Sentitzen dut, Varvara anderea

  • Kontzertu Handien Zikloa. Vienako Irratiko Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Cornelius Meister. Bakarlaria: Varvara Nepomnyashchaya (pianoa). Egitaraua: Schumann eta Brahmsen obrak. Lekua: Gasteizko Principal Antzokia. Data: apirilaren 17a.

     

Etengabe sortzen ari dira han eta hemen piano-izar berriak. Seinale ona da, musika mailan mugimendua dagoela nabaritzen da eta talentu gazte bakoitzak ekarpen orijinalak egiten dizkie behin eta berriro entzuten ditugun obra klasikoei. Aldi honetan, Gasteizko Kontzertu Handien Zikloaren barruan, Varvara Nepomnyashchaya pianista errusiarra entzuteko aukera izan dugu, eta, egia esan, ez gaitu axolagabe utzi. Desberdina da, oso, harrigarria, bere jotzeko era, bere jarrera, dena. Erabat garbi ez dudana da hori guztia onerako ala txarrerako den.

Deigarria izan zen lehenengo momentutik bere izaera nerbioduna. Ez zuen urduritasunik adierazten taula gainean, ez zen hori, baina tik-ak zituen, eta, azken batean, deserosotasun punttu bat transmititzen zuen uneoro. Izaera nerbioso horrekin lotuta, arazoak zituen tempoekin. Azkartzeko joera nabaria du Nepomnyashchayak. Kostatu egiten zaio tempoari eusten, eta horrek orkestrarekin koordinatzeko arazoak ekarri zituen. Horrez gain, lehen esan bezala, entzuleen artean nolabaiteko antsietate sentsazioa sorrarazi zuen. Berezia, benetan.

Schumannen Piano eta orkestrarako La minorreko Kontzertua lan imaginatiboa da, rapsodia modukoa, eta Nepomnyashchayaren eskuetatik pasatuta, beste dimentsio bat hartu zuen. Ez du piano joleak soinu bereziki ederra. Esango nuke ez duela cantabile dotorea. Baina musikari azkarra denez, badaki horri buelta ematen, orijinaltasunez. Ez ditu pianistak goiko melodiak nabarmentzen, azpimelodiak baizik. Bere bertsioa entzuten duzunean, ez duzu ohikoa entzuten. Musikaren barruan dituen harmoniak azpimarratzen ditu, eta baxu boteretsuak egiten ditu. Gustatzen zait hori, asko.

Horrez gain, musikalitate fina du errusiarrak, eta horrexegatik Intermezzo. Andantino grazioso bigarren mugimendua ederra atera zen. Orkestrarekin egindako elkarrizketa dotore eta erromantikoa iritsi zitzaigun. Baina Allegro Vivace azkeneko denbora beste kontu bat izan zen. Deskontrolatu egin zuen tempoa, ez zituen modu garbiz adierazi ideia musikalak, eta, laburbilduz, ez zuen biribildu interpretazioa. Pena. Propina bat bota zuen: Chopinen Preludio bat, arraroa, berezia, aldi berean erakargarria.

Saioaren bigarren zatian, Vienako Irratiko Orkestra Sinfonikoak Johannes Brahmsen 2. Sinfonia Re maiorrean, op. 73 eskaini zuen. Boteretsu eta adoretsua. Cornelius Meister zuzendari gazteak makila eta gorputz osoarekin zuzentzen zuen taldea, eta taldekideek zintzotasunez jarraitzen zituzten haren aginduak. Eskuzabala izan zen talde austriarra, bis dezente bota baitzuen: Alberto Ginasteraren Malambo, Straussen polka bat eta Brahmsen dantza hungariar bat. Publikoa, txundituta.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika klasikoa
Distira musikan, zakarkeria ekoizpenean

Zer: OLBEk antolatutako Verdiren 'Rigoletto' opera.
Nork: Bilbao Orkestra Sinfonikoak eta Bilboko Opera Abesbatzak.
Non: Bilboko Euskalduna Jauregian.
Noiz: Otsailaren 23an.

------------------------------------------------

Spoiler: Euskaldunan entzun genuen... [+]


Gorabeheratsua

FITXA
Zer: OLBEk antolatutako Mozarten Serralloko bahiketa (Die Entführung aus dem Serail) opera.
Nork: Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Operaren Abesbatzak.
Non: Bilboko Euskalduna Jauregian.
Noiz: Urtarrilaren 20an.

[+]


Fantasia bat haurrei, musika klasikoaren ardatzean

Haendel, Bach, Mozart, Vivaldi... haurrentzat ere izan daitezke, zergatik ez? Publiko espezifikoa izan ohi du musika klasikoak, baina ate gehiago ireki ditzake antzezlan edo ikuskizun berezi bihurtuta. Euskadiko Orkestraren Musika Gela egitasmoa Pantomima ikuskizuna eskaintzen... [+]


Maite Idirin kantari hilberriari azken agurra egingo diote asteazkenean Angelun

Maite Idirin abeslaria urtarrilaren 20an hil da. Angelun bizi zen, eta asteazkenean 10:30ean izango da ehorzketa meza. Euskal kantagintzaren ahots ezagunenetakoa izan da. Emakumeen eskubideen alde borroka egin zuen bere bizialdian.


Eguneraketa berriak daude