Ur eta harrizko isiltasun hau

  • Itxi begiak. Entzungo dituzu lankidearen atzamarrak ordenagailuko teklak zanpatzen, tap-tap-tap-tap. Inprimagailu nekatuaren arrangura, grrri grrriii. Aparkalekutik atera ezin duen autoaren klaxon ernegatua, piiiiii piiiiiii. Gose den alabaren mugimendu urduriak, ñiki-ñaka ñiki-ñaka. Zarata. Asotsa. Azantza. Orain, ireki berriro begiak... eta ongi etorri isiltasunera.

“Aialako lurra, etzara zu Bizkaia, etzara zu Gaztela, lepoan Orozko, sabelean Losa, zure buruaren gainean dago Bilbo, Bizkaiko itsasoa hurbil dago, sei legoara, Bizkaiko itsaso bildurtua, Aialako lurra, lur odoldua, Luiando, Laudio, Lezama, Amurrio, Untza, jeografia txikia, historia luzea (…)”. Gabriel Aresti, garai batean, egunero etortzen zen trenez, tran-tran tran-tran, Bilbotik Laudioko Maderas enpresara lanera. Ez zen hemen denbora luzez egon, baina ematen du eskualdea eta bertako bizilagunak ezagutzeko aukera izan zuela. Hala erakusten dute bere poema luze batetik lapurtu ditugun goiko lerro horiek. Edo segidan datozen beste hauek: “Hemen, konterri honetan, Aialako lurrean, Arrastaria, Izarra, Gordeliz, Llanteno, Lujo, Beotegi, Larrinbe, Delika, gizonak hiltzen eta lapurtzen du, mesedez, ur lasterrak, lehen garbiak, orain zikinak, eraman zazue itsasora lur honetan gizon urrikariak egiten duen hainbeste gaiztakeria...”.

Ezagun da ez ginela, nonbait, Arestiren gustukoak. Luzea izan daiteke, noski, gure bekatuen zerrenda, baina, akaso, hona hemen guztietan larriena: “Kantabriako itsasora zoazten urak, Altube, Okendo, Nerbion, Aialako lurra, behin euskalduna, orain lur erdalduna, Urkabuztaizetik Laudiora, garbi ezazue, Orduña ere, Gernikari lotua, garbi ezazue Bizkaia Gaztelatik gordetzen duen lurra (…)”.

Jakina denez, mailu bat da Arestiren poesia, eta aiaraldearrok buruan koskor mingarri bat dugula paseatzen gara gure harrizko Aiaraldea isil, umil, zikin eta zinez tragiko honetatik.

Denaren hasiera

Baina has gaitezen hasieratik. Jo dezagun gure buru-bihotzak garbitu behar dituen uraren sorlekura, Gorobel mendilerroaren magalean atseden hartzen duen Delika herri ezkutura. Bertan hasiko dugu ausartentzako ibilbide hau, infernutik bertatik, El Infierno esaten dioten tabernaren ondoan. Urrats batzuk haratago lur azpitik sortzen den Nerbioi ibai jaioberriaren lehenengo negarrak ikusi ondoren, oinetakoak ondo estutu, motxila bizkarreratu eta Urduñako La Antiguako santutegira abiatuko gara, infernutik zerura. Bidean, Tertanga eta haren uraska eta iturri berezia, haritzak, pagoak, lehenengo mahatsondoak, isiltasuna, tarteka isiltasuna urratzen duten behien zintzarriak klon-klon, zeru zabala, tarteka zerua urratzen duten parapenteak sigi-saga eta urduñarrei edaten ematen dien Gartxetako urtegia. Ur libre jaioberriarentzat lehenengo abisua.  

La Antigua edo Eliza Zaharraren santutegia XVIII. mendeko tenplu barrokoa da, Urduñako armarria azalean tatuatua eta atseden-gune eder bat atarian, zerua konkistatu nahi duten zuhaitzen gerizpean. Merezi du, merezi duenez, barrualdeari behako azkar bat ematea, haren handitasunaz jabetzeko. Baina hobe da Jainkoaren deiari entzungor egitea, ibiliari ekin beharko baitiogu segituan. Bide luzea dugu aurretik.

Bide osoan babestuko gaituen Gorobel mendilerrora areago hurbiltzeko unea da. 25 kilometroko harrizko hesi erraldoi hau, Urduñatik Artziniegara, Txarlazotik Angulora, Euskal Herriaren eta Gaztelaren arteko muga naturala da, itxura dotore bezain ankerrekoa. Neguan besterik ez du amore ematen, munduan ia beste inon ikusi ezin daitekeen laino-opil izeneko laino-zirimolak mendean hartzen duenean.

Lendoñogoitira jo behar dugu errepidetik, eta horrek, noski, eguneko lehenengo aldapa gogorren aurrean jarriko gaitu. Esfortzuak, baina, saria dakar oraingoan, La Choza iturriaren zabalgunera iritsi bezain laster ohartuko garenez. Zelai berde luzeak, mehatxuzko begiz so egiten diguten Bedarbide eta Solaiera mendiak, oraindik harri gutxi batzuk zut dituen Goiko Landetako trikuharria eta isiltasun pisua, haizeak firin-faran urratua.

Lendoñogoiti herrira heldutakoan, gorantz segituko dugu, Erdi Aroan merkatari eta saltzaileek erabiltzen zuten Sopeñako errege-bidera iristeko. Galtzada-harri zaharrak oraindik han-hemenka harro erakusten dituen bidetik aurrera, Maroñoraino GR284 mendi-bideari segitzea beste lanik ez dugu izango, beti Gorobelen arnas isila ezkerreko belarri ondoan fiu-fiuuuka dugula. Behin baino ez gara aterako une batez bidetik, Agiñiga herri ezinez dotoreagoa bisitatzeko. Gaztak famatu duen herrian –2014ko urriko azken asteleheneko Idiazabal gazten lehiaketako garailea Agiñigako gazta bat izan zen–, hagin landatu berri batek egingo digu oles herriko plazan.

Berriro GR284ra bueltan, Madariarantz abiatu beharko dugu, bidean behera Gorobel lehenengoz bistatik galduta basoan barrena. Behin errepidera iritsita, laster helduko gara Maroñoko urtegira, mendilerroak babesten duen ur libreen presondegi zital bezain ikusgarrira.

Hogei kilometroko ibilaldiaren ondoren –mendiko bizikletaz ere erraz egin daiteke–, merezi dugu sikiera atsedena. Maroñoko inguru horretan ez da falta gozo afaldu eta lo egiteko landa-etxerik, itzulerari indar berriz ekiteko.

Itzultzea zer konplikatua den

Daitekeen gauzarik zailena omen da itzultzea, ez baita sekula posible hasierako leku berera joatea, beste ur bat baita orain ubide beretik datorrena. Eta gu ere, bideak zailduak, beste bat gara orain. Eta, hala ere, sarritan, itzultzea beste erremediorik ez dugu –sikiera, Delikan utzi dugun autoaren bila–.

Errepidean behera aterako gara Maroñotik Belandiarako bidean, urtegira doan erreketako baten ubideari segika. Laster egingo dugu topo, errepidetik apur bat apartatuta, errota zahar abandonatu batekin, oraindik preso amaituko duela ez dakien uraren iragatearen lekuko mutu.

Belandia pasa, errepidetik portua igo, krix-krix zirtaka ari diren elektrizitate-zutoinek urratutako isiltasunean murgildu eta Lendoñobeitira jaitsiko gara abiada bizian, herri txiki baina zer ikusi ugariko honek erakarrita. Santutegia, eliza, baseliza, ur-presa txikia, errota, 700 urte zahar den dorretxea... Hankei atseden apur bat eman eta errekako uraz eta bata bestearen gainean jarritako harriez gozatzeko parada bikaina izango dugu.

Errepidea atzean utzi eta Lendoñobeitiren gainaldetik Zedelikara eramango gaituen bidexka hartuko dugu orain. Zelaiz inguratuta, begien aurrean izango dugu begirada bakarrean geure egin ezingo dugun haran luze eta zabala. Eta klon-klon, fiu-fiu, firin-faran, zaunk-zaunk, marru-marru, beee…

Zedelikara iritsi aurretik, errepidera aterako gara berriro, eta jaitsiera azkar baten ondoren, ia oharkabean, Eliza Zaharraren santutegiaren arboladia izango dugu begien bistan berriro. Aurreko egunean ibilitako bidea desegitea besterik ez zaigu geratuko orain, beste ia hogei kilometroren ondoren, Delikaraino iritsi, oinetakoak deslotu eta orain beste ur bat dakarren erreka jaioberrian oin minduak hondoratzeko. Infernuaren ate aurrean, ur eta harrizko isiltasunari agur esateko unea iritsi da, orain betiko barruan eramango dugula ohartzeke.

Dagoeneko ez gara, zorionez, atzo ginen zarata eta harrabotsez beteriko pertsona gris haiek.

Bidaiari, itxi berriro begiak. Orain ikusten eta entzuten duzun guztia Aiaraldea da. Ongi etorri. “(…) askotan ikusi dut hemen, elizatik etxera, fabrikatik solora, tafernatik kalera, Aialako gizon gaiztoa, azkenean Jainkoak barkatuko duena...”. Guk, bidaiari, Jainkoaren barkazioaren zain, bide bazterrean itxarongo zaitugu, harri baten gainean jarrita.

Konterri honetan gizonak asko sufritzen du, lanean hari da gogorrik, apenas etzaten da andrearekin, erregular irabazten du dirua fabrikan eta gero soloan makurturik, prestuki bizi da hogei urtean, eta azkenean aire gaizto batek jotzen dio burua eta aita zaharra edo alaba gaztea hiltzen du merke, hain luzaro kario kopetako izerdiarekin mantendu ondoren”. Igual, hobe bidean topo egiten ez badugu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Araba
2024-04-25 | Estitxu Eizagirre
Marta Barba Gassó:
"Tomate hidroponikoa lur faltagatik jarri da eta lur falta monolaborantzaren ondorio da"

Tomateaz tesia egina du Marta Barba-k eta Egonarria saioan Eli Pagolarekin elkarrizketan azaldu du zer den hidroponia teknika. Bere hitzetan, gakoa da aztertzea "noiz eta zergatik" sartu zen hidroponia Euskal Herrian: "Lur arazoak daudelako. Eta lur arazoak daude... [+]


Araban EH Bildu garaile lehenbiziko aldiz

EH Bilduk bi legebiltzarkide irabazi ditu 2020ko hauteskundeekin alderatuta, eta beste horrenbeste galdu ditu EAJk. PSEk zituen laurak mantendu ditu eta PPk bat irabazi. Voxek eta Sumarrek bana lortu dituzte, eta Podemosek ez du ordezkaritzarik eskuratu.


2024-04-19 | ARGIA
Gasteizko Udalak berean segitzen du: 112.000 euro exijitzen dizkio Lazarraga elkarteari

Lazarraga kultur elkarteak jaso du udalaren eskutik 2023ko dirulaguntzaren zuriketaren xedapena: 112.000 euro itzuli beharko ditu. Elkarteak adierazi du “udalaren borondate faltak” Gasteiz Antzokiaren proiektua kolokan jarri duela eta “udalak sortutako... [+]


Larunbatean manifestazioa egingo dute Altsasun: "Trena benetako garraiobide bihurtu dadin"

AHTren kontrako eta trenaren aldeko eragileek deituta, manifestazioa egingo dute Altsasun apirilaren 20an, larunbatarekin, tren-azpiegiturak berritu eta trenen maiztasuna handitzea eskatzeko. Alternatiba bat badagoela gogorarazi dute deitzaileek eta azterketa hori aurrera... [+]


Eguneraketa berriak daude