"Bloga bezalako mila espazio euskaldun egiten badira, Ertzaintza euskalduna izango da"

  • Endika Etxebarria Harlax blogaren administratzailea da. 2013an, ertzainen artean euskararen erabilera bultzatzeko euskarri xume gisa abiatu zuten bloga lau ertzainek. Hala dio blogak: Ertzainak ere euskararen alde. Hemen edo han... baina egin. Etxebarria blogaria eta ertzainen euskara irakaslea da Arkauteko Akademian.

     

“Gurean euskara ikasten ari diren ertzainak blogean sartzera animatzen ditugu, baita hizkuntza eskakizuna ateratzeko asmoa dutenak eta eskolara etortzen ez direnak ere”.E. E.k utzia

Zergatik sortu zenuten bloga?

2013an sortu genuen, baina aurrekariak ditu. Ertzainei euskara eskolak eman eta gero, blog txikiak irekitzen genituen ikasleekin izandako harremana ez galtzeko, eta haiek euskararekin lotutako haria ez galtzeko. Materiala jartzen genuen lanean jarrai zezaten. Ahalegina eta inbertsioa alferrikakoak izaterik ez genuen nahi: euskalduna zara eta ez galdu daukazun maila.

Duela bi urte sortu zenuten gaur egungo bloga?

2013an serio hartu genuen eta zerbait egonkorra egitea erabaki genuen. Beste blogak ezabatu egin genituen. Leloa jarri genion: Ertzainak ere euskararen alde. Harlax izena dauka, bere garaian argitaratzen zen ertzainentzako aldizkari teknikoak izen hori baitzeukan. Lau gabiltza blogean, denak euskara irakasleak edo trebatzaileak gara. Ni naiz administratzailea. Besteek e-postaz eta fotokopia bidez edukiak pasatzen dizkidate eta nik eskegi egiten ditut. 2013ko Euskararen Egunean, abenduaren 3an, hasi ginen lanean.

Sare sozialetan ba al zaudete?

Twitter eta Facebook dauzkagu. Lehenengoan bigarrengoan baino dinamikoagoak gara. Euskara munduan Ertzaintzarekin lotura daukaten kontuak zabaltzen ditugu. Aurrekoan adibidez, isuna jarri zioten emakume harena zabaldu genuen. Hernaniar batek isuna jaso zuen, baina ertzainekin euskaraz egitea lortu zuen eta bere poza agertu zuen.

Blogean zer eskaini nahi duzue?

Ez da euskara ikasteko gunea. Guk euskararen erabilera bultzatu nahi dugu, ertzainak motibatu eta informazioa elkarbanatu. Gurean euskara ikasten ari diren ertzainak blogean sartzera animatzen ditugu, baita hizkuntza eskakizuna ateratzeko asmoa dutenak eta eskolara etortzen ez direnak ere. Ertzaintzako gaiekin zerikusia daukaten kontuak jartzen ditugu, lanbidearekin zerikusia daukaten bideoak, eta sarri hiztegi teknikoa biltzen duten albisteak edo artikuluak.

Borondatez egindako bloga da. Antzeko webgune ofizialen batek egon beharko al luke?

Nik uste dut baietz. Ertzainen erdia hamar urte barru jubilatuko da. Arkauten ikasle direnen erdiek B2 maila egiaztatuta daukate, eta askok EGA daukate. Lehen pentsaezina zen, baina hainbat ikasgai euskaraz ematen dira gaur egun. Euskararen aldeko bultzadak alde guztietatik etorri behar du, ikasleen aldetik, blog xume baten aldetik...

Euskararen aldeko indarra sumatzen duzu Ertzaintzan?

Apurka-apurka badator bultzada, gizartean gertatzen den bezala. Garai batean Garitanoren [Gaizka Garitano Eibarko futbol entrenatzailea] jarrera ulertezina izango zen, baina orain Almerian ere ulertzen dute.

Olatuaren gainaldean gaude eta baliatu egin behar da. Arkauteko Akademian euskaraz asko egiten da, lehenengo hitza euskaraz da, mintzalagun taldeak dauzkagu, Korrikan hartu dugu parte. Garai batean pentsaezinak ziren horrelako egoerak. Gaur egun aurrerapauso handiak ikusten ditut.

Bloga euskararentzako espazio bat dela diozu. Zu ertzainen euskara irakaslea zara. Beste espazio bat izango da hori.

Eskoletara datozenek ez dute elkar ezagutzen eta hori baliatzen dugu beraien artean euskaraz egiteko ohitura har dezaten, zeren betiko ezagunekin gaztelaniaz egiten dute. Lagun berriekin kode berriak erabiltzea proposatzen diegu. Eskolakoa espazio bat da, eta espazio hori nolabait sarera eramaten saiatu gara. Gureak bezalako mila espazio euskaldun egiten badira, Ertzaintza euskalduna izango da, seguru.

Ertzain euskaldun asko dagoela diozu. Herritarrak ez dauka inpresio hori. Sarri euskaraz egin ezinik geratzen gara.

Duela ez hainbeste urte gomendioak atera ziren. Herritarrek dauzkaten eskubideen artean lehenengoa hizkuntza eskubidea da. Eskubide guztiak errespetatu behar dira, hori barne. Zein izan daiteke prozedura? Barkamena eskatzea, funtzionarioak ez baitu betetzen legedia eta ezin du zerbitzua eskaini. Herritarrak eskubidea dauka, eta ez du zertan uko egin. Barkamena eskatu eta euskara dakien agentea aurkitu beharko du.

Batzuetan dena ulertzen dute, baina ez dira hitz egiten ausartzen.

Hizkuntza eskakizuna lortzen dutenek B2 maila dute. Ez dute bikain hitz egiten, eta jendearekin aritzerakoan atzera egiten dute. Agian, egoera errazetan molda daitezke, baina egoera bortitzak edo hiztegi teknikoa eskatzen dutenak badira ez dira ondo moldatzen. Euskara ikasleek aitortzen dute euskaraz egiten dutenean edo saiatzen direnean jendearen jarrera hobea dela. Sarri, hizkuntza eskakizuna eduki ez arren, euskaldun zahar direnak askoz hobeto moldatzen dira horrelako egoeratan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
Ez da zapalkuntza? Orduan, asimilazioa

Hezkidetzarekin lotutako proiektuak koordinatzeko lankideekiko bilera batean, mutiko batek ikaskide neska bati irain matxista bota diolako gertakaria kontatu zuen irakasle batek, zalantza sortu zitzaiolako egoki jokatu ote zuen, eta gure artean hausnarketa interesgarria sortu... [+]


2024-04-19 | ARGIA
Gasteizko Udalak berean segitzen du: 112.000 euro exijitzen dizkio Lazarraga elkarteari

Lazarraga kultur elkarteak jaso du udalaren eskutik 2023ko dirulaguntzaren zuriketaren xedapena: 112.000 euro itzuli beharko ditu. Elkarteak adierazi du “udalaren borondate faltak” Gasteiz Antzokiaren proiektua kolokan jarri duela eta “udalak sortutako... [+]


2024-04-18 | Euskal Irratiak
Tulalaika besta, Xiberoako ikastolei bultzada emateko

Hirugarren urtez Xiberoako ikastolei bultzada emanen die Tulalaika bestak.


2024-04-17 | Garabide
Manuel Lekuona saria jaso du Iñaki Martinez de Lunak

Euskal komunitateari egindako ekarpena aitortzen dion saria jaso du Garabideren lehendakari den soziolinguista arabarrak.


Eguneraketa berriak daude