Osasungintza publikoa babesteko 3.000 lanpostu eskatzen dituzte

  • Osakidetzako zuzendaritzaren eta sindikatuen arteko gatazka ez dago konponketatik hurbilago iazko udazkenaren hasieran zegoena baino. Hedabideen aurrean elkarri arduragabekeria leporatzen diote batzuek eta besteek; negoziazio mahaian, berriz, hutsaren hurrengoa negoziatzen da. Ez dirudi jendartean ia oharkabean igaro den eta gutxieneko zerbitzuei buruzko eztabaida latza piztu duen 48 orduko grebak aldaketa handirik eragingo duenik.

Monika del Valle /Argazki Press

“Mobilizazio ziklo bat itxiko dugu gaur; Osakidetzaren esku dago etorkizunean gehiago egitea edo ez”. Pello Igeregi ELAko kideak joan den apirilaren 24an esandako hitzak dira, Osakidetzan ordezkaritza duten sindikatu guztiek deitutako manifestazioa –ez oso jendetsua; 2.000 inguru langile– abiatu baino minutu batzuk lehenago. Bigarren greba eguna zuten.

Esanguratsua da manifestazioaren buruak eraman zuen pankarta orain dela urtebete inguruko mobilizazioetan erabilitakoaren berdina zela, akaso bera. Ordutik hona egindako Osakidetzako Mahai Sektorialeko bilerek ez dute fruiturik eman, bistan dena. Langileen ordezkarien funtsezko eskari gehienei muzin egin die Osakidetzak, eta egindako eskaintzak onartezintzat jo dituzte sindikatuek. Hala, 48 orduko grebarako deia egin zieten Osakidetzako langileei, apirilaren 22ko gaueko 22:00etatik hasita.

Lau egun lehenago, apirilaren 18an, hedabideen aurrean azaldu ziren Osakidetzako zuzendari nagusia, Jon Etxeberria, eta giza baliabideetako zuzendaria, Jose Maria Armentia, greba deialdiaz beren iritzia plazaratzeko asmoz. Sindikatuek hartutako bidea neurrigabekotzat jo zuten, eta adierazi zuten Osakidetzako lan baldintzak Espainiako Estatuko beste osasun zerbitzu batzuetakoak baino hobeak direla.

Sindikatuen zenbait eskari, asteko 35 orduko lanaldia berreskuratzea esate baterako, une honetan ase ezinak direla esan zuten Etxeberriak eta Armentiak. Nolanahi, Osakidetzak hilabeteotan egindako eskaintza ona dela defendatu zuten, eta kritika egin zieten sindikatuei, aintzat ez hartzeagatik. Izan ere, azpimarratu zuten baldintza okerragoetan lanean ari diren Espainiako Estatuko autonomia erkidegoetan grebarik ez dela egiten, eta EAEn, aldiz, bai.

Arrazonamendu horren ifrentzua Iñigo Garduño CCOOko kidearen ahotik entzun genuen, apirilaren 24ko manifestazioa amaitutakoan: “Osakidetzak eta Darpon [Osasun] sailburuak ez dituzte langileak begirunez tratatzen; argitu dezatela zergatik osasungintzan ez den egin administrazioaren beste arlo batzuetan egin den ahalegina, Madrildik datozen murrizketak saiheste aldera”.

3.000 lanpostu sortzea eskatzen dute sindikatuek

Osakidetzak eta sindikatuek negoziatzeko borondaterik eza leporatzen diote elkarri. Bi aldeak ez dira ezertan ere ados jarri gatazka hasi zenetik, baina arrakala handiena, zalantzarik gabe, langileen ordezkarien eskari nagusiari dagokio: gutxienez 3.000 lanpostuko lan-eskaintza publikoa egin dezan galdegiten diote Osakidetzari. Osakidetzak erantzun du 1.000 lanpostu inguruko eskaintza egingo duela. Baina horietatik 500 bat baino ez lirateke berriak, LABeko Edurne Agirrek dioenez, “gainerakoak erretiroak ordezkatzeko dira”.

Azken urteetan Espainiako Gobernuak ezarritako murrizketen ondorioz, Osakidetzako 26.000 langile finkoen lanaldia handitu egin da; batez beste, urteko 1.592 ordutik 1.614ra. Horrekin batera, behin-behineko langileen kontratazioak –bajan edo oporretan daudenak ordezkatzeko, sasoi jakinetan zerbitzua indartzeko…– gutxitu egin dira. Lehen bederatzi hilekoak ziren lanaldiak orain ozta-ozta iristen dira hilabete bat edo bira, Edurne Agirreren hitzetan.

Sindikatuen kalkuluen arabera, era horretan galdu den lanpostu kopurua 3.000 ingurukoa da. Iazko irailean Deloitte enpresak Osakidetzari egindako auditoriaren emaitzak bat egin zuen kalkulu horrekin: 2012 eta 2013 bitartean 1.500 lanpostu galdu zirela ondorioztatu zuten. Galera horrek, eta langile finkoen lanaldia luzatzeak, Osakidetzak eskaintzen duen zerbitzuaren kalitatea gutxitzen duela diote sindikatuek.

