Alda Facio

"Feminismoak bizitza salbatu dit"

  • “... gehiegi luzatzen diren salbuespen egoeratarako emergentziazko planak”.

Sustrai Colina
2015eko maiatzak 17
Dani Blanco

New York. 1960ko hamarkada bukaera. Emakumeen eskubideen aldeko manifestazioak. Zu.

Mugimendu sineskor bezain idealista bateko kide apasionatua nintzen eta mundua aldatzera gindoazen. Ez ginen haize-alde ari, erakunde askok gutxiesten gintuzten, eraikuntzako langileek jipoitzen... Baina aferak aurrera soilik egin zezakeelakoan geunden. Azken hamarkadek, ordea, atzeraldiak mehatxuka dauzkagula irakatsi digute, gutxi behar dela lorpenak komunetik behera botatzeko. Zentzu horretan, orduko feminismoa argiagoa zen, gardenagoa. Mugimenduentzako oinarrizko lanabesak izango ziren feminismoen teorien azterketa eta transmisioa genituen xede, ez egileek bakarrik ulertzen dituzten egungo ikerketa elitistak. Hanka-sartzea izan da teoria hari mataza askagaitz bihurtzeraino akademizatzea. Edozein emakumek, unibertsitatea inoiz zapaldu ez duten etxeko andreek barne, euren bizitzetan gertatzen ari dena ulertu eta aldatzeko giltzak ematen dituzten lanak behar ditugu.  

Giltzak atea zabaldu eta aurrera egiteko dira, motorra martxan jarri eta abiatzeko.

Oraindik ez gaude aurrerapausoen garaian, “atzera pausorik ez!” aroan baizik. Are gehiago, egiteke hainbeste edukita ia ezinezkoak dira atzerapausoak. Zinez arriskutsutzat gauzkatenean etorriko dira erasoak eta atzeraldiak. Orain arte ez gara inorentzat arriskutsuak izan. Orain aldiz, NBEn estatu batzuek argi eta garbi esaten dute ez dutela gizon-emakumeen arteko berdintasunean sinesten, emakumeek gizonezkoen meneko behar dutela. Gero eta estatu gehiagok azpimarratzen dute pertsona batek agindu behar duela familian, pertsona batek komunitatean, pertsona batek herrian, pertsona batek estatuan... Eta pertsona batek diotenean uler bedi gizon batek. Orain gutxi leporatu zidan Pakistango enbaxadoreak emakumeen aurkako indarkeria feministon asmakizuna zela gizonezkoek jendartean duten posizioa ahultzeko. Orain arte ez zen inor halakorik iradokitzera ausartzen. Orain bai. Zergatik? Arriskutsutzat gauzkatelako eta arriskuak gure baitan gordetzen diren egia mingarrienak azaleratzen dituelako.   

Azaleratu liteke jendarte feminista bat kapitalismoaren baitan?

Kapitalismoa patriarkatuaren seme nagusia den heinean, ez. Patriarkaturik gabeko kapitalismoa ezinezkoa denez, kapitalismoaren eta feminismoaren baloreak kontrajarriak dira. Patriarkatua da munduko lehen dominazio mota. Hala, gizaki batzuk beste batzuen gainetik jaiotzen dira eta euren nagusitasuna bermatzeko sortzen dituzte egitura zein lege guztiak. Hortik datoz gainontzeko desberdintasun guztiak: klase sozialetan oinarrituak, azal kolorearen araberakoak, sexualitateari loturikoak... Gauzak zer diren, kapitalismoaren teorian emakumeok ez gara existitzen, baina patriarkatua bezain sistema anker eta sotila ezingo litzateke mantendu botere guneetan emakumeen inolako presentziarik ez balego. Emakumeek botererik ez dutela edo boterera heltzeko direnak eta bi egin behar dituztela salatzen baduzu, Merkel, Lagarde eta abarren adibideekin jotzen dizute zaplaztekoa.   

