Zein da zein aurtengo Usopopen?

  • Usopop festibala. Non: Sara (Lizarrieta). Noiz: maiatzak 30. Sarrera: 10 euro. Informazio gehiago: usopop.com

Maiatzaren 30ean da hitzordua, Sarako Lizarrietan. Lapurdiko inguru horretan antolatu ohi den musika jaialdia erreferentziazko zita bihurtzen ari da Euskal Herriko indie panoraman. “Musika berriak eta Amalurra” goiburuarekin, nazioarteko musikariak eta euskaldunak uztartu izan dituzte aurreko edizioen karteletan; eta musikaz gain, bertako produktuetan oinarritutako eskaintzak egiten du berezi.

King Creosote bakarlari eskoziarra da aurtengo kartelburua. Kenny Anderson dago izen artistiko horren atzean, 1990eko hamarkadan hainbat taldetan jardun ondoren Fence diskoetxea sortu eta bakarka hasi zen musikaria. Ibilbide oso produktiboa izan du geroztik, bere kasuan ez da arraroa urte berean bi edo hiru disko publikatzea.

Dena den, ez da egungo munduak maiz exigitzen duen produkzio-erritmo frenetikoan murgildu den norbait, antolatzaileen esanetan. Glasgowtik urrun, itsasaldeko herri txiki batean bizi baita eta “hamar bat urtez bertako talde ttipien garapena zaindu du eta kultura alternatiboa baserri mundura etorrarazi du”.

Belako eta Wall of Death

Azkeneko bosturtekoan jaio diren bi taldek ere emango dute zeresana aurtengo Sarako zitan: Wall of Death paristarrek eta Belako mungiarrek. Rock post-psikodelikoa egiten dute aurrenekoek, 2010ean hasi ziren jotzen eta bi urte geroago argitaratutako Main obsession diskoa da beraien erreferentzia nagusia.

Belakoren kasuan, 2011tik gelditu gabe ari dira. Post-punk klabean osatutako Eurie disko luzearekin (2013) eta iaz argitaratutako AAAA!!!! eta Bele beltzak baino ez EPekin jaialdi garrantzitsu askotarako sarbidea lortu dute, baita publikoa harritu ere, zuzenean erakusten duten indar eta freskotasunarekin.

Thousand eta Petti, zein baino zein

Lizarrietako mendatearen beste aldetik etorriko da Petti, Beratik. Noise Hole eta Zup taldeetan aritu ondoren, 1997tik bakarka kantatzeari ekin zion, folk amerikarra eta blues sustraiak uztartuz. Ekainean aurkeztuko omen duen disko berriaren laginen bat eskainiko ote du Usopopen?

Thousand da maiatzeko jaialdiko protagonistetan konfirmatu den azkena. Stéphane Milochevitch gaztearen proiektua da: zenbait urtez beste musikarientzat lanean aritu ondoren 2008an hasi zen bakarka, “folk idorra” eginez hasieran Usopopera ekarri dutenek kontatzen dutenez. Azken diskoan harago joan da, musika beltzaren arima ere bereganatuz.

Etorkizunan elkartzen diren dantzari, koreografo, musikari eta konpositoreen Leihotik ikuskizuna eta A Side B Side DJekin bukatuko da jaialdia.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kontzertuak
Zuzeneko kronika
Behin baziren baionar batzuk...

Willis Drummonden agur besta

Non: Intxaurrondoko kultur etxean, Donostian

Noiz: Urtarrilaren 5ean

Gonbidatuak: Zetkin, Elvis Caino DJ, Indezen DJ eta Zumitrenko DJ.

------------------------------------------------

... esango dugu noizbait. Joan ikustera, baina... [+]


Eguneraketa berriak daude