argia.eus
INPRIMATU
Midas
Edu Zelaieta Anta 2015eko maiatzaren 13a

Demagun, une batez, informazioa dela gaurko urrea. Barka, utzidazue zehatzago esaten: demagun informazioa kontsumituko duten pertsonen arreta lortzea dela gaurko urrea. Maiz hala aritzen baitira komunikabide nagusiak. Guregatik ari direla esango digute. Informatuak egoteko eskubidea aldarri hartuta, beharbada. Guregatik eta guretzat. Barka, utzidazue berriz ere zehatzago esaten: zeuregatik eta zeuretzat.

Zeuk eskatu gabeko ehunka kontu azalduko dizkizute xehero-xehero. Momentuko berria zein den ere komunikabideek erabakiko dute. Hartara, kargu hartuko dizute lanean edota familia bazkarian ez dakizulako zer gertatu den: “Zein mundutan bizi haiz, baina?”. Are gehiago, halako albisteetan tragedia eta drama ohiko osagai direnez gero, fribolotzat hartua izateko arriskua ere baduzu. Jakizu. Uhin nagusien kontrakarrean ibiltzeak, nahi gabe izanda ere, beti dakar prezioren bat.

Midas erregearen mitoan bezala, komunikabideek ukitzen duten guztia urre bilakatzen da. Urregorri. Urrezuri. Urre ahaztu. Non dira orain Nepalez kontatu (ez) dizkizuten istorioak?