Kulturak edozer justifikatzen ote du?

  • Ez dago salbatzeko gauza handirik Donostia 2016n Manuel Delgado antropologo kataluniarraren ustez. Kultur hiriburuari buruz hitz egin zuen joan den astean 2016 Desokupatu taldeak gonbidatuta: gaur egun kultura ulertzeko forma nagusia auzitan jarriz, horrelako gertakarien azpian dagoen hiri eredua kritikatu du.

Manuel Delgadok Koldo Mitxelenako hitzaldi aretoa bete zuen kultur hiriburuari buruzko hitzaldi kritikoarekin.G.B.

Donostia 2016ren kontra? Ba bai, jarrera hori edukitzeko eskubidea defendatu du Manuel Delgadok Koldo Mitxelena Kulturunean apirilaren 22an. 2016 Desokupatu mugimenduak ekarri du Bartzelonako Unibertsitateko antropologia irakaslea hitzaldi bat ematera: Kultura aitzakia gisa. Kultur hiriburua eta hirien merkatua. Jakin-mina piztu duela behintzat, duda gutxi. Aretoa beteta dago ekitaldia hasi denerako, lehenbiziko lerroetan bakarrik geratzen dira lekuak libre eta handik entzun diogu esaten Europako kultur hiriburua bezalako ebentoak “dominazio estrategia” baten parte direla.

“Kategoria abstraktuak hedatzen dituzte, edozein esanahi har dezaketenak. Eta beraz, edozer gauza justifikatu”. Kasu honetan, “kultura” da kategoria hori. Eta behin eta berriz edukiz hustuta erabili ondoren, badirudi Donostia 2016ren kontra agertzea “kulturaren kontra” aritzearen parekoa dela. Logika sinplista, bai; baina oso zabaldua eta uste baino eraginkorragoa eztabaida publikoa baldintzatzeko.

Benetan inporta duen galdera, ordea, beste bat da Delgadoren ustez: zer justifikatzeko erabiltzen da kultura? Ohiko susmagarrien negozioak aipatu ditu: etxebizitzen promozioak, interes turistikoak...

Donostia “baketuta” dagoela erakutsi nahi?

“Baina hori badakizue”, jarraitu du. Azkar hitz egiten du, eguneroko bizitzako adibideak eta erreferentzia akademikoak nahastuz, umoreari muzin egin gabe –publikoa bere alde, tarteka egiten dituen bromei barrez erantzuten diote–. Segi: “Donostia bada hiri kulturala dagoeneko”, dio hitzaldira sartu aurretik kalean ikusi duen martxa arrunta deskribatu ondoren. “Agian norbaitek erakutsi nahi du baketutako hiria dela ”.

Bartzelonako hiri-ebentoak Donostiakoekin parekatuz, bi kapitalen dimentsioak eta hirien merkatuan daukaten kotizazioa alde batera utziz osatu du Delgadok hitzaldi osoa, paralelismoak marraztuz. Adibidez, 1992ko Joko Olinpikoekin: “Bartzelonak erakutsi nahi izan zuen kiroltasunaren eta bakearen hiria zela, une hartan Mediterraneoaren beste aldean gertatzen ari zen basakeriaren antitesia. Anti-Sarajevo zela”.

Gerraren kontra, kirola? Beno, ez du hain gaizki ematen belarrira, ezta? Baina ez da gerra bakarrik, edozein gatazka desagerrarazi nahi du hiri eredu berriak bere ustez. Eta “langileen kontra, kultura” esateak melodia itsusiagoa dauka, berbarako. Horren etsenplua etxetik bertatik atera digu, Euskalduna jauregitik. Bilboko eraikinak daukan itxura “aseptikoa, perfektua” aipatu ondoren, gogora ekarri ditu hamarkada batzuk lehenago egunkarien lehen orriak bete zituzten langile borrokak. Leku berdina da, baina ez dago istiluen arrastorik: “Mezua da kulturak irabazi egin diola gatazkari, kulturak balio duela hiriak baketzeko, konfliktoak ezabatzeko. Batzuek betidanik eduki dute helburu horixe”. Detonagailu bat dagoen lekuan, kulturak eragotziko du leherketa, edozein borroka desaktiba dezake, irakasle kataluniarraren iritziz.

Kultura, erlijio laiko hori

Portzierto, erlijio-antropologiako irakaslea da Delgado, nolatan ari da gai honi buruz? Ba, bere esanetan kontua ulertzen dugun moduak badaukalako erlijioarekin zerikusirik. Goazen pausoz pauso: hasteko, zalantzan jarri du zeren arabera erabakitzen den gauza bat kultura den ala ez. “Eremu erabat mistikoa da, pertsona gutxi batzuek esaten dute uneoro zerk merezi duen leku hori okupatzea”.