Hatzarekin ilargia seinalatu eta batzuek hatza ikusiko dute beti.

Ez dutelako ilargia ikusi nahi! Emakumeek patriarkatuaren baitan dituzten botereak oso gaiztoak dira. Esaterako, amaren boterea. Ama da haurrei kultura transmititzen diena, eta ondorioz, bere buruari harrika eginez, patriarkatua transmititzen duena. Botereak ez dio patriarkala izateari uzten emakumeen esku egoteagatik. Begira Indian, emakume asko eta asko euren amaginarrebek dituzte erailtzen. Ez dute euren mesedetan egiten, ordea, euren semeen alde baizik. Zeharo manipulatzailea baita patriarkatua, emakumeenganako epai irizpide zorrotzagoak inposatzeko bezain ankerra. Costa Rican emakume bat izan genuen lehendakari. Historiako desastre handiena zela zioen jendeak. Egia da desastre bat zela, neoliberal hutsa, baina bere aurrekoak eta aurrekoaren aurrekoak egin zutena egin zuen, ez gehiago, ez gutxiago. Gizonezko agintari bat zitala eta zikoitza izan daitekeela onartuta daukagu, emakume agintari zital eta zikoitza historiako desastre handiena da.  

Giza-harremanak, jendarte antolaketa, hizkuntza auziak... Dena da boterea?

Botere harremanak daude gaitz guztien oinarrian. Hala, botere harremanak aztertu eta ulertzea ez da sare bat nola ehuntzen den ikertzea soilik, nork eta noren mesedetan saretzen duen agerraraztea baizik. Gaia zentzuz lantzen duen edonor jabetuko da gero eta boteretsu gutxiago dagoela gero eta botere gehiagorekin. Esaterako, Carlos Slim enpresariak nire herrialdeak baino diru gehiago du. Ondorioz, berak erabakitzen du zer egin daitekeen eta zer ez, zer den garrantzitsua, zerk duen lehentasuna, zer inportatu daitekeen,nolako lan baldintzak behar diren... Gizon horrek demokraziaren itxura guztiak zainduko ditu, baina nirea bezalako herrialde txikietan doministiku batekin alda dezake legea. Okerrena da miretsia dela, jende xeheak gurtua, eta aurpegia garbitzeko fundazio bati limosna ematea aski du heroi bihurtzeko. Horretaraino erotu da mundua. Nola uler daiteke, bestela, norbanako baten aberastasunak mugarik ez izatea? Pertsona batek legez ez luke hein batetik gorako dirutzarik ukan behar. Hori azaltzean, alta, ikasleak asaldatu egiten zaizkit, erotuta dagoena ni naizela diote.

Nolakoa litzateke mundua emakumeek pentsatua balitz?

Oso ezberdin ikusten da mundua noizbait norbait zaintzea tokatu bazaizu. Mundu patriarkatuan monumentuak egiten zaizkie gerran hil direnei, baina ez etorkizuneko belaunaldiak bizirik mantendu dituztenei. Horregatik, ziur nago mundua emakumeen esku utzi balitz, zaintza baloratuagoa eta oinarrizkoagoa izango litzatekeela denon bizitzetan. Orain arte asko arduratu gara produkzio materialaz, baina oso gutxi erreprodukzio humanoaz. Oraindik orain, haur bat ekarri eta hezteak parentesia edo eten bat suposatzen du askorentzat. Are okerrago, patriarkatu kapitalista honek zaintza lana tuntunen lana dela sinetsarazi digu, garrantzitsua karrera bat atera, dirua irabazi eta gailu elektroniko andana edukitzea dela. Hori ezin da legeekin soilik aldatu, mentalitate eta jarrera aldaketa behar da. Jakina da lapitzak ez duela nobela idazten, baina arkatzik gabe ez dago nobelarik. Erabili beharreko lanabesak dira legeak, zapaltzaileak diren neurri berean izan baitaitezke askatzaileak.   

