Lurdes Imaz, EHIGE

"Gurasoek eskolako erabakietan esku-hartze handiagoa dutenean, ikasleek emaitza hobeak dituzte"

  • Euskal Eskola Publikoaren Jaia ospatuko dute Elgoibarren, ekainaren 7an. Hezkuntzak bizi dituen garai arantzatsu hauetan gurasoek duten rola, parte-hartzea eta erantzukizuna izan ditugu hizpide Lurdes Imaz Euskal Herriko Gurasoen Elkarteko bozeramailearekin (EHIGE).

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi
2015eko maiatzaren 31

LOMCE eta Heziberri tarteko, protagonismoa hartu duzue gurasoek. Eusko Jaurlaritzak erabaki du EAEko 30 ikastetxetan egitea 3. mailako azterketa diagnostikoa (8-9 urteko haurrei) eta planto egitera deitu dituzue gurasoak.

Bai, aurtengoak proba pilotuak dira, ezkutuan eginak, eta hurrengo ikasturtetik aurrera eskola denetan martxan jartzea da asmoa. Hasieratik LOMCEren aurka agertu gara eta bi urte daramatzagu ikastetxeetan hitzaldiak ematen, lehen LOMCEri buruz, orain Heziberriri buruz. Gurasoek beti galdetu digute: “Eta guk zer egin dezakegu?”. Lasai egoteko, proposamenak egingo dizkiegula erantzuten diegu, eta orain neurri zehatz hau planteatu diegu: azterketa ez egitea, LOMCEren aplikazio garbia delako eta orain arteko ebaluazio sistema hankaz gora jartzen duelako (azterketak ez du inongo justifikaziorik, eta hezkuntzan egiten diren aldaketek arrazoituriko justifikazioa behar dute). Akademikoki ez du eraginik seme-alabentzat, eta beraz uste dugu gurasoei hori eskatu diezaiekegula eta LOMCEren eta Heziberriren kontra daudela agertzeko modua dela, orain arteko bileretan zerbait egiteko grina ikusi baitugu gurasoengan. Lasaitzen saiatzea izan da gure egitekoa, seme-alabentzat inongo ondoriorik ez duela izango argitzea. Gurasoak gara hau egin behar dugunak, irakasleek edo zuzendaritzek planto eginez gero ondorioak izan ditzaketelako, baina ikastetxeen eta eskola kontseiluen babesa ere eskatu dugu.

Aurrera begira bestelako ekintza zehatzik pentsatu duzue?

Datorren ikasturtean Heziberri martxan jarriko da eta gauza berriak joango gara planteatzen. Adibidez, argi dugu eskola orduetan ez dela erlijiorik eman behar, ezta Erlijioa ikasgaia ahalbidetzen duen Baloreak ikasgai alternatiboa ere, eta ildo horretan proposamena egingo dugu aurrerago.

Eusko Jaurlaritzak aurkezturiko Heziberri planarekin ez zaudete gustura. Kritikatu duzue ikasleen banaketa ekitatiboa ez duela ziurtatzen.

Heziberrik ez du ezer esaten ikasleak hartzeko unean sare ezberdinek izan behar duten arduraz, eta mota anitzeko ikasleak baldin baditugu, sareek ardura partekatua izan behar dute. Datuek argi diote premia berezia duten ikasleak, beka jaso dutenak (maila sozioekonomiko baxuagoa duten familietakoak) eta etorkinen seme-alabak sare publikoan daudela batez ere, ondoren kristau eskolan eta kopuru txikiena ikastolek dute. Banaketa orekatuagoa eskatzen dugu, eta hau ez da hezkuntza mailako eztabaida, gizarte osoarena baizik: eskolaka eta herrika diagnostikoa egin eta herrietan gaia mahai gainean jarri beharko litzateke (ikastetxeen eta udalaren parte-hartzearekin), ikasle guztiak hartzeko ardura behar bezala partekatu dadin. Ghettoak amaitu behar dira, eta aldi berean, behar bereziak dituzten haurrak hartzen dituzten eskolek baliabide gehiago izan behar dituzte, erantzun egokia eman ahal izateko.

Hizkuntza ereduak mantenduko ditu Heziberrik (A, B, D). Hori ere ez duzue ongi ikusi.

Beti esan dugu hizkuntza ereduak gainditu egin behar direla, A ereduak ghettoak direlako, normalean maila sozioekonomiko baxuko familien seme-alabenak, eta linguistikoki traba berri bat jartzen diegu. Ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza proiektua finkatu behar du, ikastetxeak dakielako ongien nolako ikasleak eta beharrak dituen, eta horren arabera berak erabaki behar du plana, bermatu dadin derrigorrezko hezkuntza bukatzean ikasle guztiak elebidun izango direla. Adibidez, elebitasunak arazoak dituen lekuetan ezin da hirugarren hizkuntza bat planteatu, lehenik eta behin bermatu beharko delako ikasle guztiek euskara maila ona izatea. Eta helburu horretara iristeko ikastetxeari behar dituen baliabideak eman behar zaizkio.

