Atxondotik infernura, bide okerretik zuzen

  • Gorputza espiritua baino errazago makurrarazten dela sarri entzun dugu. Hori bera frogatu eta “bide okerrean” zeudenak zuzentzeko ez zituen ahalegin gutxi egin inkisizioak Erdi Aroan. Euskal Herrian ezagunak dira XVI. mendean Zugarramurdiko eta Durangoko sorgin-guneetan jazotakoak. Inor gutxik daki, alta, mende erdi lehenago ere izan zela Durangon sorginkeriarekin lotutako beste prozesu bat, eta haren arrastoak gaurdaino iritsi direla, oroitarri gisara.

Anboto, Ipizte eta Tellamendi mendiak, Otxandiotik ikusita.

Ipizte mendian, Anbotoko tontorretik hurbil, bada Ipiztekoarri izeneko harri koskor bat. Gurutze bat dauka alde batean, eta ez du metro erdi baino gehiagoko altuera. Ez dauka beste ezer idatzita, eta behin baino gehiagotan jasan behar izan ditu Atxondoko eta Aramaioko bailarez zein Urkiolako parke naturalaz gozatzera doazen mendigoizaleen begirada galduak.

Harri hori lekuko bat da, 1437 eta 1441 urteen artean gertatu zen gatazka odoltsuaren testigantza mutua. Eta Anbotoko gaina eskoltatzen duen mendilerroan egonik, nola ez, sorginez mintzo dena.

Arrazolatik zerura

Arrazolatik Ipiztekoarriagarainoko bidea egiteko hainbat aukera dauden arren, inguruko mendietako tontorretatik pasatzeko baliatuko dugu irteera. Atxondoko bailaran barrena egin beharko dugu ibilgailuarekin lehenik, Anboto eskubian utzita, Arrazola auzora eta bertako San Roke ermitara iritsi arte.

Bidea oso ondo markatuta dago ikur hori eta zuriekin. Horiei erreparatu eta pista hartuta hasiko gara bidea egiten. Ordubete egin orduko iritsiko gara Besaide (552) gainera. Bizia galdu duten mendizaleen omenezko oroitarria dago Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak bat egiten duten hodei arteko gunean.

Lehen aldapa gogorrak atzean utzita pinudi zabal bat zeharkatu eta Larrabil (669) tontorrerainoko bidea egingo dugu segidan hegoalderantz hartuta. Ez da beharrezkoa Besaidetik pasatzea, eta Arrazolatik zuzenean igo daiteke bertara ordubetean. Aurrera jarraitu behar dugu orduan, parean dugun muinoa ezkerrean utzita, Lurgorri (782) helburu. Puntu horretatik dauden bistak paregabeak dira, Anboto parez pare topatzeak ematen du benetan hainbestetan bidetik ikusi dugun mendiaren neurria.

Hamar minutura dago Tellamendi (835). Bertako gurutze handia atzean utzi eta beherantz egingo dugu Ipiztekoarriagaraino. Parean Aramaio eta Arabako lurrak zabaltzen dira. Inguruan, tontorrerako bidean, garai batean Aramaioko kartzelatik ihes egin ostean Santa Kruz apaiza hartu zuen leizera iritsiko gara.

Mendekuaren oroitarria

Ipiztekoarriak gurutzea du alde batean, eta kondairaren arabera leku horretan hil zuten harrika inkisizioak Durangoko heretikoak epaitzeko bidali zituen apaizetariko bat, Calahorrara bueltan zela. Goazen, baina, kondairaren hasierara.

XV. mendearen erdialdean eliza katolikoa krisi sakonean zegoen. Eliza barrutik berau kritikatzen zuten eta erreforma eskatzen zuten ahotsak gero eta gehiago ziren. Ustelkeria zen nagusi instituzioan eta herri xeheak aldaketak eskatzen zituen.

Krisi horrek iraganeko erritu eta tradizioei oso lotuta zegoen Euskal Herrian ere izan zuen isla, eta gatazka sozial eta politiko egoerak Durangon egin zuen eztanda. Frai Alonso de Mella frantziskotarrak Bizkaiko herrian egin zuen habia, eta bertatik hasi zen eliza katolikoak hartu zuen bide okerra zuzentzeko predikuan. Beste fraide frantziskotar batzuk batu zituen ekinaldira, eta anaitasunaren bertuteak hedatzen hasi zen herritarren artean. 500 jarraitzaile baino gehiago bildu zituen, eta horrek alarmak piztu zituen gortean.

Hamahiru erre, ehunka torturatu

1442ko urtarrilaren 30ean Gaztelako Joan II.ak Alcalá La Realgo abadea eta frai Frantzisko Soriakoa bidali zituen mugimendu iraultzaile horren ingurukoak aztertu eta epaitzera. Frai Alonso de Mella eta haren jarraitzaileak heresiagatik eta sorginkeriagatik akusatu zituzten, beste salaketa askoren artean. Gertakariak epaituta hamahiru pertsona erre zituzten Durangoko merkatu plazan. Inkisizioak beste asko torturatu ostean Valladoliden-eta  erre zituzten. Prozesu horren ondorioz, ehunka errepresaliatu izan ziren.

Durangon, heresia horren aldekoak exekutatu zituzten lekuan, bekamenezko monumentu gisara Kurutzeagako gurutzea jarri ei zuten. Kurutzesantu museoan dago egun.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Otxandio
26 urteko espetxealdia atzean utzita aske da Iñaki Garces otxandiarra

Astelehenean jakinarazi du albistea Etxerat elkarteak. Otxandioko preso politikoa baldintzapeko askatasunean zegoen 2023ko martxoaz geroztik.


2021-11-25 | ARGIA
Otxandioko eskola saritu dute Auzmendi hezkuntza bekarekin, komunitatera hurbiltzeko bere proiektuagatik

Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza Bekaren lehen edizioa Otxandioko eskolak jasoko du. Hernanin eman dute epaimahaiaren erabakiaren berri, hango udaleko eta Hik Hasi egitasmoko ordezkariek.


2021-07-13 | ARGIA
Santi Bengoa CCOO Euskadiko idazkari nagusi ohia hil da

Aramaion jaio eta Otxandion bizi izandakoa, 1988tik 2000. urtera bitartean izan zen CCOO Euskadi sindikatuko idazkari nagusi.


'Lemoiz gelditu' murala
Herri mugimenduarentzat sortutakoa, herritarren esku

Euskal Herrian eraiki nahi zituzten lau zentral nuklearren aurkako borroka babesteko, Jose Luis Zumetak, Karlos Zabala Arrastalu-k eta Bixente Ameztoik Lemoiz gelditu horma-irudia sortu zuten 1980an. Duela gutxi, Bilboko Arte Ederren Museoari eman diotela argitaratu zuen... [+]


2018-07-24 | Hala Bedi
Bonbardaketa eta errefuxiatuak Otxandioko mural berriko irudian

Otxandioko sarreran dagoen eraikin bateko horma oso bat hartzen du udalak egindako mural berri batek. ‘Ongi etorri’ goiburuaren azpian irudi bi ageri dira. Zuri beltzekoak gerra zibilaren eta bonbardaketaren ondorioz Otxandio ebakuatu zuten unea jasotzen du... [+]


Eguneraketa berriak daude