Indar eta indarkeria erakustaldiak

  • Espainiako Auzitegi Nazionalak zigortutako azken zazpi gazteak atxilotu dituzte. Hauetatik lau epaia publiko egin aurretik atzeman zituzten, eta hiruk ihes egitea lortu zuten. Milaka pertsona eskubide zibil eta politikoen alde kalera atera ostean, Gasteizen, harresi trinko baten babesetik erauzi zituen Ertzaintzak joan den astelehenean. Etxean eta nazioartean oihartzun berezia izan du kasuak, eta mugimendu berriak izan dira.

Baiona, Donostia, Ondarroa, Iruñea, Tafalla, Loiola, Bilbo, Gernika eta Gasteiz; desobendientzia zibil masiboak eragin zuzena izan dezake ekintzaileen belaunaldi berriaren nortasunean.Gasteizko harresia

Zantzu guztien arabera Espainiako Auzitegi Nazionalak onartu egin du ARGIAk azaleratu zuen Ertzaintzaren eskaera: epaiak publiko egin aurretik zigortuak atxilotzeko baimena ematea. Herri harresiak saihestu nahi dituzte horrela, baina bide katramilatsua da hori. Batetik, atxiloketak legez kanpokoak izan direla salatu dute senideek, bestetik, epaia irmoa izan gabe atxilotu dituztelako eta, zaila den arren, Epaitegi Gorenak gazteren bat absolbituko balu agerian geratuko litzatekeelako; eta azkenik, agerian geratu denez, nahikoa delako zigortuetako batek ihes egitea ekidin nahi duten elkartasun erakustaldia berdin-berdin gertatzeko.

Eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimendua etxeko lanak egiten ari da bitartean. Hainbat herritako Libre lantaldeak, harresiak eta Eleak mugimendua sendotze prozesuan murgilduta daude. Kasuan kasu erantzuten duen dinamika izatetik, Euskal Herriko talde gehienak elkar koordinatzen diren mugimendua izatera igarotzen ari da. Horrek eragina izan du Gasteizko harresiaren parte-hartze jendetsuan.

Desobedientziaren bidean ere jauzi kualitatiboak atzeman dira Gasteizen. Identifikazioak zailtzeko maskarak jantzita eta aurpegiak marraztuta, burutik behera pintura botatzeko prest diren desobedienteak, desalojoa zailtzeko sarea eta kateak, elkar lotutako solidarioak... geroz eta zailagoak dira atxiloketak. Erronka berriak irekitzen dizkio honek mugimenduari. Konpromiso maila ezberdina duten herritarrei harresian beren lekua eroso aurkitzea izango da horietako bat, inor ez kanpo sentitzea.

Hiru lagun atxilotzeko Ertzaintzak 300 pertsona atera eta hiru ordutik gora behar izan ditu. EAEko poliziaren bortxakeria herri harresi guztietan presente izan bada ere, Gasteizen bereziki nabarmendu da. Egun argiz eta kameren aurrean kolpeak, borrakadak eta ostikoak eman dituzte. 70 pertsona artatu behar izan dituzte erizain bolondresek, tartean harresitik atera ostean hanka dislokatu dioten gazte bat. Balantzaren beste aldean, 17 agente zauritu. Zauritutako ertzain gehienak beren artean erorita edo elkar jota zauritu zirenez, gustu txarrekoa da zauritu guztiak maila berean jartzea, hainbat hedabidek egin bezala.

Gasteizkoaren ondoren, galdera nagusi bat geratu da airean: Zergatik aritu zen Ertzaintza horren bortitz? Zaila da planteamendua ulertzea, eta gako batzuek ezkutuan behar dute oraindik. Polizia ereduak berak izango du zerikusi handirik, baita beldurraren hedapenak ere; bortxa baita elkartasuna indargabetzeko mekanismo eraginkorretako bat. Hala ere, kostu politikoa du herritarrak horren agerian jipoitzeak.

Harresiek epaitegietara jauzia egingo dute. 20 lagun baino gehiagok abokatu taldea osatu dute. Lehen aldiz, erasoen frogak bildu eta identifikatutako ertzainen aurka salaketak jarriko dituzte.

Torturaren erabilera politikoa

Zilegi al da tortura Eusko Jaurlaritzarentzat? Lakuako gobernuaren ekimenez, 1960tik gaur arte izan diren 3.600dik gora tortura salaketa bildu ditu Pako Etxeberriaren lantaldeak. Tartean, Ertzaintzak kartzelara bidali dituen zazpi gazte hauena ere bai ziurrenik. Torturaren aurka hitz egin arren, gazteak atxilotuz, praktika horri zilegitasun politikoa ematen ari zaio Eusko Jaurlaritza, gazteok atxilotzeko dagoen oinarri bakarra torturapean ateratako autoinkulpazioak baitira, eta beraz, legedia betearaziz, torturaren erabilera politikoari zilegitasuna ematen dion aktore nagusietako bat bilakatu da Eusko Jaurlaritza.

