argia.eus
INPRIMATU
Gizakion oilarkeria
IƱaki Mendiguren 2015eko maiatzaren 06a

Sekula baino nartzisistagoak garen garaiotan, komeni da gogoratzea nola joan den beheratuz gizakion gandor harroa. Kopernikok erakutsi zigun Lurra ez dela unibertsoaren zilborra (nahiz eta espainiarren laurden batek oraindik uste duen Eguzkia dabilela Lurraren inguruan biraka!), eta egun badakigu gure planeta hauts-mota ñimiño bat besterik ez dela multibertso askoren baztertxo galdu batean. Darwinek erakutsi zigun gizakia ez dela kreazioaren erdigune eta errege, baizik eta eboluzio-prozesu luze baten orain arteko emaitza, eta genetikoki ez gaudela animalia askorengandik batere urrun. Freudek berriz inkontzientearen garrantzia jarri zigun aurrean, pentsa ez dezagun geure egintzen jaun eta jabe garela. Eta Freudentzat berarentzat, aipaturiko hiru aurkikuntza horiek gizakiaren umilazioa esan nahi zuten, gure handiustearen aurkako eraso zuzenak.

Baina baliteke umilazio horiek ez bukatzea hor, zeren eta gaur egun neurozientziaren arloan egiten ari diren hainbat aurkikuntza kolpe gogorrak baitira gizakiaren harropuzkeria zentzugabearentzat. Gehienok, geure buruaren nagusi eta zeharo libre garela uste dugu, ezta? Ba, neurozientziak datu asko ari dira ematen uste horren aurka. Ikerketen arabera, ez dugu egiten nahi duguna, baizik eta egin eta milisegundo batzuk geroago nahi izaten dugu egindako hori.

Biziki gomendatzen dizuet Incógnito. Las vidas secretas del cerebro liburua irakurtzea, eta bereziki 6. kapitulua (Zergatik dago oker planteatuta erantzukizunaren gaia?). Egileak, David Eagleman neurozientzialari estatubatuarrak, dioenez “kontuan izanda gure genetika, gure haurtzaroko esperientziak, ingurumen-toxinak, hormonak, neurotransmisoreak eta nerbio-zirkuitua, hainbeste dira gure kontrol esplizitutik ihes egiten duten erabakiak, ezen esan bailiteke ez garela gu agintean gaudenak” (205. or.).

Gutxienez, zer pentsa asko ematen duen planteamendua da, gure justizia-sistema oso-osoa erabat hankaz gora jartzen duena, delituak egin edo ez egin erabakitzeko norbanakoaren askatasuna baitago kolokan. Ustezko shaolin-aren, Katalunian irakasle bat hil zuen gaztetxoaren, genero-indarkeriazko kasu ankerrenen eta abarren inguruan arinkeriaz aritu aurretik irakurri beharreko testua da. Izan ere, gure ideologia eta aurreiritziak gauza bat dira, eta zientziaren datu gordinak beste bat: Eppur si muove.