Egun bat Bartzelonan

  • Kataluniako hiriburuan izan dira Bernardo Atxaga eta Manuel Rivas, Unibertsitate Autonomoko euskal eta galiziar lektoreek gonbidatuta, Sant Jordi bezperan. Saio bat eguerdian, bestea arratsean. Baina ez ote zen izan continuum bat, goizean hasi eta gaueko ordu txikietan bukatu zena. Noski, lan orduetatik kanpo esandakoak ez ditugu hemen jasoko. Gaua gauekoentzat. Hauek dira egun argitan esan zituztenak.

Euskal Herriko eta Galiziako idazle nagusiak dira Atxaga eta Rivas, baina ez ziren enbaxadore gisa joan Bartzelonara.Oriol Clavera

Atxaga eta Rivas. Rivas eta Atxaga. Bartzelonan. Katalunian. Quim Monzó bakarrik falta zen, anfitrioi, behin eta berriro esan izan den hori errepikatzeko: Espainiako sistema literarioak onartzen dituen idazle periferiko bakarrak, hiru, nazionalitate historiko bakoitzeko bana, elkarren arrimuan. Ez oraingoan literatura periferikoen ordezkari, ez bada elkarri nahi baino arrotzago zaizkion literatura nazionalena. Esan zuen Atxagak, denok uste dugu bizi garen mundua zentrala dela, ez zerbaiten menekoa. Ez dagoela periferiarik, probintzia mailara murriztu nahi gaituztela. Azken batean, zentralitatearen inguruko gatazka dela dena.

Baina literatura nazionalen ordezkari ere, ez dakit bada. Hasteko, ez zirelako etorri enbaxadore lanak egitera. Enbaxadorea osotasun batetik ateratako lagina da Atxagaren arabera, osotasuna ordezkatzera letorkeena. Zer egin, ordea, osotasuna baino, jatorri trinkorik ezean, beste zerbait daukagunean? Zer egin idazlearen figurak, hain zuzen, gatazkatsua beharko lukeenean komunitatearekiko? Rivasen esanetan, gehienera ere, komunitatearen baitako ahots diskordantea izatea da idazlearen erronka.

Biei ere, ordea, nahi bada nahi gabe, egokitu izan zaie euskal eta galiziar literaturen ordezkari papera. Bestela ez leudeke biak Bartzelonan elkarrekin seguruenera. Bestela ez lukete beteko, bete duten bezala, bi saioetako areto bakoitza –enpirikoa da: etorri izan dira beste idazle batzuk–. Madrilek ezartzen duen filtroa pasa duten idazle (ia) bakarrak dira. Biak dira Sari Nazional, Espainiako noski: 1989an Atxaga, Obabakoak liburuarekin; beranduxeago Rivas, 1996an, ¿Que me queres, amor? narrazio bildumarekin. Prisa taldearen babesa izan dute biek –zangotrabaren bat gorabehera–, bide egiteko estatu zabalean.

Lagunduko zuen segur aski estatu horretaz biek ala biek marraztu duten irudiak. Gauza praktikoetara goazen: Zazpi etxe Frantzian ia aldi berean euskaraz, galegoz, katalanez eta gaztelaniaz argitaratu zuen Atxagak. Rivasek A desaparición da neve poema bilduma atera zuen Espainiako Estatuko lau hizkuntza ofizial nagusietan. Eta gaur, gosaltzeko ordura arte behintzat, inork ez du inoiz horri buruzko ezer nabarmendu. Zentzu horretan, hizkuntza desberdinetako literaturen arteko harremana ia ezinezkoa da, Atxagaren esanetan. Eta ez bakarrik ustezko periferiek ustezko zentroarekiko. Itxuraz harrigarriagoa dena: ustezko periferien arteko harreman eza da etsigarriena.

Literaturaz

Baina hitz egin dezagun behingoz gauza serioez. Literaturaz, alegia. Madrilen filtroa pasa izana ez da bi autoreek duten antzekotasun bakarra. Badaude bien literatura zeharkatzen duten lerro batzuk: narratzaile gisa lortu dute sona, baina poeta nabarmengarri ere badira; iragan garaiak harrapatu nahi izan dituzte, adibidez 36ko gerra; behiekiko xera erakutsi dute, Behi euskaldun baten memoriak ahaztezina versus Un millón de vacas gogoangarria; Rivasen Dombodan pertsonaia, ipuin diferentetan agertzen dena, baina beti ezaugarri antzekoak dituena: isila, bere baitara bildua, Bi anai hartako Daniel hura izan zitekeen. Rivasek aitortu zuen, begirada partekatzen dutela, mundua beste begi batzuekin begiratzeko nahia.

Landa lurraz idaztea da seinalatu izan zaien beste antzekotasun bat. Landa bizitzari batzuek atxikitzen dioten estigma klasista errefusatu zuen Atxagak. Rivasek gehitu zuen ikusitako lehen behiak urbanoak izan zirela, Coruñako Montealto auzoko larre batean. Noski hiriaren birmoldatzeak desagerrarazi zuen larrea, eta larrearekin behiak. Nagusitasun ikuspegi bat antzematen die Rivasek errealismo magiko eta antzeko etiketei. Errealismo magikoa baino, nahiago duela berak Max Aub idazlearen definizioa: errealismo transzendentala, alegia, harago joan nahi duena. Eta geografia baino, psikogeografia direla gehiago bere liburukoak, mundu desberdinen nahasteak.

Atxagarentzat espazioa ez da hain garrantzitsua. Zu bertan egiten, oroitzen, sufritzen ari zarena da benetan inportantea. Literaturaren muina xehetasunak direla gehitu zuen, Josep Pla katalanak esandakoaren ildotik. Atxagak bere lanean askatu nahi izan duen korapiloa: gehien ezagutu duen lekua ulertzen saiatzea. Une batean ulertu zuen jaioterria antzinako leku bat zela. Bi mila urtean iraun duen hari bat bazela, telebistaren etorrerak hautsi duena. Biolentziaz hitz egitea ez zetorkion ondo, ez zen bere mundua, baina inposatu egin zitzaion, ezinbestean. Idazleak gauza inportanteei aurre egin behar die, hartara, hori da konpromisoa, kable bat izatea lurrera. Rivasek, bere aldetik, konpromisoaren zera horretan, garrantzitsua dela ñabardura. Eta Miguel Torgak esaten zuela: idazlearen lehen konpromisoa idaztea da. Eta idazten duzun guztiak konprometitzen zaitu.

Eta badago beste leku bat, beste alde bat, ez da bakarrik ikusgarri dena. Poesia saiatzen da beste leku hori bilatzen, dio Atxagak. Rivasentzat poesia da lehen lengoaia, zelula ama. Lehen bertso lerroak gogoratu zituzten: “Tienes los ojos del color del onix, y tu pelo es como el de una morena de Guadix”, Atxagak. Euskaraz idazten hasi zen gero, Bilbora joan zelako. Hizkuntzaren hautuari dagokionean, aitaren gorbatarena gogoratu zuen Rivasek: estuagoa gorbata, hobeto hitz egiten zuen gaztelaniaz. Amerikana bana bai, baina lepoa estutzen zien gorbatarik gabe azaldu ziren biak Bartzelonara.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Literatura
2024-04-21 | Reyes Ilintxeta
Elisabeth Pérez. Sorkuntzaren defendatzailea
"Adimen Artifiziala etorkizuneko tresna ei da, baina bere funtsa iraganeko sormen lanak lapurtzea da"

Martxoan Iruñean egin zen liburu denden kongresuan ezagutu nuen Elisabeth sortzaileen lana pasioz defendatzen Adimen Artifizial sortzailearen aurrean. Handik gutxira elkarrizketa egiteko gelditu ginen Bolognako Liburu Azokara eta Kolonbiara joan aurretik. Aitortzen dut... [+]


Mamu bat gure artean da

Eguzkiarekiko gertutasunak moldatu egin ei du Lurrak duen abiadura, eguzkia inguratzeko mugimenduan. Beste abiadura batzuk ere badira, ordea, eta balirudike lurraren abiada gero eta azkarragoa dela edo, bederen, aldaketak etengabean ditugula orpoz orpo jarraika. Egoera honetan,... [+]


Euskal Herriaren lehen atlas kartografikoa osatu dute

Ramon Oleagak eta Jose Mari Esparzak egina, 300 mapa dakartza Imago Vasconiae izeneko bildumak eta Interneten ere kontsultagarri dago. Euskal Herriaren historiaren bilakaera irudikatzeko eta "ikerketarako jatorrizko materiala izateko" ezinbesteko tresna sortu dute... [+]


Autorrealizazioa irakasgai

Irakaskuntzan "aniztasuna" aski ezaguna den kontzeptua da, eta irakasleok (ez zara harrituko Bestiak liburutegian ere irakasleak badaudela jakitean) aniztasuna bermatzeko, askotan, ikasle talde heterogeneoak egiten saiatzen gara. Baina badugu desberdinen arteko... [+]


Gorputz hotsak
"Literatura izan da tristezia ulertzen lagundu didana"

Erantzunik gabeko galderez inguratuta eta “tristezia sakona” sentituz bizi izan da Daniela Cano. Artista kolonbiarra da, eta pandemia betean Madrilera ihes egin behar izan zuen Kolonbian mehatxatuta zegoelako. Arteaz, bereziki literaturaz baliatzen da erantzunak... [+]


Eguneraketa berriak daude