Gurasoek gainditu beharreko azterketa

Finlandiakoa ei da munduko hezkuntza eredu estimatuenetakoa. Edonork onartuko du hori arazo handirik gabe, izan ezkerreko edo eskuineko, izan eredu publiko, pribatu edo kooperatibokoa. Non ote dira gakoak han? Pista batzuk: “Eskola orduak beste herrialde askotan baino gutxiago dira. Txikienek ez dituzte lauzpabost ordu baino gehiago egiten eskolan. Garrantzitsua da eskola orduek ez dezaten egun osoa hartu, eskolatik harago ere bada bizitzarik eta” (…).

“Bakoitzak gara ditzala bere ahalmenak onena den hartan, horixe da oinarria (…) Beste gakoa konfiantza da: unibertsitarioak ez diren mailetan ez dago ia azterketarik, bakarra egiten da bigarren hezkuntza bukatu ondoren, eta ezer baino gehiago tradizioagatik. Azterketekin lortzen den bakarra zera da, lana hauek gainditzera bideratzea, ez besterik; eta gure kasuan, ikasleek zer ikasten duten baino garrantzitsuagoa da ikaste prozesua bera”. Zer gertatzen da horrela? Besteak beste, ikasleen kalitate maila “uniformea dela, arazoak edo emaitza txarragoak dituztenak ez dira zigortzen, mailarik gorena har dezaten laguntzen zaie”.

Hiru hizkuntza ikasten dituzte: finlandiera, suediera eta hirugarren bat. “Horrek ez du emaitzetan eragiten, aitzitik, ikerketa askok erakutsi dute irakaskuntza elebidunak ikaste ahalmena hobetzen duela”. Finlandiako Hezkuntza Kontseiluko kide Leo Pakhin-en hitzak dira aipatutakoak, Nerea Azurmendik El Diario Vasco-n iragan maiatzaren 4an argitaratutako elkarrizketatik jasoak.

Ortozik dabilen txakurrik ere izango da Finlandian, baina badirudi hezkuntza paradisura gerturatzen dela hangoa, batez ere Euskal Herriko LOMCEren azterketen zurrunbilotik begiratzen bazaio. Nafarroan aste honetan Lehen Mailako ia 7.000 haurrek lau egunez egingo dituzte haien espediente akademikoan lehen kalitate marka utziko duen azterketa. Hilean zehar EAEko 30 eskoletan egingo dituzte 1.500 bat ikaslek, era lausoagoan, baina Madrilgo LOMCEren lorratzean edo bestela esan nahi bada “hemengo eran aplikatua”.

Hezkuntza komunitatean LOMCEren aurka dagoen arbuio handia kontuan izanda, hezkuntza agintariek lasaitasunerako deia egin dute EAEn eta Nafarroan. Ez ei da aldaketa handirik Lehen Hezkuntzako 3. mailako lehengo ebaluazio azterketarekin konparatuta, baina derrigor egin behar da; ez ei da garrantzitsua izango espediente akademikoan, baina lehengo 1, 2 eta 3 puntuazioak orain gainditua eta ez gainditua bihurtuko dira. Eta curriculuma? Madrilek finkatzen du, jakina.

Pena da ikustea Lehen Hezkuntzan aurrera egin ahala haurrek, oro har, nola galtzen duten eskola barruko edukiarekiko interesa. Gero eta eduki gehiago memoriaz ikasteko, gero eta etxeko lan gehiago “gazteek diziplina eta ohitura har dezaten”. Arazo akademikorik ez duten etxeetan gaitz erdi, eskolan erdipurdi dabiltzanekin afal aurreko gurutz-bidea.

Zorionez bestelako moldeak ere ikusten dira han-hemenka, bateko zein besteko hezkuntza eredutan, edo eskoletako irakasle eta guraso askoren ahaleginean, edo hauek biltzen dituzten elkarteetan, gero eta parte-hartzaileagoak diren komunitateetan…

Eta zoritxarrez, oraingoz lehia eta edukiaren korrontea handiegia da pertsona, komunitatea eta baloreak oinarrian jartzen dituen hezkuntzak indarrez aurrera egin dezan. PPk datorren legealdian Madrilgo gobernua eskuratzen ez badu akaso erretiratuko ei da LOMCE, baina oraindik ere bestelako hezkuntzarantz abiatzeko azterketarik garrantzitsuenetakoa gurasoen gain da, gurasoen gehiengoa oraindik edukia, etxeko lana eta lehiaren hiruki santuan harrapatua delako.

Ez naiz ni izango legeei garrantzia kenduko diena –batez ere gureak ez direnean–, baina une honetan, praktikoak izateko eta bereziki DBH bukatu artekoan, gurasook baino gehiago egin ote dezake norbaitek gure seme-alaben hezkuntza-heltzeari presioa kentzeko? Hitz egiten ote da hortaz gurasoon artean? Etxeko lanekiko presioaz adibidez, etxeko hizkuntzaz, etxeko egiazko lanez (garbiketa, otorduak, zaintzak...), lehiarekiko kontrolaz... eta, zeresanik ez, Nafarroan bederen, curriculumarekiko etengabeko zuzenketaz? Edo 13 urteko gure milaka gaztek oraindik ikasi behar dute zein oparoa izan zen Espainiaren Amerikako konkista?


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude