Euri urak bilduz ibai agortuak berpiztu dituen gizona

  • Uraren Estokolmoko Saria eman diote Rajendra Singh indiarrari, euri urak kudeatzeko antigoaleko sistemak erabiliz Rajastango herrietan idorteen eragina gutxitu eta agorturiko ibaiak berpiztu dituelako. Utikan urrutiko urtegi handiak: lekuan jasotako eurian datza gakoa. Baserrietako logika bera erabiltzen hasi dira Indiako hiri handietan ere.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2015eko maiatzaren 03a
Marketplace webgunetik hartutako argazkian, Rajendra Singh Rajastango Gopalpura herrixkan eraiki zuten lehenbiziko Johad motako ur biltegia erakusten. Auzolanean hiru urtez lana beltz egin behar izan zuten emaitzak ikusteko. Aldiz, antzinako sistemak zekartzan onurak begien bistan azalduta, hurrengo urtean 45 herri gehiagotan kopiatu nahi izan zuten sistema bera. Euriak lagatako ura lekuan bertan atxikitzeko, sakonuneak erabiltzen dituzte batzuetan, harriz egindako biltegiak bestetan, edo ibaietan ura geldiarazteko hesi apalak trabeskatzen. Ideia bera hiri handietara egokiturik, teilatuetan biltzen da ura eta mota askotakoak izan daitezkeen tankeetan jasotzen. Planteamendu bera egiten du Europarako Joseph Orszaghek Eutarcie sistemarekin. Baina, uraren lekuko kudeaketaren paradigma zahar-berri honek hirien planifikatzaileen burmuinen aldaketa ere eskatzen du. Agintariena legez.

Sendagile adjurveda gisa heldu     zenean 23 urterekin Indiako Rajastan estatura, 1982an, herritarrei entzun omen zien haien arazo larriena osasun zerbitzua ez baina urik eza zela. Rajastan famatua da bere basamortu eta lehorteengatik.

“Tristetu nintzen ohartzean –kontatu du Rajendra Singhek– gizon gazte gehienak joanak zirela herrietatik, eta geratzen ziren bakanak hirietako bazka hobeen bila ihes egiteko ametsetan bizi zirela. Urik ezarekin borrokan etsita alde egin zutenek dena uzten hemen, zaharrak, emakumeak eta haurrak. Albora laga nituen nire mediku asmoak eta ur faltaz okupatzen hasi nintzen, horrela libratu ahal izateko jendeak hainbat gaixotasunetatik”.

Baina ur aferak konpontzen laguntzeko ez zen abiatu lehen munduan bezala herrialde txiroetan administrazioek ezarri dituzten sistemekin lanean. Gaztetan jasotako Mahatma Ghandiren irakaspenen eraginez eta bertako herritar zaharrek uraren kudeaketaz kontatu ziotenari jarraituz, euri urak bildu eta lekuan bertan metatzeko antzinako teknikak erabiltzeari ekin zion.

33 urte geroago, Rajendra Singh Water Man da Indiako jende askorentzako. 2001ean Filipinetako Magsaysay saria eman zioten eta aurten Estokolmoko Water Prize saria.

Honen epaimahaiak nabarmendu du: “Singhek ura berreskuratzeko ahalegin berritzailea egin du, Indiako landa eremuetan ur segurtasuna indartuz, eta irmotasun eta adore bereziak erakutsi ditu behartsuenen bizimoduak hobetzeko ahaleginean”. Jendeek edateko ura eskuratzeko asmoz hasita, laster aurkituko zen eskualdearen arazo ekonomiko eta ekologiko konplikatuei aurre egiten.

Rajastanen Johad deitzen diren aspaldiko ur biltegiak izan dira berreskuratzearen gako nagusia. Ehunka urtez urtegi txikiak antolatu dituzte alderdi haietako sakonune eta erreka-zuloetan, urtean oso egun gutxitan monzoiek suilez botatzen duten euri kopuru handia ahalik eta gehien lekuan bertan metatzeko: zorua zulatu eta inguruan harriz, buztinez eta ahal denaz eraiki hesia, urak ahalik eta gehien iraun dezan bertan, jendeen, azienden, laboreen eta inguruko izaki basatien egarria asetzeko.

Inperio ingelesaren nagusitzearekin hasi ziren baztertzen betiko sistemok eta independentzia ostean administrazio berriko funtzionarioek eten bera sakondu zuten. Ura herrietara bezala hirietara urrutiko urtegietatik eraman behar zen, hodietan barrena, ingeniariek unibertsitateetan ikasi duten ereduan. Sistema zentralizatua, garestia, azpiegiturak jasan behar dituztenentzako kaltegarria, eta oro har... efikazia gutxikoa.

Rain Water Harvesting webguneak nabarmentzen duenez, mundu aberatsean estandartzat jotzen den sistemak Indian ibai eta errekak hondatu eta kutsatu ditu, urtegiak urratzeko herri osoak lekualdatu dituzte bortizki. Gero lurzoruak salinizatu dira eta lurpeko urak agortu.