Diskriminazio positiboaz ari zara?

Hainbesteko desberdintasunak ez dira berez berdintzen, kanpotik eragin beharra dago. Esaterako, Amerikako Estatu Batuetan, diskriminazio positiborik gabe ez legoke zurien eta beltzen arteko berdintasunik. Diskriminazio positiboak berdintasuna azkartu egiten du, bidea sasiz garbitu. Arazoa da diskriminazio positiboak posizio pribilegiatuan edo boterean daudenen aurkako neurriak direla sinetsaraztea lortu duela sistemak. Costa Rican, 1982an, kongresuaren %50a emakumezkoa izan zedin kuotak exijitzen hasi ginenean, “dena nahi duzue!” leporatzen ziguten. “Dena ez, erdia bakarrik” erantzuten nuen nik, baina dena edukitzera ohituta dagoenari erdia laga beharra dena uztea iruditzen zaio. Nola ulerrarazten zaio gizonezko bati egin dezakeen onena bere lekua uztea dela? Berdintasunean zinez sinestea pribilejioak askatzea da, munduarentzat hobea dena zuretzat ere hobea dela jabetzea.

Berdintasun ezak indarkeria dakar.

Eta gizon-emakumeen arteko berdintasun ezak genero indarkeria. Misoginia dagoeno, batzuen biziak besteenak baino gehiago balio dueno, ez dago miraririk. Noren heriotzekin zabaltzen dira albistegiak? Zergatik dira batzuen heriotzak beti hamabosgarren albiste? 50 shades of Grey filmean erotizatzeraino naturalizatzen da indarkeria. Kasualitatea, lege batzuek biolentzia debekatzen eta zigortzen dutenean bihurtu da erotikoa indarkeria. Patriarkatua etengabe moldatzen da egoera berrietara. Legeek traba egiten diotela? Indarkeria kamuflatzen saiatzen da emakumeek txartzat har ez dezaten. Zenbat aldiz entzuten da “maite nauelako jotzen nau”? Patriarkatuak ez ditu alferrik 7.000 urte. Badaki azalberritzen, badaki dena aldatzen denak berdin jarrai dezan. Emakumearen biziak, ikusmoldeak eta ekintzak gutxiago balio dutela da aldatzen ez den bakarra. Horregatik ez dute legeek sekula emakumea behar bezala babesten. Horregatik eragin behar da heziketan eta kultura aldaketan.  

Behetik gora etorriko da aldaketa?

Aldaketa emango bada, behetik gorakoek eta goitik beherakoek norabide berean bultza behar dute. Printzipioz, ideala litzateke aldaketa behetik gorakoa izatea, baina horretarako erakundeek emakume mugimenduak sustatu eta babestu behar dituzte. Esaterako, erakundeei dagokie hedabideei belarritik tiratzea gaia serio landuz estereotipoetatik harago irits daitezen. Noiz ohartuko dira estereotipo horiek direla emakumeen aurkako bortxaren eragile? Adierazpen askatasunaren aurka biraoka aritzea leporatuko didate, baina noiztik da adierazpen askatasuna bizia bera baino garrantzitsuagoa? Zenbat negozio eredu ezkutatzen da adierazpen askatasunaren mozorropean? Noren buruan sartzen da herrialde gehienetako indarkeria matxistari buruzko artikuluetan erruaren zati bat emakumeari egoztea? Horrelako ereduekin ez da harritzekoa jendea “emakume” edo “feminismo” hitzekin berehala enpatxatzea. Dena begi androzentristetatik ikustera ohitu denari, gai hauetan sakontzeak, ezagutzen ez duenari buruz irakurtzeak suposatzen dion nagia eragiten dio. Nik, ordea, patriarkatua desagertzen den egunean soilik utziko diot feminismoaz hitz egiteari. Patriarkatuak emakumeak hiltzen eta zapaltzen ditueno, eta gizonezko askoren bizitza izorratzen dueno, ez dago bakerik.

Justiziari generoaren betaurrekoekin so eginez ikusten da bakea?

Generoaren betaurrekoekin ez da gizon-emakumeen arteko tratu ezberdintasuna soilik ikusten, gizakiaren molde dominatzaileetan ez daudenen aldeko justizia baizik. Noiz pentsatuko du justiziak burokrazia kontuak egitera doanari haurtzaindegia eskaini behar diola? Huskeria dirudi, baina haurra non utzi ez badu, nola jarriko du salaketa emakume batek? Gauza bera legeekin. Oraintsu arte legeek ez zioten deus emakumeen aurkako indarkeriaz, biktimek ez zuten zeresanik auzian. Zergatik? Legeak gizonezkoek egiten zituztelako! Sekulako borroken ondorioz aurrerapausoak eman dira, baina hala ere, oraindik ez daukagu lege idealik, denek dute arrasto androzentrista bat. Horri aurre egiteko ezinbestekoa da emakumeon ahalduntzea. Alabaina, ahalduntzea ez da helburu bat, bide bat baizik. Eskubide baten alde borrokatzeak ahalduntzen gaitu, eskubide hori mantentzeak ahalduntzen gaitu, gure bizitzari buruz guk geuk erabakitzeak ahalduntzen gaitu. Ahalduntzea emakumeon baitako arnas bat da, ez zerutik datorren ezer.  

Arnasa ahalduntzeko, feminismoaz hitz egin beharrean ez al litzateke feminismoez aritu behar?

Inork ez dezala pentsa feminista guztiok sinesmen berak ditugunik, arazoari irtenbide berdinak aurreikusten dizkiogunik. Bereizketarik ezak argi eta garbi frogatzen du gure jatorri, kultura eta mundu ikuskera ezberdinak ez direla aintzat hartzen, ez gauzkatela gizaki bakantzat, oraindik ere 25 emakume 50 titi garela. Arazoa da alde guztietatik garela galtzaile. Gure arteko diferentziak azpimarratuz gero gure artean ezin garela ados jarri nabarmentzen da, eta denak berdin agertuta gure aniztasunari egiten diogu uko. Horregatik da ezinbestekoa iparra ez galtzea, nondik gatozen eta nora goazen argi izatea. Orain urte batzuk nire hitzaldietan aho zabalka egunkaria irakurtzen egoten zirenak kongresuetan adi-adi dauzkat orain, arrazoizko argumentuez gain lehen ez genituen argumentu juridikoak ditugu alde... Feminismoa ez da gauetik goizerako iraultza, baina niri bizitza salbatu dit.

Nortasun agiria

Alda Facio. Genero eta emakumeen eskubideen alorrean nazioarteko aditu nagusietakoa da legelari, idazle eta militante feminista kostarrikarra. CEDAW-ko (Emakumeen aurkako diskriminazio mota guztiak deuseztatzeko batzordea) hizlari berezia da, eta NBEko idazkari nagusiaren emakumeen kontrako indarkeriari buruzko aholkulari izana. Sari anitzen irabazle, herrialde askotan unibertsitateko irakasle, zenbait legeren egile, eta lehendakari eta lehen dama batzuen diskurtsoak idazteaz gain, Sobre patriarcas, jerarcas, patrones, y otros varones eta Cuando el género suena, cambios trae liburuak idatzi ditu.

Azken hitza
Erlijioak

“Munduko bost erlijio nagusienetarik bakar bat ez dago gizon-emakumeen arteko berdintasunaren alde. Are okerrago, oinarrian gizonaren menpeko rola banatzen zaio emakumeari. Hala, argiki aldarrikatuz edo era sotilagoan, denek dute emakumearen gorputza eta erabakia kontrolatzea xede”.

