Lurrean ezin bizi eta itsasoan hil behar

Gogorra eta, batez ere, oso deserosoa egiten zaigu albiste batzuk entzutea. Hobeto esanda, gogorra da jakitea. Planeta osoan pertsona gehiegi sufritzen ari dela jakitea; gure mundua beraientzat “paradisua” dela jakitea –“oraindik irabazi gabeko paradisua” eta ez “paradisu galdua”–; pertsona gehiegik nahiago duela bizia galtzea bizimodua alferrik ateratzen saiatzea baino, euren seme-alabak hiltzen ikustea baino eta, azken finean, euren jaioterrietan jarraitzea baino.

Gogorra egin beharko litzaiguke jakitea, baita ere, ehunka eta milaka pertsona hiltzen direla itsasoan guregana iristen saiatzerakoan eta inoiz ez dugula jakingo zenbat ziren, nortzuk ziren, zer izen zeukaten, zer utzi zuten atzean, zein zeuzkaten zain eta inork inoiz ez duela jakingo zehazki zer gertatu zitzaien.

Gogorra da, noski, irakurtzea, Migrazioetarako Nazioarteko Erakundearen arabera, 2013an 60.000 lagun saiatu zirela Ipar Afrikatik Italiara iristen eta kopuru hau 170.000 lagunekoa izan zela 2014an. Oraindik 2015 urteari buruzko daturik ez daukagun arren, iragan berri egun hauetan gertatutakoari begirada bat ematea nahikoa zaigu zifra horiek guztiz gaindituta daudela ohartzeko. Eta kontuan hartu gehienak, gaur egun, iheslari politikoak direla eta Genevako Konbentzioa aplikatu beharko litzaiekeela, asilo-eskubidea aitortuz.

Gogorra, baita ere, irakurtzea –eta jakitea– hau guztia, edota gehiena behintzat, saihesgarria dela eta bi planotan jar daitezkeela irtenbideak. Zeren eta ikusten ari garen benetako drama honek bi arrazoi garbi ditu: alde batetik, planetako herrialde askotan gertatzen diren pobrezia eta liskar eta jazarpen politikoak; bestetik, Mendebaldeko herrialdeek –Europar Batasunak, kasuan– migrazioekiko hartu duten jarrera.

Gogorra kontuan hartzea gure “paradisuak” daukan ardura hainbat herrialdetako egoeraz: nola jarraitzen dugun lurralde haien aberastasunak ustiatzen eta euren jendea esplotatzen; nola egiten dugun “politika” herrialde askotan eta haiek desegonkortzen –begira, bestela, Libian edota Sirian gertatzen ari dena–; nola murriztu dugun nabarmenki garapenerako lankidetzari eskainitako diru kopurua eta, beraz, lankidetza bera eta herrialde horien garatzeko aukerak.

Gogorra jakitea zer-nolako neurriak hartzen ari diren Europar Batasuneko mugak estutzeko edo blindatzeko, Espainian, Grezian… gure “lurraldeak” eta, batez ere, gure bizimodua eta gure lasaitasuna babesteko asmoz –nola itzuliko diren etorkinak mugetatik “bero-beroan”, giza eskubideen aurka zuzenean doan neurri baten bitartez–. Eta ez da arinagoa jakitea, Amnesty Internationalen hitzetan, drama hau saihesteko edota bere ondorioak murrizteko beharrezkoak izango liratekeen neurri zuzenik ez dela hartzen, hau da, Mediterraneo Itsasoan erreskaterako bitartekoak ez direla mantentzen, posible izan arren.

Gogorra egin beharko litzaiguke ohartzea egoera hau gure zakarkeriaren,  bihozgabekeriaren eta bortizkeriaren ondorio zuzena dela; ez dela posible gure bizimodu pertsonala eta kolektiboa bere horretan mantentzea beste askoren oinarrizko eskubideak errespetatu gabe, eta derrigortuta gaudela gure “paradisu” honen abantailak eta arauak aldatzera.

Gogorra eta injustua egiten zaigu gure seme-alabak lan edo askatasun bila atzerrira joan behar izatea. Pentsa dezagun, une batez, zer izango litzatekeen horretarako euren biziak itsasoan utzi beharko balituzte.

Jasanezinezkoa izan beharko luke denontzat injustizia honek.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude