Intimitatearen hizkera politikoa

Itxaronaldia luzea egingo zitzaien Anariren jarraitzaileei, 2009ko Irla izan hartatik kanta berririk argitaratu gabe zegoen, ez ordea geldirik. Urte hauetan publikatuak ditu Bidea eta denbora zuzeneko diskoa eta parte hartu du erreferentziazko hiru omenaldi-diskotan. Mikel Laboa zenari eskainitako Txinaurriak binilo bikoitzean laino elektrikotan bildutako Aintzinako bihotz sinatu zuen; Imanol Urbietari eskainitako Bakarrik eta librerako Gitarra baten bertsioa eskaini zigun haurren ahotsez inguratuta; eta iaz publikatutako Lou Reed, mila esker lanaren azkenaurreko piezak ere bere marka dauka.

Nagusiki Irla izaneko errepertorioa oinarrituta zuzenean aritu den urteotan publiko berria inguratu zaio Anarik berak telefonoaren beste aldetik aitortzen duenez. Eta entzuleen gosea sumatzen zen Zure aurrekari penalak aurkeztu aurretik: aurre-salmenta bidez eskatutako diskoak etxeetara iritsi ahala hasi dira iruzkinak agertzen sare sozialetan.

Joan den ostegunean aurkeztutako diskoaren tituluaz galdezka hasi gara hizketan, aurreko lanetan baino izenburu konkretuagoa zergatik hautatu duen galdetuz. “Intentzioa badauka. Ez da titulu erraza, badu jolasetik ere, diskoko kantu batek azaltzen du. Nahi izan dut beste idazketa bat landu, gauza berdinez beste hitz batzuekin kantatzeko. Ez naiz bat-batean kantu sozialak egiten hasi, baina hitz batzuk bai hartu ditudala eremu horretatik”. Nolabait esateko, egunkariaren lehenbiziko erdiko hizkera hartu eta bigarren erdira eraman nahi izan duela esplikatu du.

Ideia horrekin kantak egiten ari zela argitaratu zen Jose Luis Otamendiren Kapital publikoa poema liburua eta Anarik sumatu du asmoan halako kidetasun bat. “Ez naiz urrutitik ere konparatuko Otorekin noski”, egin du ñabardura, Azpeitiko idazleari dion begirunea azpimarratzearekin batera, “baina bide beretik abiatu ginela iruditu zitzaidan”. Disko berriko hitzek polisemia-joko ugari dutela dio, prentsako idazkerak ustekabean eskaintzen dituen figura literarioak baliatu dituela.

Grabazio prozesu luzearen ondoren argitaratu da Zure aurrekari penalak: aurreko diskoak 15-20 egunean erregistratu zituzten, oraingoan aldiz “gehiegi ere” luzatu direla uste du azkoitiarrak, estudioan zenbat eta denbora gehiago pasa, orduan eta buelta gehiago ematen zaizkiela gauzei. Ifrentzua badu luzatze horrek, berrikusteko denbora gehiago hartu dutela. “Azkenean disko bat da egin nahi duzuna, lortzen ez duzuna… dena. Horrela behar zuen”.

Anariren ohiko taldeaz gain –Borja Iglesias, Mikel Abrego, Xabier Olazabal Drake eta Mariano Hurtado–, hainbat kolaboratzaile izan ditu diskoak: Eneko Burzako Moby Dick, Lisaböko Javi Manterola eta Karlos Osinaga Txap –soinu teknikaria ere bera izan da–, Napoka Iriako Ander Mujika eta Audienceko Ager Insunza, besteak beste. Ekipo ona aurten musikazale gehienek zerrendan apuntatuta zeukaten nobedadearentzat.

Anari. Zure aurrekari penalak

Aurkezpen kontzertuak:

Maiatzak 21, Bilbo (Kafe Antzokia)

Maiatzak 23, Donostia (Intxaurrondo KE)

Maiatzak 28, Gasteiz (Jimmy Jazz)

Maiatzak 20, Azkoitia (Matadeixe)

Ekainak 4, Iruñea (Zentral)

Ekainak 5, Baiona (Atalante)

Informazio gehiago: anari.eus


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2024-03-24 | ARGIA
Korrika: 23 edizioetako kanten bilduma

43 urte igaro dira AEK-k lehenengo Korrika antolatu zuenetik 1980an. Lekukoak egindako ibilbideen, leloen, abestien eta omendutako pertsonen errepasoa jarraian.


2024-03-24 | Lander Arretxea
Musika iruditan (I)
Bideoklipei begira, lentearen beste aldetik

Mundualdi honen soinu-banda osatzen duten abesti gehien-gehienek propio filmatutako irudiak izan ohi dituzte: bideoklipak. Musikariengandik oso gertu, ikus-entzunezko egileen belaunaldi gazteago batek lan horretan aurkitu du zineman edo telebistan ez duen hori: trebatzeko... [+]


Anari Alberdi. Zazpigarren azalberritzea
"Nire eremua soziopoetika da"

Martxoaren 1ean elkartu gara Anarirekin, Giza zarata argitaratu eta biharamunean. Andoaingo poligono batean egin dugu hitzordua: han dauka taldeak entsegu-gela. Poster zaharrez eta instrumentuz inguratuta hitz egin dugu, alboko gelakoen erritmoez lagunduta. Larunbatean, hilak... [+]


2024-03-17 | Xalba Ramirez
'In' salto mesedez

Katuzaldia
Ezezez
Autoekoizpena, 2023

----------------------------------------------------

Inoiz ez dut jakin oso ondo zein den “rollo british” musikan, sekula ez naizelako bereziki zalea izan, akaso. Ezezez entzutean, ordea, ez dut dudarik zer esaten duten... [+]


Eguneraketa berriak daude