Ondo kudeatutako gaztetasuna

  • Never had control

    The Lookers

    Bloody Mary Records, 2014

Arrazoi osoarekin esan ohi da ez dela gauza bera leku batean edo beste batean jaio izana; horren arabera, gainontzeko pausoak emateko erraztasun edo zailtasun handiagoak izan daitezke. Musikaren alorrean ere kokapenak garrantzi handia du eta hain saturatuta dagoen eszenan ezagutzera emateko eragina du. Ziburuko The Lookers taldeak, berriz, halabeharrez apurtu ditu mugak eta Bloody Mary disko denda eta plataformaren laguntzarekin, han eta hemen bere proposamena plazaratzeari ekin dio azken urteotan gupidarik gabe. Bai, gaur egun atzerriko rock-and-roll, punk-rock eta garage talde askoren emanaldiak zabaltzeko ardura du hirukoteak; baina ez dut oraindik taldearen freskotasunak eta energiak txunditu ez duen rock zalerik ezagutu.

Nico (baxua eta ahotsa), Mikel (gitarra eta koroak) eta Charlie (bateria eta koroak) gazteek osatzen dute The Lookers eta talentua daukate, zinez. Ez zaie ezer zerutik jausi. Are gehiago, egunez egun emanaldi borobilagoak egiten dituzte, energia borborrean dutenak. Seguruenik ez dute ezer asmatu; izan ere, dezente dute hain klasikoak diren punk-rock eta power-popetik, baina iraganeko taldeen estiloa bereganatzeko moduak, berezkoa duten gaztetasun eta freskotasunak eta batez ere berrasmatze prozesuan eta interpretatzean erabilitako energia urduriak txunditu naute.

2012-2013an eman zituzten lehen pausoak –duten adina kontuan hartuta, ezin aurrekaririk irudikatu– eta 2013koak dira beraien lehen bi lanak: It will be Ok/Sally eta Fucking panda EPak. Lan horietan punk-rock eta power-popaz gain, garagea dago presente eta lehen entzunaldian sorpresa gutxi eskaintzen dituzten lan onak izan arren, badira altxor batzuk: Wrong generationek Patti Smithen eta New Yorkeko errespetuzko poesia distortsioarekin ezkontzen ditu maisuki; eta The signek laukotearen marka den kutsu malenkoniatsu, itsaskor eta ustez behartua batzen ditu. Eta We are stupidek mahai gainera ekartzen digu taldeak kantua handitu-handitu eta biderkatzeko duen gaitasuna.

Birritan ikusi ahal izan ditut zuzenean: batean New Christs handien gonbidatu gisa emanaldi oso txukun eta intrigazkoa egiten; eta bestean, beraiek bakarrik aritu izanagatik jostatzeko askatasuna hartuta agertokitik metroak gora altxatzen eta emanaldi itzela eskaintzen.

Zuzenean taldeak eman ahal duena jasotzeko asmoz, diskoetxe bihurtu da Bloody Mary disko denda eta 10 hatz beteko Never had control diskoa argitaratu du, lau kantuz osatua. Disko honek ez du hirukoteak gau on batean agertokian eskaini dezakeen guztia erakusten, baina bai, ordea, horren arrasto nabariak. Diskoari izena ematen dion Never had control piezak power-pop onenetik –Buzzcocks–, post-punk-etik eta surfetik asko dauka; Higherek Rollingsen hastapenetatik abiatuta, 77ko punk-rock eta power-pop jostarienetik edaten du; Timek basatitik eta melodikotik, bietatik du, beti ere gitarra makur-makurrekin; eta Like anyone else power-pop oso-oso energetikoa da.

Baina talde honekin alferrik da agertokian transmititzen dutena hitzetan jartzea: hain zuzen ere, energia tonaka, hil ala biziko nerbio eta urduritasuna, iraganeko taldeen esentzia sinesgarritasunez jasotzea, eta batez ere hirukotea izanda taldea eta kantuak biderkatzeko berezko gaitasuna bere horretan aurkitu beharko duzu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Diskoak
2022-11-27 | Iker Barandiaran
Bizi(g)arria

Harritu nau –zentzu onean– proiektu berri honek. Adiera edo zentzu asko ditu hitzak eta Bergaran Aitor Aldanondok harri baten inguruan sortutako honek baditu hainbat. Urteetan hartutakoa –bizitakoa– nolabait atera nahi izan du lan honetan.

Ibilbide... [+]


2022-11-20 | Xalba Ramirez
Zintzo izatearen fantasia

Eñaut Elorrietaren inguruko dokumental bat egin zutela-eta, Tabakalerara gonbidatu ninduten orain bizpahiru aste. Gustuz hartu nuen lagunarteko estreinaldirako gonbita, baina zinema aretora hurbiltzean jende asko hasi nintzen topatzen; hor Paul eta Itziar, hor Sarri, hor... [+]


2022-11-06 | Iker Barandiaran
Katuek baino ertz gehiago

Batzuetan elementu asko elkartu behar dira aurreikusi ez duzun emaitza bat ateratzeko. Hori gertatu da nolabait Gernika eta Bermeo artean sortutako Feline taldearekin. Primeros Auxilios punk taldeko Iñaki Baini-k etxean elektronikarekin jolasteari ekin eta maketa batzuk... [+]


2022-10-30 | Xalba Ramirez
Gustuko lautadan nekerik ez

"Hemen, errebelazio bat bezala, espazioa eta denbora argiago ikusten dira". Miren Narbaiza bueltan da berriz, eta eskerrak. Eszenak eman duen kantugilerik berezienetako bat da Narbaiza. Kanta berriak nola gobernatzen dituen ikustea besterik ez dago.

Zeren, sortzaile... [+]


2022-10-16 | Iker Barandiaran
Bi altxor eta sorleku bakarra: Buenawixta

Asko poztu nintzen Artza anaiek diskoetxe berria abiaraztearekin bat Barrakos-en maketa –non erosiko nuen, Boga tabernan?– berreskuratu eta biniloan ateratzeko asmoa zutela jakitean. Izan ere, aipatutako maketa –1990koa– gure musika historian oharkabean... [+]


Eguneraketa berriak daude