argia.eus
INPRIMATU
Asteroideen aurkako defentsa prestatzen
Joxerra Aizpurua Sarasola 2015eko apirilaren 29a
ESA/Hubble-CC By

NASAko eta Europako Agentzia Espazialeko ingeniariak Italian elkartu ziren apirilean, Lurraren inguruan dauden meteoroideen eta asteroideen portaera aztertu eta arriskua neurtzeko.

Kalkuluen arabera, datozen 100 urteetan Lurraren inguruan dauden milioika gorputzetatik 500 inguru sartu litezke Lurrera. Arriskua txikia da, baina egon badago.

Zer egin, esaterako, 100 metroko diametroa duen asteroide baten aurka? Bi aukera aztertu dituzte ikerlariek: batetik, espazioan oztopoak jartzea, talkaz talka haren ibilbidea aldatzeko; bestetik, asteroidean leherketa nuklearra eragitea.

Bata zein bestea zailak dira, gorputz horien abiadura segundoko hamar kilometrotik gorakoa baita. Momentuz, ikerlariek adostutako lehen gauza meteoroide eta asteroideen ibilbideen jarraipen zehatzagoa egitea izan da. Hipotesi hutsen gainean erabakiak hartzea oso garestia baita.