Kanal hauetan artxibatua: Feminismoa  |  Amerika

Feminismoa kanaletik interesatuko zaizu...
2017-08-23 | Xalba Ramirez
Bigarren bortxaketa bat salatu dute Azkoitiko festetan

Hilaren 19an izandako sexu erasoaz gain, 15ean Azkoitiko jaietan beste bortxaketa bat izan zela salatu du Sostenipe talde feministak.


2017-08-22 | Xalba Ramirez
Abortua hiru kasutan despenalizatu egin dute Txilen

Txileko auzitegi konstituzionalak ontzat eman du abortua hiru kasutan despenalizatzeko lege proiektua. Oposizioak hainbat errekurtso jarri ostean hartu du auzitegiak erabakia.


Sexu erasotzailea txosnagunetik bota zutenekoa

Uda honetan gertatu da, Lizarrako jaietan. Porco Bravoren kontzertu erdian, bi emakume oholtzara igo eta mikrofonotik ozen mintzatu zaizkigu: “Sexu erasotzaile bat dago gure artean eta hau denontzako espazio askea eta segurua izatea nahi dugunez, erasotzaileak gunetik alde egin arte kontzertua eta txosnetako jarduna geldituko dugu”.


2017-08-11 | Xalba Ramirez
Protestak antolatu dituzte Bilbon azken hilketa matxista salatzeko

Duela sei urte bikotekide bilbotarraz banandu eta, jaioterrira, Ekuadorrera itzuli zen Paola Moromenacho bere alabarekin, indarkeria matxistagatik salaketa jarri ostean. Bikotekide ohiak hamabost labankadaz hil du Ekuadorren. Atxilotu egin dute eta 30 urteko espetxe zigorra eskatu dute.


2017-08-09 | Axier Lopez
Google-ko 60 bat langilek sexismoa salatu dute, emakumeei gutxiago ordaintzen dietela argudiatuz

Googlen lan egiten duten 60 bat emakume langile multinazional informatikoaren aurkako salaketa judiziala aurkeztea aztertzen ari dira, gaur The Guardianek jakitera eman duenez. Enpresak sexismoa sustatzen duela diote, ardura antzeko postuetan emakumeek gutxiago kobratzen dutelako.


2017-08-08 | Xalba Ramirez
Emakundek 200 kantu ez sexista proposatu ditu jaietarako, horietatik soilik 24 euskaraz

Emakundek herriko jaietan erabiltzeko 200 kantu ez sexisten bilduma osatu du. Soilik 24 dira euskaraz eta horietatik bost dira bakarrik aktibo dauden euskal emakumeenak.


Azken erraketistak, mende hasierako kirolari profesionalak

XX. mendearen hasieran eta erdialdean pilotari profesional moduan aritu ziren hainbat emakume: erraketistak ziren. Asteburuan horietako bi hil dira, eibartarrak. Gero eta gutxiago geratzen dira.


Zergatik bildu eta ikertu emakumeen erailketak

Hego Euskal Herrian lehen aldiz egin da halako datu bilketa. 2010 eta 2015 urte arteko feminizidioak eta erailketak bildu dituzte. Feminicidio.net eta Mugarik Gabek egin dute ikerketa. Erakunde publikoek datuak urri ematen dituzte, ia beti partzialak eta desitxuratuak.


2017-08-04 | Leire Murguialday
Esperantzara kondenatuak

Garaipenik eta galtzekorik gabe kantatzen zuen Garik duela urte batzuk, eta hala bizi dute emakume gehienek haien errealitatea El Salvadorren. Bizitzak ezer gutxi balio duen herrialde honetan, zer esanik ez baliabide urriko emakumeenak.


2017-08-03 | ARGIA
Elkarretaratzea deitu dute Baionako bestetako sexu erasoak salatzeko, tartean bi bortxaketa

Amaitu berri diren Baionako bestetan hiru sexu erasoren berri izan dutela jakinarazi du hiriko prokuradoreak: bi bortxaketa eta ukituengatik hirugarren bat.


ASTEKARIA Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude