Otomandar Inperioa, 1718. Mary Wortley Montagu britainiar enbaxadorearen emazteak turkiarrek elgorria kontrolpean izateko erabiltzen zuten metodoa idatziz jasotzea erabaki zuen:
“Udazkenero, irailean (sic), bero handia arintzen denean, jendeak elkarri mezuak bidaltzen dizkio, senitartekoren bat elgorria harrapatzeko prest ba ote dagoen jakiteko. Horretarako bilerak antolatzen dituzte eta hamabost edo hamasei laguneko taldea biltzen denean, atsoa etortzen da, elgorri mota bikainenez betetako intxaur azala eskuan, eta zer zain irekitzea nahi duzun galdetzen dizu. Eskaintzen diozun zaina urratzen eta zabaltzen du berehala orratz handi batez. Orratzak ez du ohiko harramazka batek baino min handiagorik ematen. Ondoren orratzaren buruan sartzen den adina pozoi jartzen du zaurian, eta maskor zati batez estaltzen du. Modu horretan lauzpabost zauri irekitzen dizkio bakoitzari”.
Britainiar damak, metodoak harrituta, Ingalaterran ezarri nahi izan zuen. 1721ean Charles Maitland mediku prestigiodunari alabarekin antzeko zerbait egin zezan eskatu zion. Zurrumurrua zabalduz joan zen, eta gorteraino iritsi zen. Errege-etxean ere elgorria prebenitu nahi zuten, baina metodoa lehenago beste batzuekin probatzea erabaki zuten, zer gerta ere. Heriotzara kondenatutako dozena erdi preso erabili zituzten akuri. Arrakasta erabatekoa izan zen, sei presoentzat batez ere: urkamendia saihesteaz gain, handik aurrera elgorritik immunizatuta egon ziren. Emaitza onen ondoren, Jurgi II.a erregearen alaba Karolina printzesari ere tratamendu prebentiboa eman zioten.
Beraz, txerto primitibo moduko horrek funtzionatzen zuen, baina ez beti, nahita kutsatutakoen %2 ingururi gaitza gaizkitzen zitzaien eta hil egiten ziren.
Ez dakigu halako inokulatzeak egiten noiz hasi ziren Otomandar Inperioan, baina ustez K.a. 200 urte ingurutik antzeko praktikak egiten ziren Asian. Txinan baztanga arina zuten gaixoei pustula lehorrak kentzen zizkieten, xehatu egiten zituzten eta hauts modukoa sudurretik sartzen omen zuten immunizatu nahi zutenek.
Eta XVIII. mende amaieran, elgorria baino baztanga zen Europarren kezka nagusia. 1796an Edward Jenner landa-mediku ingelesa konturatu zen esne-biltzaileek tarteka “behi-baztanga” modukoa harrapatzen zutela etengabe animalia horien ondoan egoteagatik, eta horri esker, gero ez zutela ohiko baztangarik harrapatzen. Behi-baztanga Sarah Nelmes abeltzainari hartu eta James Phipps 8 urteko mutikoari sartu zion. Eta, hala, lehen txertoa asmatu zuen. Ofizialki.