Euskal Eskolaren Lege berria egitea izango da Heziberriren hurrengo urratsa. Sare publikoaz gain, sare kontzertatua ere legean integratzea da xedea.

1993ko Eskola Publikoaren Legea daukagu eta hezkuntza sistema guztiarentzako legea planteatu du orain Hezkuntza Sailak. Sare kontzertatuak asmoa agertu du publikotasunaren kontzeptua berrikusteko, zerbitzu publikoa ematen dutela argudio. Baina gauza bat da zerbitzu publikoa ematea eta beste bat publiko izatea; taxiak zerbitzu publikoa ematen du, baina ez da publikoa… Beste arlo batzuetan argi ikusten dugu, inori ez zaio bururatzen IMQ aseguru mediku pribatuaren txartela eskatzea osasun publikoko eskubide gisa, baina hezkuntzan ez dakit zergatik jarri behar den zalantzan zer den publikoa eta zer ez. Guk oso argi daukagu: sare publikoa da ikasle guztiak hartzen dituena eta laikoa dena. Sare kontzertatuek ezin dute orain arte bezala jarraitu, nahi dutena egiteko autonomia guztiarekin eta beharra duten ikasleak hartzeko inongo ardurarik gabe, eta aldi berean finantzazio handiagoa eskatu, batez ere kontuan hartuta sare publikoan une hauetan ditugun beharrak. Edo denok partida bera jokatzen dugu, joko arauak berdintzen ditugu, edo ez dago jokorik. Gogoratu Euskal Herrian sare publiko txikiena duena dela EAE (ikastetxeen %50), zer esanik ez Europako herrialdeekin konparatuta.

Gurasoen ordezkaritzak nahikoa pisu al du ikastetxeetan?

Bi modutara hartzen dute parte gurasoek. Batetik eskola kontseiluaren bidez, eta bestetik guraso elkarteen eta eurek (edo ikastetxeak) bultzaturiko proiektu zehatzen bidez. Eskola kontseiluan dugun ordezkaritza ona da, erdia gurasoak gara Lehen Hezkuntzan, eta Bigarren Hezkuntzan ikasleen parte-hartzea sartzen da eta gurasoena jaitsi, baina logikoa da eta ongi iruditzen zaigu. Arazoa da sarri oso zurruna dela araudia, Hezkuntza Sailetik planteamendu oso itxiak datozela eta aukera gutxi dagoela bestelako proposamenak egiteko. Sailak malguagoa izan beharko lukeela uste dugu, benetako parte-hartzea egon dadin eta ikastetxeak berak nahi dituen proiektuak aurrera atera ditzan. Hezkuntza Sailari beldurra galdu behar diogu, eskolak autonomia izan behar du erabakitzeko zer egin nahi duen, eta ildo horretan, ikastetxeen autonomia garatzeko benetako markoa behar du eskola publikoak. Parte-hartzean maila ugari daude, informazioa jasotzetik hasi eta erabakitzeko ahalmena izateraino, eta argi ikusi dugu gurasoek zenbat eta parte-hartze maila altuagoa izan, orduan eta hobeagoak direla ikasleek lortzen dituzten emaitzak. Horregatik, erabaki inportanteetan gurasoek benetan parte hartzea sustatu behar da; Finlandian adibidez, gurasoek aukera daukate curriculumean esku hartzeko.

Eskola kontseiluetan aritzeaz gain, guraso elkarteetan ere lan oparoa egiten duzue.

Guraso elkartea da eskola eta inguruaren artean zubi-lana egiten duena. Ikasle berriak datozenean adibidez, familiari harrera egiteaz arduratzen da, zuzendaritzarekin batera. Guraso eskolak ere antolatzen ditugu, sare sozialez, hezkuntza emozionalaz… Guraso elkarteek lan pila bat egiten dute, baina ez da ezagutzera ematen, eta inportantea da hori guztia zabaldu eta elkarbanatzea, horregatik jardunaldiak antolatu izan ditugu, praktika onen sariak ere eman ditugu eta liburuxketan bildu dira gurasoek beraiek ikastetxeetan bultzaturiko proiektuak. Ikastetxeak dituen beharren arabera zientzia, elkarbizitza, kulturaniztasuna, euskara… jorratzeko sekulako lana egiten dute, eta hori gainerakoekin elkarbanatzea garrantzitsua da.

Azpiegitura falta salatu izan duzue.

