argia.eus
INPRIMATU
Ajearen aurkako 2.000 urteko erremedioa
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2015eko maiatzaren 12a
Oxyrhynchus Papyri

Oxirrinko (Egipto) hirian antzinaroko 500.000 dokumentu inguru aurkitu zituzten 1890ean. Papiroetako testuak pixkanaka itzultzen jarraitzen dute mende eta laurden geroago, eta Oxfordeko eta Londresko Collegeko adituek azken itzulpenen berri eman dute berriki.

Duela 1.900 urte idatzitako testu batean ajearen aurkako erremedioa nabarmentzen da.  Alkohol gehiegikerien ondorioak arintzeko, gainera, ez zen ezer hartu behar; nahikoa zen “Chamaedaphne” (Ruscus Racemosus L) zuhaixkaren hostoz egindako lepokoa gainean  eramatea.

Oxirrinkoko papiroetan beste errezeta asko bildu zituzten: hemorroideen aurkakoa, gangrena arintzekoa, haginetako mina saihestekoa... Baina ajearen aurkakoa izango zen ziurrenik praktikoenetakoa, edateko ur eskasiak eraginda, alkohola edatea beste erremediorik ez baitzuten izaten maiz.