Ur egarria konpondu beharrean, arazoa okerragotu egin dute urtegi eta hodien bidezko hornidura sistemek eta gaur Indiako leku askotan lehorteak gogorragoak dira duela berrogei urte baino, horrek dakartzan arazo ekonomiko eta gatazka sozial gogorrekin.

Uraren auto-kudeaketa

Tarun Bharat Sangh mugimenduak hedatzen du gaur Rajendra Singhek 1980ko hamarkadan hasitakoa. Famatuak dira hark ehunka herritan urratutako johad urtegiak, baina bestelako eraikin motak ere badituzte.

Asko erabiltzen dituzte, esaterako, kontrol-hesiak , check damm ingelesez: erreka eta ibaietan tarteka hesiak ipinirik, horietan geldiarazten dute ura eurite handietan, ibaia mantsoago jaistera behartuz eta ekaitz laburretan jausitako ura bertan denbora luzeagoz atxikiz.

Putzu, osin eta hesiok abantaila galantak erakutsi dituzte denborarekin. Uholdeak gutxitzen dituzte ibaien beheragoko parajeetan. Eta urari eustean, inguruko herritarren beharrak asetzeaz gain ekosistema osoa hezetzen dute, landareak elikatuz eta horien babesera azienda eta animalia basak erakarriz.

Baina Rajendra Singh berak ere aitortzen du ezusteko handiagoa izan zela Alwar eskualdeko ibai bat berpizten ikustea. Zaharrek aipatzen zuten arren noizbait aspaldi ura eramaten zuela, herritarrek betidanik agorturik ikusia zuten. Hiru urteren bueltan, inguruetako lurpeko akuiferoak berriro urez ase ahala, harri idorren artean ura azaldu zen berriro.

Gaur Singh gizon ezaguna den arren, lehen urteetan ahotik ahorako famak hedatu zituen bere sistemak Rajastan osoan barrena: Alwarreko urmael, presa, osin eta putzuen inguruan nekazaritzarako ura bazen berriro, baso txikiak sortzen ari ziren, ahaztutako hegazti eta pizti basatiak agertzen...

Jal-jameen-jungle” (ura-lurra-basoa) kanpaina baserrietako bizimodua hobetzeko helburuz sortu den arren, gaur da eguna Indiako hiri handietan ere hedatzen ari direna uraren kudeaketarako Singh eta lekuko nekazariek berreskuratu eta egokitutako usadiozko sistemak.

Rain Water Harvesting (Euri Ura Uztatuz) webguneak azaltzen duenez, “eurien ur-uzta da bildu behar duguna. Ez presak eraikitzea haren bidea oztopatzeko; ez lurpekoa zurrupatzea, azpi guztia lehortu arte; ez kanalak eta milaka kilometro hodi eraikitzea. Euria biltzea, hori baizik ez da ura biltzea”.

Indiako kasuan, monzoiek euria ordu gutxiko tartean oparitzen diote lurrari, sekulako zaparradatan. Lehenik uholdeak eragiten dituzte; urak eskapo egindakoan, aste gutxiren bueltan, lehortea berriro. Zaparraden fruituak denboran luzatzea da estrategia, horretarako euri-ura eroritako lekuan bertan bilduz.

Estrategia bera egokitu dute hirietan, Chennai, Bangalore eta Delhiko auzo eta eraikinetako teilatuetatik euriak jasota tanke handietan bilduz. Urtegi eta hoditeria erraldoi karioak soluzio txarra direla ohartuta, teknologia oso bat jartzen da martxan, urak bildu, garbitu,  potabilizatu eta bideratzeko.

Indiako adibideok  badituzte baliokideak munduko leku askotan. Europatik, esaterako, Joseph Orszagh hungariar-belgikarrak euri-ura probesten duen Eautarcie sistema zabaldu du. Rajendra Singhek Rajastanen aurkitu zuena Orszaghek Kongoko Kinshasan topatu zuen. Alegia, euri-ura modurik merke, erraz eta iraunkorrenean erabili beharra, industrializazioak ezarritako kudeaketa baztertuta.

Uraren hornidura eta erabilera auto-kudeatua da proposamen zahar berria. Baina... horrek lekarke herritarren uraren jabe egin diren indar handiek ezarritako egia bakarra urratzea.

Kanal hauetan artxibatua: Uraren kudeaketa  |  Ibaiak

Uraren kudeaketa kanaletik interesatuko zaizu...
Gutxietsitako arriskua

2001ean Jaume Matas Espainiako Ingurumen ministroak Esako presa berriaren lehenengo harria jarri zuenetik, epeek eta aurrekontuek gora egin dute modu geldiezinean, baita presa sostengatzen duen magalaren mugimenduek ere. Herritarren artean ezjakintasuna da nagusi, eta Ebroko Ur Konfederazioaren erantzuna isiltasuna da. Handitzearen benetako eraginak jakin bitartean obrak geldi ditzatela eskatzen du gizarteak, eta eskaera horri batu zaio Nafarroako Gobernua.


2017-03-05 | Reyes Ilintxeta
"Ura urtegietan bilduz gero, haren kontrola galtzen duzu"

Urak dakarrena, urak daroa… baldin eta ur hori urtegi erraldoi batean ez badute biltzen hamaika negozio egiteko.


2017-02-08 | Unai Brea
Egaibarren ur erauzketa handitzeko plan sektoriala baliogabetu dute

Sustrai Erakuntza fundazioak jakinarazi duenez, Espainiako Auzitegi Gorenak baliorik gabe utzi du Jurramendiko Mankomunitatearen ur horniketa handitzeko helburua duen Udalaz Gaindiko Plan Sektoriala (UGPS). Plan horrek inguruko hainbat talde eta udal izan ditu aurka hasieratik, baita Sustrai Erakuntza bera ere. Bat-bateko balorazioan esan dutenez –geroko iragarri dute epaiaren analisi sakonagoa–, Auzitegi Gorenaren erabakiak agerian uzten du Lokizko akuiferotik egiten diren ur... [+]


2016-11-09 | Unai Brea
Lokizko akuiferoan bi ur putzu berri egiteko obrak salatuko dituzte Arartekoaren aurrean

Ega Bizirik elkarteak eta Sustrai Erakuntza fundazioak iragarri dute Nafarroako Arartekoan salaketa ipiniko dutela Egaibar bailaran, Lokizko akuiferotik ura ateratzeko Jurramendiko Mankomunitatea egiten ari den bi putzuen obrak direla eta. Ur erauzketak dagoneko eragiten duen kalte ekologikoa areagotzeaz gain, lanak irregularki egiten ari direla adierazi dute.


"Uraren zergen aurkako kanpaina, mugimendu sozial eta politiko bihurtu da"

Urteak daramatza Irlandak krisiaren ondorio latzak jasaten: hezkuntza, osasun eta zerbitzu publikoetan murrizketak, zor publikoaren ordainketak… 2014an Troikak Irlandari maileguak emateari utzi zion eta horri gobernuak urari zergak ezarri izana gehitu behar zaio. Protesta ugari sorrarazi du irlandar gizartean. 2014an sortu zen “Right2Water” uraren pribatizazioaren aurkako plataformaz hitz egin dugu Brendan Ogle Irlandako sindikalista eta aldi berean “Right2Change”... [+]


Itoitz, debekatuta ahaztea

1996ko apirilaren 6an Itoitzekin Elkartasuna taldeko zortzi kidek urtegiko obren kableak moztu eta presaren eraikuntza hainbat hilabetez gerarazi zuten. 20 urteren ondoren zero gunera itzuli gara.


2016-04-05 | Unai Brea
Lokizko akuiferoaren ustiapena Ega ibaia arriskuan jartzen ari dela salatu dute

Jurramendiko Mankomunitateak hamarkadak daramatza ura ateratzen Lokizeko (Nafarroa) akuiferotik, horretarako kontzesiorik izan ez arren. Ebroko Ur Konfederazioa egoera hori legeztatzeko urratsak ematen hasia da, baina horren aurka daude inguruko herritar, elkarte eta erakunde publiko ugari. Izan ere, orain arte egindako ustiakuntzak kalte handia egin dio Ega ibaiari, eta eman nahi duten kontzesioaren arabera bikoiztu egingo da ateratako ur bolumena.


Ura eten diete 1.130 familiari Bizkaian azken bi urteetan

Zerbitzua ez ordaintzeagatik kendu diete ura familia horiei. EH Bilduk arazoari aurre egiteko proposamena aurkeztu du Bizkaiko Ur Partzuergoko batzarrean, baina Naiz-ek zabaldu duenez egindako proposamena eztabaidatzeari uko egin dio batzarrak.


2015-11-27 | Unai Brea
Lindanoz kutsatutako Oiolako urtegian europarlamentarioak bisitan

Oiolako Urtegiaren Deskonexioaren Aldeko Plataformako kideek ondo ezagun dute Europako Legebiltzarrera joateko bidea. Orain, berriz, hango diputatu biri egokitu zaie Barakaldora bisita egitea: EH Bilduko Josu Juaristi eta Izquierda Unidako Marina Albiol. Biek ala biek gertutik ezagutu dute Oiola.


2015-07-23 | Garazi Zabaleta
Galarazi egin diote Coca-Colaren azpikontrata bati akuiferoen ustiapena

El Salvadorreko Nejapa akuiferoaren ustiapena handitu nahi zuen Coca-Colaren azpikontrata batek. Akuiferoaren gehiegizko ustiapena salatu dute hainbat erakundek, ordea, eta Gobernuak baimenik emango ez diola adierazi du. 


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude