Temazcal hitzak lurrun-etxe edo lurrun-tenplu esan nahi du nahuatl hizkuntzan. Aztekek fisikoki nahiz espiritualki garbitzeko erabiltzen zituzten sauna edo terma moduko horiek etxeen albo bati atxikita egon ohi ziren. Etxola txikiak ziren –nobleenak, handiagoak– eta harri goriei ura botata lortzen zuten berotasuna eta lurruna. Nahikoa izerdi bota ondoren, aztekek ur hotzarekin amaitzen zuten erritua, poroak erabat garbitzeko. Gainera, nolabaiteko etekin ekonomikoa lortzen zuten jarduera hartatik, kotxinilla-tindua temazcaletan egiten zutelako, eta errautsak ongarritarako erabiltzen zituztelako.
Konkistaren ondoren, zenbait apaiz espainiar jardun hura debekatzen saiatu ziren, temazcaletan emakumezkoak eta gizonezkoak batera sartzen zirelako. Baina lurrunezko bainuen onurak ikusita, kolonizatzaileek temazcalak baimentzea erabaki zuten, eta zenbaitetan legeak ere egin zituzten ospitaletan eta bestelako eraikin publikoetan lurrun-etxeak eraikitzeko.
Baina aztekak ez ziren Amerikako saunazale bakarrak. Maiek zumpul-chéak zituzten, mixtekek ñihi-ak, eta iparraldeko lakotek inipiak.