Homofobiak ez nau harritzen


2015eko maiatzaren 17an

Hedabideek bi eraso homofoboren berri eman zuten apirilean. Lehenengoa Getxon izan zen: gay aktibista bat bere bikotekidearekin zegoen terraza batean, gizon batek berarengana jo zuen “marikoi” oihukatuz eta aulki batez kolpatu zuen. Bigarrena Madrilen: lau lagun kalean zihoazen gauean eta talde batek “marikoi” oihukatuz jipoitu zituen.

Sare sozialetan harridura adierazi dutenak heterosexualak ote diren intuizioa daukat. Gay eta lesbianentzat, maritxu eta soropilentzat, ordea, homofobia eta lesbofobia gure eguneroko errealitatea delako. Hots, Getxoko berria irakurri eta egun batzuk geroago, Bilboko lagun baten deia jaso nuen: bere lagun batek “marikoi” oihukatzen zion gizon talde bati ihes egin zion, oso izututa. Gertatutakoa salatu nahi zuen.

Halako gertakariek LGTB mugimenduko pertsonon beldurrak elikatzen dituzte. Inoiz bortxatuak izan ez garen arren, emakumeok kaletik sentitzen dugun beldur sistemikoari sexu ikara deitzen zaio. Guk ikara homofobiko eta lesbofobikoa bizi ditugu. Kalean bikotea musukatzerakoan edo besarkatuta paseatzean, zaila da urduritasun puntua ez sentitzea. Erne gaude, begirada edo hitz mingarriren bat jaso dezakegulako. Batzuetan harro edo ausart sentitu ahal gara, beldurra gainditu dugulako, esparru publikoan gu izateagatik politika egiten ari garelako. Baina hori salbuespen egoeran bizi dugun adierazle da. Lelo feministak dioen bezala, ez dugu ausart sentitu nahi, aske baizik.

Nire familiako kide gehienek ez dute nire lesbianismoa onartzen; fase bat dela uste dute, onurarik ekarriko ez didana, eta ez dute nire bikotekidea ezagutzeko gogorik, emakumea delako. Nire bi lagun heteroei hau kontatu eta ni animatzeko asmoarekin hauxe erantzun zidaten: 1.:  “Esaiozu zu pertsonekin maitemintzen zarela” (ze polita, “les-bi-ana” baino askoz dotoreagoa). 2.: “Ez dut ulertzen nori axola zaion norekin oheratzen zaren”. Eta 3.: “Hala ere, ez dut ulertzen zergatik batzuek homosexualak direla oihukatu behar duten”. Amorrua irentsi nuen. Nola azaldu halako komentarioak ere iraingarriak direla? Nola azaldu eurek ere “heteroxesuala” dioen kartela daramatela aurpegian itsatsita? Nola azaldu homosexualitatea ez dela sexu zaletasun pribatu soila, homofobiak eta lesbofobiak gure nortasunean, bizitza afektiboan, familiarrean eta publikoan eragina daukatela? Nola azaldu heterosexualitatea ez dela aukera bat, pertsonak mugatu eta zapaltzen dituen sistema krudela baizik?

Behinola, Bilboko autobusean, nire atzean bost urte inguruko neskatila zihoan bi emakume heldurekin –demagun ama eta amama zirela–. “Eneko zure nobioa da?”, galdetu zioten. Eta haurrak: “Ez. Eneko nire laguna da. Leire da nire nobia”. Eta helduek: “Ez, maitea. Eneko zure nobioa da. Leire zure laguna”. Heteroarauak txikitatik nor deseatu eta maitatu behar dugun esaten digu, bestela presioak jasoko ditugu, bide egokira itzul gaitezen.

Facebooken eraso homofoboen berri ematen duten gizon askok, lagunartean “marikoi” hitza erabiltzen dute, irain zein “txantxa” bezala. Tolerantzia eta egiazko sexu aniztasunaren onarpenaren artean salto handia dago, eta ez dut ikusten heterosexualak definitzen diren pertsona gehienek heterosexismoaren kontra borrokatzen dutenik. Indarkeria matxistarekin gertatzen den bezala, erosoagoa da homofobia eraso isolatuen multzoa dela pentsatzea, norberak bere ardura onartu eta eguneroko jarrera heteronormatiboak aldatzeko konpromisoa hartzea baino.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


ASTEKARIA
2015eko maiatzaren 17a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude