argia.eus
INPRIMATU
Zerk gidatzen du inurri talde baten mugimendua?
Joxerra Aizpurua Sarasola 2015eko maiatzaren 05
Sylvain Dubey-CC By

Alemaniako ikerlari talde batek inurri multzoen higidura aztertu berri du, baita ondorio harrigarriak atera ere. Ikerlana The Science of Nature aldizkarian argitaratu dute.
Behatu dutenez, habiatik elikagaiak dauden tokiraino joateko abiadura %50 motelagoa da alderantzizko ibilbidea egiteko baino. Zenbat eta inurri gehiago ibilbidean, orduan eta azkarrago higitzen dira, estropezurik egin gabe gainera.

Halaber, zenbat eta inurri gehiago, zabalagoa da hartzen duten eremua, beti ere helmuga berera heltzeko. Bidean bi inurrik topo egiten badute, une hori informazioa trukatzeko baliatzen dute. Elikagaia aurkitu bitartean ia abiadura konstantean egiten dute ibilbide osoa, baina behin jatekoa atzemanda, habiako elementu guztiak helburu berarekin hasten dira lanean. Lehen banatuta zegoen tropela batu eta ezagutzen ez dugun logika aplikatzen hasten da. Logika horrek ez du zerikusirik gizakiok autobideetan, adibidez, erabiltzen dugunarekin; hor, zenbat eta automobil gehiago, orduan eta motelagoa da abiadura.

Ikerlarien helburu berria da inurrien logika ulertu eta gizakiaren eremura ekartzea.