argia.eus
INPRIMATU
Baby, baby, behi bi

Joxi Ubeda Goikoetxea 2015eko maiatzaren 12a

Behi bi blues

Gaizka Azkarate & Azkaiter Pelox

Gaztelupeko Hotsak, 2014

Unai Azkarate Bergarako musikaria Fly Shit taldea utzi ondoren hasi zen Azkaiter Pelox moduan 2004an, blues, rhythm and blues, rock and roll eta beste zenbait doinu beltz lantzen. Azken urteotan hainbat disko kaleratu ditu, 2012an Zamburleiker 6.0 izenekoa, eta hainbat modutan aritu da jendaurrean: Azkaiter Pelox, Azkaiter Pelox Band, Azkaiter Pelox eta The Road Band –Carlos Ortiz eta Amaia Azpiazu musikariekin–, Mahaster River, Gaizka Azkarate & Azkaiter Pelox...  

Hain zuzen, Gaizka Azkarate Soraluzeko gaztearekin osatu du Behi bi blues diskoa. Azkaratek harmonika jotzen du, Azkaiter Peloxek gitarra jo eta kantatu, eta kantuak Fredi Pelaez teknikariaren laguntzarekin grabatu dituzte Beasaingo Pottoko estudioan.

Kantu gehienak Azkaratek eta Peloxek beraiek sortu dituzte, eta bertsio pare bat egin dute. Otis Reddingen Sittin’on the Dock Of The Bay kantuaren bertsioaren bidez Gipuzkoako Orioko itsas ertzera eraman gaituzte, eta Bap! taldearen Ez dut ezer esan nahi hardcore kantua modu akustikoan egin dute, beren erara.

Blues doinuak dira, baina bluesaren giro malenkoniatsuari bizitasuna gehitzen diote eta ironiaz idatzitako hitzek irribarrea eragiten dute. Giro polita sortzen dute, azken batean. Azkaiterrek berak aitortu duenez, gai sakonen edo potoloen gainean hitz egin baino, nahiago dute xumeagoak diren beste gai batzuen edo gertakizun txikien inguruan aritu.  

Bluesa maite dutela nabarmena da, ongi ezagutzen dutela. Doinu horiek jotzen eroso aritzen dira, eta aise egiten dute. Dena den, beren kantuek beste zenbait estiloren ukituak ere badituzte. Zerbait begian sartu zait eta Etxera bueltan kantuetan, esaterako, funk eta swing aireak suma daitezke. Etxera bueltan kantuan, hain zuzen ere, bidaiak dituzte hizpide. Azkaiterren hitzetan, Gaizka eta bera oso bidaia zaleak dira, eta bidaiek eskaintzen omen diete kantuak sortzeko inspirazioa.

Azkaiter Peloxek eta Gaizka Azkaratek eskarmentua ez ezik, umorea, gatza eta piperra erakusten dute kantuak jotzean. Ausardiarekin, batere beldurrik eta lotsarik gabe aritzen dira, erraztasun handiarekin, eta musika tresnak ongi menperatzen dituztela eta ederki pasatzen dutela nabarmena da. Beren kantuak gustura entzuten ditut. Diskoan eta jendaurreko emanaldietan.