Ondo. Zer gehiago? “Egoera horretan, artistek bitartekari zeregina betetzen dute, operazio sortzaileen bidez esperientzia abstraktu batzuk biziarazten dizkiote jendeari”. Bale, eta erlijioa? Orain, orain: “Tradizio kristauko teologiaren zeregin bera da egungo bitartekari kulturalena. Plano laikora pasa da jainkoaren graziaren ideia eta pertsonei aukera eman die unibertsoak sortzeko. Horregatik, santifikazio aparatu bat da kultura. Ez da harritzekoa kontzertuek liturgien antza izatea, kulturguneek tenpluena... Kulturak edozer esan nahi du, eta onartzen denez egia bat inplikatzen duela, kultura estatu-erlijio bat da”. Borobiltzeko Karl Marxen remix bat: “Kultura, gaur egun ulertzen den moduan, herriaren opioa da”. Ustez birtuosismo kolektiborako tresna, balore zibikoak modu idealean bultzatzen dituen zerbait, komunitatearen tonu morala altxa behar omen duen zera miragarria. Errealitatetik urrun xamar dago dena, dio Delgadok.

Ihesbiderik ba ote dago?

Itzul gaitezen Donostiara. Ez al dago salbatzeko moduko ezer proiektuan orduan? Ezetz uste du antropologoak. Ez, kultura beste modu batera ulertzen ez bada: “Eta izan liteke beste zerbait, baina bahituta daukaten horiei kendu behar zaie. Kultura egunero dago kalean, denak gara izaki kulturalak. Baina egungo terminoetan, dena prestatuta dago pentsa dezazun zure bizitzak ez duela ezer balio. Eta ni kultura bizitzatik banatzeko edozein asmoren aurka nago”, baieztatu du, planteamendua berri-berria ere ez dela gogora ekartzearekin batera –surrealistek eta situazionistek antzeko zerbait aldarrikatzen zutela, alegia–.

Galdera-erantzunen tartea hasi aurretik entzuleei ironiazko gomendioa: datorren urteko ekitaldi guztietara joateko –“doan izango direla espero dut”–, eta dena pasatzen denean Julio Iglesias entzuteko, arrazoi izango baitu: “La vida sigue igual” (bizitzak berdin jarraitzen du). Kanta berak badauka beste esaldi bat, antropologoak bere tesia indartzeko aproposagotzat daukana: “Siempre hay por quien vivir por que luchar” (beti dago norengatik bizi, zeren alde borrokatu). Eta noski, bere aburuz, horiek ez dira 2016ko programan agertzen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Donostia 2016
Kulturak hiria eraldatu nahi izan zuen urtea

Urteak igaro genituen “Donostia 2016” entzuten. Europako kultur hiriburua, herritarren energia olatua, elkarbizitzaren kultura... Hitz handien atzean, krisiz eta gatazkez betetako prozesua izan zen. Nork ez du oroitzen Odon Elorza eta Juan Karlos Izagirreren arteko... [+]


2016: kultura aitzakia gisa erabili zen urtea?

Atzera begira, inork gutxik uste du 2016ak bere helburu kulturalak bete zituenik. Kontrara, ordutik hona, hiriaren turistifikazio masiboaren erantzuleetako baten moduan ikusten dute askok egitasmoa. Baina zer zioten garaian hiriburutzaren kontrakoek? Izan al du hiriburutzak... [+]


Streisand efektuak ez gaitu zentsuratik libratuko, Donostia 2016n ikusi genuen

Iazko abenduko egun bat izan zen, larunbat goiza. Ahoz aho zabaldutako informazioari esker izan nuen filmaren proiekzioaren berri eta kulturgune batera joan nintzen, Donostian, gauza handirik jakin gabe: zer ikusiko genuen pantailan, sarrerarik ordaindu behar ote zen, zenbat... [+]


Donostia 2016k eragindako diru sarrerek apenas berdindu dute proiektuaren aurrekontua, datu ofizialen arabera

Donostiako Udalak eta Donostia 2016 kultur hiriburuaren zuzendaritzak kalkulatu dute kultur hiriburuak 47,1 milioi euro utzi dituela hiriko ehundura ekonomikoan. Kultur hiriburuaren aurrekontua 46,8 milioi eurokoa zela.


Donostia 2016: amaitu da festa

Azkar pasa da Donostia Europako Kultur Hiriburu izan den urtea ezta? Nolanahi, errepasatzen hasita etorkizunean ere zeresana eman dezaketen gaiak plazaratu dira proiektuaren inguruan. Donostia 2016ri begiratu diogu, Donostia 2017tik.


Eguneraketa berriak daude