argia.eus
INPRIMATU
Hildakoak mediterraneoan
Sorospenaren gainetik migrazioa oztopatzea hobesten denean
  • Astebetean 1.400 lagun inguruk bizitza Mediterraneoan galdu ostean, berriz ere gaitzespen diskurtso hanpatuak entzun dizkiegu Europako mandatariei. Baina betiko migrazio politikari eustea –eta are, indartzea– adostu dute: bide legalen eta sorospenaren gainetik, murru gero eta altuagoak eta sendoagoak eraikitzea, Europa den gotorlekuaren inguruan.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2015eko apirilaren 29a
13 urtean 23.000 hildako baino gehiago (gorriz) eragin ditu Europako migrazio politikak. Egun hauetako akordioek ere ez dituzte aintzat hartu Europan sartzeko bide legalak.
13 urtean 23.000 hildako baino gehiago (gorriz) eragin ditu Europako migrazio politikak. Egun hauetako akordioek ere ez dituzte aintzat hartu Europan sartzeko bide legalak.

Italiak Mare Nostrum programa jarri zuen martxan 2013an eta Mediterraneoa gurutzatu nahi zuten migratzaileak erreskatatzea zuen bere funtzioen barruan. Hilero 9 milioi euro bideratu zituen Italiak programa honetara (Europar Batasunaren laguntzarik gabe) eta 150.000 lagun inguru salbatu zituzten.

EBko hainbat gobernurentzat ordea –tartean Mariano Rajoyren Gobernuarentzat–, bizitzak salbatzen dituen horrelako programa bat pizgarri eta akuilu da migratzaileentzat, Europara bidaiatu nahi izatea sustatzen duelakoan. Ondorioa: Mare Nostrum desagertu eta Triton programa jarri zuen martxan EBk 2014an: Mare Nostrumen herena du aurrekontua, sorospena ez baizik mugak kontrolatzea du helburu eta 1.500 hildako baino gehiago izan da orain arteko emaitza.

Azken finean, 2004an EBk kanpo-mugetako kontrola indartzeko Frontex agentzia sortu zuenetik (Triton programa Frontex-en barruan dago) migratzaileen bidaia eragoztea izan du eginkizun nagusi eta lehentasunezko. Ez alferrik hainbat salaketa ditu Frontexek bere gain, aldamenetik barkuak pasa eta laguntza behar zuen jendeari jaramonik ez egitea leporatuta.

Zer erabaki berri du Europak?

Azken gertakarien ostean, migrazio politikaz hitz egiteko bildu da Europako Batzordea. Triton programa sendotzea adostu dute –hots, kontrola areagotzea–, migratzaileekin trafikatzen dutenen aurkako borroka indartzea, jatorriko herrialdeetan bertan migrazioa eragozteko neurriak hartzea eta bidean “atzemandako” migratzaileak horietara itzultzeko akordioak lortzea. Labur esanda, gerran edo miserian dauden herrialdeetatik ihes egin nahi dutenak haietan jarraitzera kondenatu nahi ditu Europako migrazio politikak –sarri gerra eta miseria horietan esku-hartze nabarmena izan duenean Europak berak–.

Errefuxiatuak Europa osoan hartzeko programa pilotua ere onartu du Batzordeak, baina argi utzi du borondatezkoa izango dela –herrialde bakoitzak errefuxiatuak hartzeko duen borondatearen edo borondate ezaren esku egongo dela, alegia–. Gainera, kopurua ere gakoa izango da. Zenbat errefuxiatu hartzeko prest dago Europa? Urtean 5.000 zioen hasierako zirriborroak, eta horrek esan nahiko luke 150.000 bat kanpoan geratuko liratekeela.

Badaude soluzioak

Kontrol eta traba gehiago jartzeak ez dituela hildakoak gutxituko ohartarazi dute Amnesty International eta errefuxiatuen babeserako ACNUR erakundeek. Azken honen proposamenak dira, besteak beste, itsasoan bilaketa eta sorospena bermatuko duen programa ezartzea, pertsonak erreskatatzen dituzten barkuei ordainsaria ematea, bisatu humanitarioak ateratzea, halako bidaiei ez ekiteko migratzaileei leku alternatibo bat eskaintzea edota Italia eta Greziara iristen diren errefuxiatu siriarrak birkokatzeko ekimena abiatzea. Europan sartzeko bide legalak irekitzea da aldarrikapen nagusietakoa, baina halakoei entzungor zaie EB eta Europa gotorlekua bailitzan babestea da bere filosofia.