Itunetan da gakoa, ez irabaztean

Nafarroan urduritasuna sektore politiko guztien muinera iritsi da. Azken 30 urteetako hauteskunde garrantzitsuenak izan daitezke bertakoak. Araban, euskal PPren biziraupena da jokoan. Eta Gipuzkoan ikusiko da neoliberalismoari aurre egin nahi dion EH Bildu moduko indar independentista bati, irabazita ere, berriz korronte nagusiaren aurka gobernatzen utziko lioketen.

Gizarte aldaketak egun bakarrean neurtzeko termometro garrantzitsuena dira gaur egun hauteskundeak. Batzuetan argi sumatzen da aurreko legealdiko norabide bera eta tentsio eza. Ez da kasua, oraingoan hauteskundeetako emaitzen elkarrizketak gutxitan moduan heltzen ari dira  sukalde eta kale txokoetara.

Emaitzek emango dute aldaketaren neurria, baina alderdi klasikoek –ezker-eskuin– hartu beharko dute apunterik azken urteetako hainbat gertaeratik: Podemos, Ciudadanos, gizarte mugimenduetako jauzia politika instituzionalera, hautetsien hautaketarako barne prozesuak, alderdia eta bere gobernuaren arteko harremana…  Egokitzeko ahalmena erakusten ez duenak herren helduko dio krisiak ekarritako aro politiko-sozial berriari.

Hipotesi batzuk. Nafarroa: enpate teknikoa iragartzen dute, ez dago inkestarik bloke bati –UPN-PSN-PP-Ciudadanos / Geroa Bai, Podemos, EH Bildu, Ezkerra– garaipen oso argia ematen dionik. Sortu daiteke bloke arteko osaketarik? Oso gaitza, baina inkestetan bat agertzen da: Geroa Bai, Podemos, PSN eta Ezkerra. Ez litzateke Laura Perezen gustukoena PSNren eskutik joatea, baina Madrilgo Podemosentzat bai, batez ere alternatiba EH Bildurekin joatea bada.

Aldaketa argiaren hipotesia: alternatibaren blokeak –PSN gabe, jakina– 26 eserleku lortzen ditu. Geroa Bai lehena bada, Uxue Barkos izango da hurrengo lehendakaria. Podemos nagusitzen bada Laura Perez. Eta EH Bildu bada blokeko lehen indarra? Logika demokratikoak eramango luke esatera aldaketaren eskeman berak beharko lukeela hurrengo lehendakari, baina… orduan entzungo da “Nafarroako gizartea ez dagoela halako egoera baterako prestatua”, edo “horrelako gobernu batek ez lukeela urtebete iraungo”, edo “oraindik koalizioak behar duela biziberritze demokratiko sakonagoa” edo beste hainbat aitzaki. Perezek dio programetan oinarrituko direla, Araizek blokeko lehenengo indarraren aukera errespetatuko dutela eta Barkosek ez dakitela, emaitzen ondoren erabakiko luketela hori.

Gerta liteke baita ere UPN, PP eta Ciudadanosek beste blokeak baino gehiago lortzea, 22-21 irabaztea, adibidez. “Salbazio gobernua” litzateke, baina gobernu oso ahula ere bai. Posible litzateke, halaber, abuztuaren 24rako gobernurik ez eratzea eta hauteskundeak errepikatu behar izatea. Eszenatoki txarrena litzateke, eta  hori da UPN kanpainan erabiltzen ari den bigarren mamu indartsuena. Lehena baskoak eta EH Bildu dira, eta nola.

Araban EAJk eta EH Bilduk nahiko balute, PPk ez luke gobernatuko. Edo berdin EAJk eta PSEk hala nahiko balute. Ezinezko ez, baina oso gaitza izango da PPk Arabako Diputazioa berriz gobernatzea. Eta Gasteizen? Javier Marotok akaso lortuko du gehiengoa, baina EH Bilduk, Podemosek sostengatutako Sumandok eta Irabazik inkestek iragarritakoa lortzen badute, ezkerreko hautagaitza batek PP garaituko luke. Eta Jeltzale eta sozialisten baturak ere bai. Edo EAJ eta EH Bildurenak. Udaletan, aldiz, diputazioetan ez bezala, gehiengo osoa lortu behar da alkatetza eskuratzeko eta bestela zerrenda bozkatueneko hautagaiak lortzen du alkatetza automatikoki (1). Noren esku da, beraz, euskal PPren azken gotorlekua?

Olanotarren lehian Xabierren aukera korapilatsuagoa da. EAJ eta PSEren arteko harremana beste egoera batean zegoen 2011n, oraindik Patxi Lopez lehendakari zela. Bi alderdiek egin dute jada ibilbide bat harrez geroztik eta Gipuzkoan Bilduk gehiengoa lortuta ere, foru gobernuan berriz agintzea arras zail aurreikusten da. Podemosek eta Irabaziren emaitzek eman lezakete ezustekorik, baina orduan ere gaitza horiek EH Bildu sostengatzea, batez ere Podemosen aldetik.

Azken ohar bat hautetsiei: gaur egun ez du agintzen boto gehien lortzen duenak, parlamentario, batzarkide edo zinegotzi gehien batzen duenak baino. Keinukarien jarrerak –hemen bai, hemen ez– ez du balio, arauak instituzio guztietarako balio du.

(1) Irakurleak artikulu honen papereko bertsioa irakurritzen badu –2462. zenbakian– ikusiko luke ohar hau daraman esaldia ez dagoela han (`"Udaletan, aldiz, diputazioetan ez bezala, gehiengo osoa lortu behar da alkatetza eskuratzeko eta bestela zerrenda bozkatueneko hautagaiak lortzen du alkatetza automatikoki"). Gasteizko irakurle batek ohartarazi dit akatsaz eta aldaketak baimentzen duen interneteko bertsioan egoki jarri dut. Batzuetan azkartasunak –eta desioak akaso?– ezagunak diren gauzak ahaztera garamatza. Horrela hobeto ulertzen da artikulua, irakurlea egoki informatzen du eta gainera akatsa onartzeko aukera ematen dit.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
"Mario Lopez" eta "Gernika"

Krimen matxistak, mediatizatzen direnean, emakumeontzat lezio bilakatu ohi dira, eta bizirik badago, biktimarentzat. Nerea Barjola ikertzaileak Alcasserko kasuaren bidez azaldu zigun hori. Eta Nagore Laffageren hilketak ere lezio astun bilakatzeko arriskua izan zuen, lezioa... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


2024-03-31 | Diana Franco
Teknologia
Gorputzaren memoria

Mekanografia ikasi baduzu, gitarra jotzen, josten edo eskuz idazten, ulertzen duzu zure gorputzak zelan memorizatzen dituen zenbait jarduera. Gorputza eta adimena modu miresgarrian daude harremanduta, bat dira. Gizakiok sortu dugun teknologia eta honek gure gorputzarekin duen... [+]


2024-03-31 | David Bou
‘La xarxa ultra’

ARGIArekin azken kolaborazioa egin nuenetik lau hilabete igaro direnean, testu honen bidez nire iritzi-artikuluei berriro heldu diet, baina azalduko dizuet zergatik alde egin dudan denboraldi honetan aldizkari maitagarri honen orrialdeetatik.

Otsailaren 20an La xarxa ultra... [+]


Eguneraketa berriak daude