Herritarren parte handi baten nahiak eta eskubideek sistemaren legalitatearekin topo egitean piztu dira behetik gora mugimendu berriak mundu zabalean: M15, Occupy Wall Street edo Tahrir plazako mugimenduak... Desobedientzia zibila, espazio publikoaren okupazioa eta justizia eskaerak oinarri hartuta, batean eta bestean fenomeno herrikoiak gorpuzten doaz. Euskal Herrian ere herri harresien mugimendua gako beretan kokatzen da.

Zazpi gazteen auzia, eskema identitariotik harago, “justizia vs legea” eskeman kokatzea izan da azken harresiaren lorpen esanguratsuetako bat. Bueltan emaitzak jaso dira: mundu mailan eskema alderdikoietatik at kokatzen diren mugimendu ugariren atxikimendua, animoak eta oihartzuna. Ohiko lagun nekaezinen sostenguaz gain, elkartasuna iritsi da hainbat herrialdetatik: Espainiako estatua, Grezia, Alemania, Australia, AEB, Ingalaterra, Irlanda, Herbehereak, Errusia, Ukraina, Italia… Sistema demokratikoa berreraikitzea eskatzen duten taldeekin konplizitatea sortzen lan handia geratzen bazaie ere, Euskal Herritik bertatik hasita, pausu kualitatibo handia eman da Gasteizen. Espainiako estatuan ere, Gasteizkoak jarraipen oso zabala izan du eta sare sozialen bidez M15 bueltako kolektibo ugarik babesa adierazi dute. Baita hainbat alderdik ere lehen aldiz, hala nola, Equo, Izquierda Unida, Podemoseko hainbat zirkuluk... Eta bereziki aipagarria da ELAren kritika, Ertzaintza barruan hirugarren indar sindikala dela kontuan hartuta: “Injustiziaren aurrean erresistentzia pasibo ez biolentoa eskubidea da, eta iritsi da euskal indarrek daukagun autogobernuaz gogoeta bat egiteko unea. Gero eta agerikoagoa da, autogobernua estatuko botereek hartutako erabakiak betetzera mugatzen dela”.

Mugimenduak duen erronka nagusiari heldu dio horrela: alderdikerietatik aldendu eta bere burua  den bezalakoa agertzea, denen eskubideen defentsan lan egiteko prest dagoen herritar taldea.

Galdera berriak aurrera begira

Desobedientzia zibilarekin eta herri harresien aldarrikapenarekin bat datozen alderdien esku balego Gobernua, EH Bildu kasu, nola kudeatuko lituzkete herri harresiak eta Ertzaintza?

Datorren auzi politiko handia Herriko Tabernen aurkakoa izango da. Zigorra etorriz gero, EAJ prest egongo al da Euskal Herriko indar politiko nagusietako baten 107 lokal publiko konfiskatzen laguntzeko?

Milaka pertsona espazio publiko berean bildu ditu harresien mugimenduak. Elkarren zaintzatik abiatuta, kolektibitate sentimendua indartzeko zer egin daiteke aurrerantzean?

Libre talde berri asko sortu dira azken urtean, gehienak epaiketa politiko zehatzei erantzuteko. Epaiketetatik harago, beste zerbait berriaren ernamuina al da hau?

Herri harresien dinamika politikoki jasanezin bilakatzeko arriskuaren aurrean, emango al du pausorik Jaurlaritzak kondena injustu hauekin amaitzen laguntzeko?

Gasteizko herri harresia, Topaturen bideoa:


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herri harresiak
Hamar urte bete dira Ondarroan zubi harresia eraiki zenetik

"Kartzelak husteko garaia" zela argudiatuta, Urtza Alkorta ondarrutarraren atxiloketa saihesteko zubi harresia eraiki zen Ondarroan 2013ko maiatzaren 10ean. Lau egunetan, Ondarroatik egindako aldarriak Euskal Herriko mugak gainditu zituen.


2019-04-08 | ARGIA
Espetxetik irten da Ekaitz Ezkerra, Donostiako herri harresiko azken presoa

Igandean, apirilak 7, espetxetik irten da Ekaitz Ezkerra preso politiko donostiarra, sei urteko espetxe zigorra bete ostean. 2013ko apirilaren 30ean atxilotu zuten Ezkerra, Donostiako Askegunean, Segiko kide izatea leporatuta. Orduan atxilotu eta espetxeratutakoetatik Ezkerra... [+]


2018-10-01 | ARGIA
Seven young Basques illegally sent to prison

They were arrested in 2015 after being accused by the Ertzaintza (Basque police) of being members of pro-independence organization Segi. The Spanish Constitutional Court has now declared the order for arrest and imprisonment invalid and “against the law and rights”.


2018-09-26 | ARGIA
Zazpi gazteren atxilotze eta espetxeratzea "legez kontrakoa" izan zela ebatzi du Konstituzionalak

2015ean atxilotu zituen Ertzaintzak Segikoak izatea leporatuta Espainiako Auzitegi Nazionalak epaitutako zazpi lagun, horietatik hiru Gasteizen egindako “herri harresian”. Defentsak Auzitegi Gorenean jarrita zuen helegitea aintzat hartu eta gazteak kartzelaratzeko... [+]


Eguneraketa berriak daude