Bost-sei urteko atzerapena dugu obretan eta behar handiak daude ikastetxeetan, eraikinak egin edo daudenak berritzeko. Diagnostikoa egiten ari gara eta denetarik dugu: barrakoietan dauden ikasleak, estaltzea behar duten jolastoki asko, leihoak-eta konpontzea behar dutenak…

Testu-liburuak neurri batean gurasoek ordaindu behar izatea ere kritikatu duzue.

Testu-liburuak kudeatzeko programa solidarioa du martxan Jaurlaritzak: ikastetxeak liburuak erosten ditu, lau urterako erabilgarri; Hezkuntza Sailak kostuaren %75 ordaintzen du eta familiak %25. Gure ustez liburuek debalde izan beharko lukete, material curriculurra delako, baina ongi ikusten dugu liburuak ez izatea ikaslearenak, baizik eskolarenak, eta proiektu solidarioaren bidez ikasleek liburuak zaintzea, gero beste batek erabiliko dituelako. Kontua da aspalditik aldarrikatzen dugula material digitalerako pausoa ematea eta eskola publikorako digitalizazio plan bat eskatu diogu Sailari, elkarlanean egingo genukeena: nola gauzatu trantsizioa liburuetatik material digitalera, zeintzuk diren euskarri digital egokienak, nola finantzatuko diren… Digitalizazioa gakoa da, atzean ez geratzeko.

Aurten Elgoibarren izango da eskola publikoaren jaia. “Bertako ikastetxea bada eskola publikoaren isla: ikasleak euskalduntzeko lan handia egiten du, eskola anitza da, oso parte-hartzailea eta berritzailea (proiektuka egiten dute lan)”.

Talka

“Guraso eta irakasleen artean talka egon daiteke, leku guztietan bezala, baina abiapuntua da denok interes bera dugula. EHIGEkoak elkarlanean aritzen gara zuzendaritza elkarteekin eta akordioak lortzen saiatzen gara beti, batzuen eta besteen posizioak gerturatuz. Egutegiak adostea adibidez zaila izaten da, baina denontzako egokiena erabakitzen dugu”.

"Jantokiko menua gurasoek osatuko dute lau eskolatan"

“Lehen bazeuden jantokia autokudeatzen zuten eskolak, baina Eusko Jaurlaritzak araudia atera zuen ikastetxeak catering sistemara derrigortuz. Bi ikastetxek (Altzaga eta Larrabetzukoak) erabaki zuten jantokia eurek kudeatzen jarraitzea eta ondorioz arauditik kanpo daude, ez dute dirurik jasotzen Hezkuntza Sailetik, nolabait zigortu egiten dituzte. Berrikuntza da datorren ikasturtean proiektu pilotua abiatuko dela lau ikastetxetan: horietan, gurasoek aukera izango dute elikagaiak erosteko eta menuak osatzeko. Horrek ahalbidetuko du herrian edo inguruan erostea produktuak, eta esaterako kostaldean arrain freskoa jan ahal izatea, gaur egun gertatzen ez dena. Jaurlaritzarentzat oso erosoa da catering bidez gestionatzea, dirua eman eta kontrolak-eta haien esku uzten dituztelako, baina gurasoentzako gai gakoa da eta proiektu pilotuak ondo funtzionatzen badu, sistema osora zabaldu ahal izatea espero dugu. Hori lortu bitartean, aldaketa txikiak egin daitezkeela uste dugu: adibidez, catering enpresaren eta familien artean harreman gehiago egotea, menuaren inguruan iritzia helarazi ahal izatea gutxienez”.

Kanal hauetan artxibatua: EHIGE  |  LOMCE legea  |  LOMCE legea  |  Heziberri 2020  |  Heziberri 2020

EHIGE kanaletik interesatuko zaizu...
2017-06-05 | Xalba Ramirez
Eskola publikoak josten duena ez dezala segregazioak eten

Aniztasunaren balioak azpimarratuz ospatu dute “Josi ta josi” lelopean Euskal Eskola Publikoaren 26. festa Gasteizen. Eskola Publikoak duen gizarte kohesiorako funtzioa balioan jarri dute, baina neurriak eskatu dituzte erronkei modu egokian aurre egiteko.


Errektoretzarako hauteskunde egunean Leioa "ikasle haserrez" betetzera deitu dute

"Azaroaren 24an, EHUko errektoretzarako hauteskunde egunean, Leioako campusa ikasle haserrez beteko dugu –iragarri dute Ikasle Abertzaleek–, EHU instituzio burges eta zapaltzaile gisa errefusatzen dugula argi adierazteko, eta ikasle boterearen artikulazio bidez sortzen ari garen kontra-botere espazioetatik herri langilearen mesedera egongo den jakintza eraikitzen hasiak garela aldarrikatzeko".


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude