argia.eus
INPRIMATU
Tabako bila
Danele Sarriugarte Mochales 2015eko apirilaren 21

Irakurri berri dudan Hain gutun luzea (Mariama Bâ/Iokin Otaegi) eleberriak zer pentsatua eman dit poligamiaren inguruan, hainbat herrialde musulmanetan tradiziozko praktika den horren harira astindu desexotizatzaile ezin osasungarriagoa eskaintzeaz gain, aurreikus nezakeenaren oso bestelako zerbait aurkitu baitut Bâ-ren nobelan, bigarren ezkontza legezkoa gorabehera, zeharo arrotz suertatu ez zaidan gertaera-segida bat: Ramatulayeren senarra, adin ertainera iritsita, andre gazteago bati lotzen zaio. Ahal duelako, dirua daukalako eta hain zuzen horrek alda dezakeelako andre gaztearen pobrezia-patua.

Ramatulayeren ezkon-harremana ez zen bereziki desastrea, ez emaztea txolin zapaldua, ezta senarra ere munstro misogino bat; aitzitik, komedia erromantiko tradizional baten tankera har zezakeen bikotearen istorioak, aise asko: biak ikasiak eta klase onekoak eta Senegalen burujabetzaren aldekoak deskonolonizazio garaietan, elkar desio eta maite zutelako engaiatuak, gurasoen kontrako iritzi zenbaitzuei aurre eginda. Eta, hala ere, aski ez.

 Tabako bila joan eta sekula itzuli ez zirenen istorio asko etorri zaizkit akordura. Zigarreta-kaxaren eufemismoari beren-beregi egina bezala deritzot, monogamiaren haustea islatzeko, hain justu ere tabakoa orain gutxira arte oso egon delako gizonei lotua, andre askorentzat matxinadazkoa izan delako erretzea, besteak beste hortzak horitu eta edertasun santuari kalte egiten diolako. Baina gogoa makal utzi nau oroitzapen errenkadak, nahi baino andre erretzaile gutxiago agertu zaizkidalako eta tabako eroslearen zain askotxo, osterantzean jende-modu indartsua izan arren umiliazioari zelan erantzun ezin asmatuta, edo ezinduta, besterik gabe, arrazoi ekonomikoengatik, edo seme-alaben mendekotasunagatik.

Ramatulayek bihotz emanda beste tabako istorio bat etorri zaidan arte.

2001. The Corrections eleberria (Jonathan Franzen). Denise sukaldari arrakastatsuak, lan egiten duen jatetxeko nagusi erakargarri, zoriontsuki ezkondu eta pater familias berdingabearekin flirteoan dabilela, horren emaztea ezagutzen du, andre kaotiko eta maitagarri bat, noski Denisez inolaz ere fio ez dena.

Denisek ere ez du sobera gustuko, oztopotzat hartzen du, bere bizitza gainontzean itzelari falta zaion maitale liraina lortzeko oztopo, maitalegaia zalantzati baitabil, ez aurrera ez atzera, nahi duela argi iradokiz baina egiatan ezer egin gabe, eduki badaukan segurtasun epel eta txepela galtzeko beldur, ziurrenik. Denise tipoaren etxean sarriagotan agertzen hasten da, lanaren aitzakian, harraparitzat baitu bere burua, eta bere eskuetan egoera mugimendurik ezetik ateratzea. Baina zenbat eta emaztea sakonago ezagutu, orduan eta jakin-min gutxiago sortzen dio nagusiak, eta orduan eta argiago ikusten du akaso tipoa bera dela harraparia, akaso Denise bera dela tipoaren familia bizitza orbainik gabeari falta zaion maitale liraina. Eta hori bai ezetz.

Azkenean, beraz, emazte kaotiko baina maitagarriarekin endredatzen da Denise, eta txortan sutsu egitera emanda igarotzen dituzte bizpahiru hilabete, sexu-pasarte esplizituak leitzeari lotuta irakurlea hogeitaka orri, emakumeen arteko harreman afektiboak nolabait espiritualagoak direla gezurtatuta, eta konplizitate hori dena haragira ekarrita, atzamar eta mingain aseezinetara.

Pasioaren bestondoan aurkitzen ditu senarrak, artean hatsanka eta larru hutsean, zigarro banari zupaka.