Malen Etxea. Esanahaia: Malen, emakumea maputxez. Eragin lekuak: Urola Kosta, Donostialdea eta Tolosaldea. Elkarteko kide kopurua: 88 emakume. Helburua: Atzerritik etorritako emakumeei arlo ekonomiko zein sozialean laguntza eskaintzea. Sorrera urtea: 2003.
Jessica Guzman Correa orain zazpi urte iritsi zen Txiletik Euskal Herrira beharrera, eta zaintza lanetan aritzen da atzerritik datozen beste emazte asko aritzen diren moduan. Malen Etxea proiektuko presidentea da gaur egun, emakume etorkinen elkargune, hausnarketa feministak bideratzeko leku eta atzerritik etorritako emakumeen arteko laguntza bultzatzen duen taldeko kide.
Lan mundura salto egiten laguntzen saiatzen dira elkartean, eta baldintza duinak exijitzen dituzte atzerritik etorritako emakumeentzat. Hego eta Erdialdeko amerikarrak dira nagusi hamabi urte dituen proiektuan. Garbi daukate edozein lekutan bizitzeko beharrezkoa dela babesa, harreman sarea, eta hori eskaintzea dute helburu. Ahoz ahoko harremanez dago antolatuta gehienbat, eta horrela iristen dira kide berriak ere; lagun batek zerbait komentatu diolako, ezagun batek taldera deitzea gomendatu diolako...
Momentuko estutasunetik ateratzeko etxe bat ere badaukate Zestoan. Iritsi berriak direnei eta/edo etxerik gabe daudenei eskainitako zerbitzua da.
Asko lan bila dabiltzalako gerturatzen dira proiektura, eta beste askok langile baten beharrean deitzen diete. Zubi lanak egiten ahalegintzen dira, baina beti ere hasieratik legeak finkatutako gutxiengo baldintza batzuk eskatuta: hamalau ordain-sari, asteko jai egunak, eguneko ordutegia, betebehar zehatzak, eta abar. Jakin badakite zenbait kasutan ezinezkoa dutela kontraturik egitea pertsonak bizi dezakeen egoera tarteko, baina puntu batzuk markatzen dituzte. Horiek betetzeko prest ez dagoenari bitartekaritza lana mozten diote.
Formakuntza eta ahalduntze saioak ere egiten dituzte elkarrekin. Talde feminista bezala deskribatzen dute Malen Etxea bertako kideek. Lanketa garrantzitsua egiten ari dira baldintza duinen eta esplotazioaren inguruan. Askok esklabotza egoerak bizi izan dituzte zenbait etxetan. Gau eta egun lanean, asteko zazpi egunetan, tratu txarrak jasanez... Arrazismoa, eurek garbi azaltzen duten moduan. Eta formakuntza eta ahalduntze saio horiek horrelako egoeren aurrean erantzuten ikasteko balio die, bai indibidualki eta bai kolektiboki.
Zaintza lanek sistema kapitalistak ulertzen dituen moduan funtzionatzen duten bitartean, Malen Etxean badakite emakumeek jarraituko dutela behar horiek asetzen; halaber, elkarte honetan lan horien kolektibizazioan sinesten dute, inguru hurbileko sareetan oinarritutako zainketa kolektiboan.
Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]