Iraultza burges odoltsu batetik eskubidez jabeturiko hiritarrak ginen eta kontsumitzaile biluzi egin gaituzte. Supermerkatuetan ahalaz preziorik apalenean zer edo zer erosteko aukera geratu zaigu, eta politikaren alor ikusgarria –gurea barne– presaka hostokatzen den katalogo bihurtua da: bakoitzak bereak hautatzen ditu bere libidoaren arabera.
Afera gaitzak dagizkigu: haragi puska berriz kondizionatua euro soilean eskuratzen dugu. Egunean hirutan irents dezakegu osasunarentzat ezinbestekoa omen den abere protidoz emokatu zitzi gorria. Krisia aipatzen digutela, ez genuke atzera itzuli nahi: arbasoek baba zabarrak eta asun saltsak baino ez zeuzkaten bizi-iraupenaren ziurtatzeko garaira.
Hargatik sei bider ordaintzen dugu gure janari hain merkea: erostean lehenik, zergetatik laborantzari eman subentzioetan gero, pestizidaz eta nitratoez ura garbitzeko tasak pagatzean, loditze eta diabete eritasunekin medikura joatean, bio-aniztasuna galtzeko tenorean eta azkenik nekazaritza industrialak eragiten duen klima aldaketaren ondorioak pairatzean.
Ustiatzaile neoliberalen konplizeak gara.