“Lan ordu kopurua handitzeak 3.000 lanpostu suntsitu ditu, itzul diezagutela lehengo lanaldia”, aldarrikatu zuen Edurne Agirrek apirilaren 24ko manifestazioaren amaierako ekitaldian. Osakidetzak, esan dugu dagoeneko, ezinezkotzat jo du eskari hori betetzea gaur-gaurkoz. Langileek ulerberagoak izan beharko luketela dio zuzendaritzak; funtzio publiko osoaren egoera zein den kontuan har dezatela, eta ez daitezela izan hain berekoiak. “Gure eskakizunak oinarri-oinarrizkoak dira”, Agirrek emandako erantzuna.    

Eskakizun horietako bat bajagatiko ordezkapenei dagokie. Gaur egun, Osakidetzako behargin batek baja hartzen duenean, zazpigarren egunera arte ez da harentzako ordezkorik kontratatzen. Ordezkapena lehen egunetik egin dadin nahi dute sindikatuek; zuzendaritzak laugarren egunetik aurrerakoa eskaini die. Gai horretan ere, gainerakoetan bezala, ez da akordiorik aurreikusten epe laburrean.

Oso baldintza zailetan egindako greba

Zaila da 48 orduko grebak izandako inpaktua baloratzea, baina esan daiteke jendartea, oro har, ez dela biziki ohartu. Osakidetzako zuzendaritzak emandako datuen arabera, langileen %9,4k egin du bat sindikatuen deialdiarekin; Bizkaian %11,8k, Gipuzkoan %7,6k eta Araban %6. Iturri beretik jakin genuenez, sendagileen %4,7k, erizainen %10,1ek eta gainerako langileen %13,2k egin zuten greba.

Parte-hartze kopuru baxua bere posizioaren aldeko argudio modura aurkeztu du Osakidetzak; sindikatuen arduragabekeria nabarmendu nahi izan dute gaiari buruz egindako agerraldietan. Sindikatuek, berriz, grebari boikota egitea aurpegiratu diote zuzendaritzari, eta onartezintzat jo dituzte inposatutako gutxieneko zerbitzuak. Baldintza horietan taxuzko baloraziorik egin ezin zitekeelakoan, uko egin zioten parte-hartze datuak emateari, eta besterik gabe lortutako emaitzengatik poza agertu zuten.

48 orduko lanuzteak iraun bitartean, greba eskubideari jarritako trabak salatzeari eskaini zizkioten indarrak sindikatuek, mobilizatzeko arrazoiak haizatzeari adina. Adibide modura, esan zuten grebako lehen egunean larrialdietako langile guztiak behartu zituztela lan egitera, asteburuetan batzuek jaia izaten duten arren. Era berean, salatu egin zuten gaueko txandan ospitaleetako erizainen %100 lan egitera behartua izan zela, eta goizekoan 100 erizainetik zortziri baino ez diotela baimena eman greba egiteko.

Galdakao eta Basurtuko erietxeetan, Bizkaian, sindikatuetako ordezkariek Lan Ikuskaritzari deitu zioten, zentro horietako zuzendaritzak greba egitea eragozten ari zirela salatzeko. Eta bi egun horietan premia larriko ebakuntza kopurua inoiz baino handiagoa izatea “kasualitate handia” izan zela adierazi zuen, ironiaz, CCOOko Iñigo Garduñok.

Osakidetzak nahi bazuen herritarrok grebaz ez ohartzea, helburua bete duela esan beharko da. Haatik, askoz zailagoa izango du EAEko osasungintza publikoaren arazoak konpontzea. Itxura osoz, aurrekoa bezain gatazkatsua izango baita joan den ostiraleko manifestazioa amaitzeaz batera hasitako ziklo berria.

Zenbat irauten dute itxarote-zerrendek benetan?

Iazko urriaren 5ean argitaratu genuen Gatazkarako sendabiderik ez oraingoz erreportajean, iragarri genuen murrizketen ondorioak nabaritu egingo zirela hainbat arlotan. Besteak beste, espezialitate batzuetako itxarote-zerrendetan. Osakidetzako zuzendaritzak adierazi du itxaronaldiak ez direla oso luzeak suertatzen ari, baina datuekin tranpa egiten ari dela salatzen dute sindikatuek.

“Gaixoa lehen arretako sendagilearengana joaten den eguna hartu beharko litzateke itxaronaldiaren hasieratzat”, dio LABeko Edurne Agirrek, “baina ez da hala egiten”. Lehen arretako zentroan ordua eskatu behar da espezialistarengana joateko, baina maiz, hitzordua ez da berehala lortzen. “Traumatologiaren kasua bereziki lazgarria da; lauzpabost hilabete igaro daitezke medikura lehen aldiz zoazenetik espezialistarenganako ordua ematen dizuten arte”. Agirrek dio Osakidetzak dei hori egiten duen egunean hasten dela itxaronaldia neurtzen, eta beraz, datuak desitxuratzen dituela, zerbitzuaren kalitatea benetan dena baino hobea dela esan ahal izateko.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude