustekizunak heterosexualitatearen alde egiten baitu.  

Ni maiz errudun sentitu izan naiz nire armairu ateratze herrena dela kausa. Nahi izanda ere, lotsaren lotsaz luze geroratu ondoren, nire lehen aitortzak ez ziren espero bezalakoak izan –mundu guztiak bazekien edo bazekielako plantak egiten saiatzen zen– eta puntu jakin batean galdu nuen jendeari esaten jarraitzeko interesa. Esan gabe gelditutako gehienek ere jakinen zutelakoan.

Hauetako hirurekin, institutu garaiko hiru ikaskiderekin, harremana berrartu dut azkenaldian, pixka bat neure gogoaren kontra bada ere: denbora luzea elkar ikusi eta elkarren bizitzez jakin gabe ere, tematzen gara lehengo solasgai berberak, orain urte asko utzitako puntu berberean, berrartzen, denbora igaro izan ez balitz bezala, elkarri eboluzionatzeko eskubidea ukatu nahi bagenio bezala. Horrelako dinamika sortu da gure artean, hilean behin egiten hasi garen hitzorduetan. Ez dakit nork eta nola abiatuko zuen baina geldiezina da. Beste hirurek ez dute deseroso ematen, orduko liburu, bideojoko, film eta afizio berberez edo antzekoez mintzo, mendreneko intimitateri leku egin gabe. Jarrera iruzurrez nerabe horretan, inork ez du interesik erakusten besteen bizitza pertsonalengatik. Ezkonduta daude beste hiru mutilak baina ez da emazteen konturik inoiz aipatzen. Agenda aitzakiarik jarrita ere, beti moldatzen dira topaketak nire denbora tarteen arabera antolatzen. Azken orduan ezin naizela joan adierazten badiet, prest daude ez elkartu eta beste egun batean biltzeko laurok. Hiruetako batek ere ez daki euskaraz, ezagutu nituenean nik bezala, baina jakinen balute ere eta idazki hau irakurri, ezikusiarena eginen ziotela susmatzen dut.

Azken egunean bururatu zitzaidan zer egin. Txoke plan bat. Armairutik aterako nintzaien. Banan bana egin dut: bati tabernan besteen zain egon bitartean, bigarrenari barran eskatu bitartean, hirugarrenari kanpoan erre bitartean. Laurok bokatekin eseri eta lehenengo aldiz dibertitu naiz ikusi ez ditudan zientzia fikziozko filmez mintzo. Ohi baino goizago agurtu dugu elkar.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude