Ukelele zaleen igandetako zita

  • Lehen begi kolpean jostailuzkoa irudi lezakeen lau sokako eta lepo laburreko  instrumentuak protagonismoa berreskuratu du azken boladan, baita eszenatokietatik kanpo ere. Horren erakusgarri, ukedadak antolatzen dituzte Bilboko ZAWPen, ukelele zaleek taldean praktika hartu eta taldean gozatzeko asteroko topaketak.

Talde giroa eta ukelelea modu informalean jotzen ikasteko aukera bilatzen dute Ukedadetara hurbiltzen direnek.

Kanadan 1960ko hamarkadan musika-irakasle batek proposatu omen zuen, ikastetxe guztiek flauta kendu eta ukelelea jo behar luketela; flauta ahoan ezin daitekeelako abestu eta abestu gabe musika gutxi egin daitekeelako. Hori kontatzen du Marcos Feijook, Bilboko ukedaden koordinatzaile eta ukelele irakasleak.

Hitz gutxitan, ukelele zaleen topaketak dira ukedadak. Bilbon iaz ekin zioten ostiraletan elkartzeari eta aurten igande arratsaldeetako plana bihurtu dute. Kide gutxi hasi arren, taldea apurka handitzen ari da. “Saio batean zazpi lagun egon gaitezke eta hurrengoan hogei. Jende artean jotzea atseginagoa zaienentzat praktikatzea da helburua”, azaldu du Feijook. Horretarako, abestien akorde eta letrak dituzten bideoak erabiltzen dituzte.

2012an “Ukelab” ukelele-laborategia sortu eta hilabete gutxira ZAWP (Zorrotzaurre Art Work in Progress) proiektua ezagutzean bertan klaseak ematen hasi zen Marcos Feijoo. Espazioak ematen dituen aukeren aurrean, ukedadak proposatu zituen –ideia herrialde anglosaxoietatik ekarrita– eta ordutik ZAWPeko “Garabia” pabilioian geratzen dira astero.

Ikasketa informalaren bila

Topaketan parte hartzen duten hainbatek aurretik beste musika-tresnaren bat jo izan dute, eta instrumentuari eskua hartzeko, ordu ugari pasa dute etxean bakarka. Horregatik, talde giroa, era askotako jendea ezagutzeko aukera eta instrumentuaren soiltasunak ahalbidetzen duen ikasketa informala da ukedadetan bilatzen dutena.

Urteetan gitarra jo duen kide batek ukelelearen abantailatzat azpimarratu du nahikoa dela oinarrizko maila hartzea instrumentuarekin gozatzen hasteko. “Zentzu horretan, gitarra baino askoz aukera gehiago ematen du”, azaldu du.

Aitortu dute ez dituztela bereziki jarraitzen ukelelea jotzen duten musika-taldeak, nahiz eta orain arreta gehiago jartzen dioten tresnaren soinuari: “Erreparatzen jarrita, esaterako, iragarki edo pelikuletan giro ona lantzeko erabiltzen da ukelelea, bere soinuak irribarrea ateratzen duelako”.

Musika-tresnaren presentzia areagotuz doala nabaritzen dute eta ez dira tresnarekin entseatzeko elkartzen diren bakarrak. Iruñean mierKuleles izeneko ukelele-topaketak egiten dituzte asteazkenero, eta duela aste gutxi elkar ezagutzeko bilgunea bikoiztu zuten Iruñeko kideak ZAWPera gonbidatuta. Feijooren arabera, “beste musika-tresnekin ez bezala, ukelelearen munduan nahiko hedatuta dagoen egitasmoa baita”.

Olatuaren goraldian

Euskal Herrian Mursego, Mugaldekoak eta Zeze Miege dira azkenaldian ukelelea taula gainera igotzen hasi diren musikarietako batzuk. Atzerrian lehenago hasi ziren noski, eta gorabeherak ere izan ditu musika-tresnaren ospeak.

1880an portugaldarrek Hawaiira eraman zutenetik, ukelelearen presentziak “olatu ugari” bizi izan ditu Feijooren hitzetan. Ordutik, gutxi gorabehera hogei urtetik behin –1900, 1920, 1940 eta 1960ko hamarkadetan– protagonismoa irabazi, eta gero berriz eszenatik desagertu dela dio, egungo olatu berrira arte. Nazioartean jazo den gorakada dela dio, nahiz eta “hemen gitarrari egiten zaion gorazarreak” beste instrumentu ugariri itzala egin.

Krisi ekonomikoak ere ukelelearen boom berri honetan eragina izan ote duen susmoa du Feijook: “Gitarren salmenta jaitsi denean, saltzaileek ukelelea nahiko masiboki bultzatu dute, askoz merkeagoa delako”.

Gorakada orokorra, ordea, Eddi Vedder Pearl Jameko abeslariak 2011n Ukelele songs diskoarekin eragin zuela deritzo. “Horrek ekarri zuen indie edo folk anglosaxoia egiten duten musika-talde gazteek instrumentua benetakotzat hartzea, ez soinu hawaiiar edo exotiko gisa bakarrik”.

Ukeleleak beste mota batzuetako kantuetan ere funtzionatu dezakeela agerian geratzen ari da, eta Feijook dioenez, hori da hain zuzen eurek egiten dutena, estilo guztietatik datozen kantuak joz.


ASTEKARIA
2015eko apirilaren 26a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#4
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2024-04-21 | Iker Barandiaran
Amorrazioa, jarrera eta kantuak

Madrilgo queer mugimenduan kokatzen nuen taldea, eta orain gutxi bere esentzian –zuzenekoan– ezagutzeko aukera izan nuen. Orduan jakin nuen Argentinan jaio baina gaztetan Madrilera joandako Belenek (ahotsa eta gitarra) sortu zuela taldea, eta Mariarekin (bateria eta... [+]


2024-04-14 | Iker Barandiaran
Errekak ez du planeatzen

Garai batean, buruz genekizkien The Dark Knight filmeko Jokerren esaldi guztiak, “kaosaren agentea” zenez gero. Horrelakorik zuen, esaterako, bere jokabidea azaltzeko: “Plan bat duen tipo bat al dirudit? Badakizu zer naizen? Autoen atzetik korrika doan txakur... [+]


2024-03-24 | ARGIA
Korrika: 23 edizioetako kanten bilduma

43 urte igaro dira AEK-k lehenengo Korrika antolatu zuenetik 1980an. Lekukoak egindako ibilbideen, leloen, abestien eta omendutako pertsonen errepasoa jarraian.


Eguneraketa berriak daude