Aipatzen ez den klabea: EAJ-EH Bildu

EH Bilduk bakegintzan aurrera egiteko aurkeztu duen bide orri berriak badu barrura begirako logika bat eta badu gizarteari begira egindakoa. Barrura begirakoan, 2011tik hasitako urratsetan, eta batez ere Aieteko Konferentziaren bultzadan oinarrituta, EH Bilduk gatazkaren konponbidean jarri zituen bere indarrak.

Funtsean, hiru ardatz garrantzitsu izan ditu ezker abertzalearen jardunak harrez gero: bat, bake prozesuaren bideratzea; bi, 2011ko udal eta foru hauteskundeen ondorioz berreskuratutako esparru instituzional garrantzitsuan jardutea eta berriak eskuratzeko ahaleginean sakontzea; eta hiru, prozesu soberanista elikatzea. Nola josi dena?

Bake prozesua eta esparru instituzionalean egonkortzea –ilegalizaziotik zetorren ezker abertzalea– hobetsi ziren, ETAren amaiera aldebakarrekoa euskal gizartean alde anitzeko elkarrizketa prozesua bihurtuko zelakoan, edo hori lortu guran behintzat. Hiru urtetan bederen ez da lortu alde anitzeko prozesurik. Espainiako PPren gobernua erabat itxita eta erasoan da; PSE bere arazoetan murgildua eta EAJ urratsak emanez, baina presarik gabe ere. Eta euskal gizarteak aurrera egin nahi badu ere, PPren erasoak arbuiatzen badira ere, “hau da bakea” gisako bat ere sustraitzen doa apurka.

Eta akaso bakea horrelako zerbait da, baina ez guztiz, iraganeko mamuak hor izateaz gain, oraindik gatazkaren mina hor dagoelako, bereziki preso eta iheslarien bizkar, baina baita biktimenean ere,  oraindik bide egokian garatzeko oinarri sendo eta partekatuak finkatu barik. Horretan da orain gakoa bake prozesua desblokeatzeko interes handiena duen ezker abertzalearentzat, ea nola uztartzen dituen bakearenak eta beretzat proiektu politiko gisa garatzeko funtsezkoa den proiektu soberanista. Eta badirudi horien uztartzetik datorrela oraintsu aurkeztutako bakerako euskal bidea. Rafa Diezek joan den igandean Berriari emandako elkarrizketaren esaldi honek balio dezake egoera ilustratzeko: “Hari bakarra du bideak, aldaketa politikoa, eta bertan integratu behar ditugu gatazkaren ondorioak”.

Lau esparru zehatzetan aurrera egitea proposatzen du joan den igandean aurkeztutako Bakerako Euskal Bideak: biktimak eta memoria, preso eta iheslariak, armagabetzea eta desmilitarizazioa. ETAren amaieran bakarrik ez, bake prozesuan ere aldebakartasuna aldarrikatzen du, euskal gizarteak egin dezala bere bidea Madrili begiratu gabe.

Presoen eremuan eman daitezke urratsak aldebakartasunetik, batez ere presoek euskal gizarteari helarazi diezaioketen mezuarekin –autokritika–, baina giltza Espainian eratuko den gobernu berriarena da. Zein ote? Lau esparruetatik gaitzena da. Biktima eta memoriaren esparruan ere ezker abertzaleak eman ditzake pauso berriak, batez ere kalteen eta erruen onespenari dagokionez; keinu batzuk ere ikusi dira oraingo proposamenean. Giza eskubideak bermatu beharraz harago, desmilitarizazioa aldarrikapena da batez ere, beste dena aurrera ateratzean epe ertainera bidera daitekeena.

Eta aurrera egin daitekeen punturik garrantzitsuena orain –lehenago ere bai– ETAren armagabetzea da. Indar handia jartzen da armetan eta badirudi urrats handienak esparru horretan emango direla aurrerantzean. Hori litzateke logikoena, gaitza izan arren aurkeztutako lau esparruetatik egingarriena delako, sinbolismo handikoa eta gaur egun euskal gizartea bake prozesuratzeko ezker abertzaleak duen tresnarik eraginkorrena. Eusko Jaurlaritzak bere parte-hartzea eskaini zuen 2014ko amaieran eta ezker abertzaleak ez zuen ondo hartu. Orain ezker abertzaleak eskatzen du Eusko Jaurlaritzaren partehartzea. Proposamenak eta jarrerak egiazkoak badira, topatuko dira moduak.

Egiazki, bake prozesuaren klabe garrantzitsuena zehatz aipatu gabe dago proposamen honetan, nahiz eta lerro artean antzeman daitekeen: EH Bilduk eta EAJk bakegintzari buruzko oinarri bateratu batzuk partekatzea behingoz eta horien ardatzean apurka aurrera egitea. Bakoitza bere gizarte eredu eta proiektu politikoan tinko, baina biak bake prozesua minimo batzuetatik elikatzen. Errail horien gainean euskal gizarteak ere eman ditzake urratsak, bestela nekez. Hori posible ez bada, ahaztu planekin, ez dira eraginkorrak izango. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude